2026-03-19
HomeEmakumeakLangabezia datuen arabera, generoaren eta jatorriaren ondoriozko arrakalak handitu egin dira

Langabezia datuen arabera, generoaren eta jatorriaren ondoriozko arrakalak handitu egin dira

Gaur Biztanleria Aktiboaren Inkestaren datuak egin dira publiko. Hego Euskal Herrian aurreko hiruhilekotik nabarmen egin du gora langabeen kopuruak, 7.300 pertsona gehiago, 122.900 langabetu orotara. Areagotzeak emakumeei eragin die bereziki, orain arteko joera orokorra apurtu delarik.

Datu zehatzak aztertuz, emakumeen langabezia izan da igoera handiena jasan duena aurreko urtetik. Izan ere, genero arrakala handitu da, gizonen langabeziak behera egin duelarik eta emakumeenak gora, 8.900 pertsona gehiago, hain zuzen ere. Eta aldea handitu egin da langabezia tasari erreparatuta, gizonena %8,5 eta emakumeena %9,6. Lan kontratuen kopuruak, orokorrean, behera egin du emakumeen artean, 17.700 gutxiago baitira orain. Lan kontratu mugagabeek gora egin duten arren, ez da nahikoa izan suntsitu diren behin-behineko kontratuak ordezkatzeko. Hala ere, Nafarroan orokorrean emaitzek bide onean jarraitzen dute.

Bestetik, langile migratuen langabezia tasa izugarria azpimarratu behar dugu, tasa orokorraren (%10,09 Nafarroako Foru Erkidegoan eta %8,66 Euskal Autonomia Erkidegoan) hirukoitzera iritsi baita hiruhileko honetan (%37,33 eta %28,27, hurrenez hurren). Langile migratu -eta kasu askotan arrazializatuek- pairatzen dituzte lan merkatuaren ondoriorik ankerrenak: esplotazio maila altuenak, lan prekarioak eta langabezia zein pobrezia tasa altuenak ere bai. Maiz, lan baldintza horiek legez kanpo egon arren, atzerritarren legearen ondorioz gertatzen den errealitatea da, kapitalak esku-lan merkea baliatzen baitu irabazi handiagoak metatzeko.

Epe luzeko langabeziari dagokionez, azken urtean langile gutxiago daude egoera horretan, urtebetez edo gehiagoz lan bila. Hala ere, azken hiruhilekoaz geroztik gora egin du, eta joera aldaketa ekar dezake. 2021aren bukaeran langabetuen %47,50 ziren, eta 2022an %44,3ra jaitsi da.

Azken hilabeteetako joerarekin apurtuz, langabeziak gora egin du Hego Euskal Herrian azken hiru hilabeteetan. Aurreko urtearekiko, aldiz, zertxobait behera egin du. Gogora ekarri behar dugu pandemia garaian hainbat sektore ekonomikotan ia erabateko geldialdia izan ondoren, 2021. urtea hazkundearen urtea izan zela. LAB sindikatuak, ordea, behin eta berriro ohartarazi du ezohiko egoera baten normalizazioa besterik ez dela izan, eta 2019. urteko berezko egoerara bueltatzen ari garela. Gaur, BAI-ren bidez publiko egin diren datuekin, gure aurreikuspenak bete dira; ezohiko egoera “gaindituta”, egungo testuinguru sozioekonomikoak langile klaseari langabezia eskaintzen dio, modu normalizatuan. Era berean, aipatu behar dugu zerbitzuen sektorean langabeziak gora egin duela azken urtean (5.100 langabetu gehiago daude Hego Euskal Herrian), sektore honen prekarietatearen adierazle.

Bestetik, ezegonkortasun eta prekarietate egoera orokortua bizi dugu. Hego Euskal Herrian bi langiletik bat prekarietate egoeran dago, kalitatezko bizitza gauzatzeko diru-sarrera nahikorik gabe, enplegua izanik ere. Izan ere, bizitza garestitu da, baina langile klasearen soldatak (eta ondorioz, pentsioak) ez dira proportzio berean igo. Beraz, erosahalmenaren galera ekarri du horrek.

Hala, langile klasearen lan eta bizi baldintzen aldeko dinamikak bizkortu behar ditugula uste dugu, enpresaz enpresa eta kalean gureak diren eskubideak defendatuz.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...

LGS propio baten aldeko jendartearen aldarriak gobernuak eta patronalak behartu behar ditu aurrera egitera, berehala ezar dadin

Grebaren arrakastak eta mobilizazio masiboek erakusten dute euskal jendarteak ez duela amore emango 1.500 euroen aldarrikapenean. LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru, M17aren ondoren: “Gaur atzo baino indartsuagoak gara, ez gara geratuko helburua lortu arte”.