2026-10-02
HomeEkintza SindikalaFVEMek argi utzi du Bizkaiko metalgintzako hitzarmenik ez duela nahi

FVEMek argi utzi du Bizkaiko metalgintzako hitzarmenik ez duela nahi

Gaur Bizkaiko metalaren negoziaziorako mahaiaren hogeita batgarren bilera burutu eta emaitza ezin izan da negargarriagoa izan. Akordiorik eza alde batera utzita, negoziazioan patronala ordezkatzen duten pertsonen borondate falta eta jarrera izan dira arazoak.
Negoziaziora gonbidatzen ez zuen tonu batean, patronalak plataforma berria aurkezteko tarte txikia aurpegiratu egin du, segundo batzuk geroago proposamena guztiz onartezina zela baieztatu duelarik. Proposamen berria ekonomikoki aurrekoa baino altuagoa zela esan dute, eta beren irizpidearen arabera zenbat altuago zen galdetu zaionean, ez dute jakin zer erantzun. Azkenik, sindikatuak aseezin gisa deskalifikatu ditu patronalak.
FVEMek azaroaren 24an egindako azken proposamenetik, gehiengo sindikalak mugimenduak egin ditu honako atal hauetan:

  • Urteko lanaldia 24 ordutik 8ra murriztea.
  • Sektore osorako subrogazioa eskatzetik telefoniako eta zuntz optikoko lineak instalatzeko eta mantentzeko langileentzat izatea mugitu dugu.
  • ABLEek kontratatzeko debekuari uko egitea.
  • Eta garrantzitsuenak, gaurko bileran, hitzarmenaren bigarren urtetik aurrerako igoerak aldatuta, KPIak berrikusteko klausularen formula onartu da, FVEMen proposamenarekin bat etorriz.
    Negoziazioa amaitutzat jotzen duten galdetuta, mugimenduak beren irizpidearen arabera eta eurek uste duten denboran egingo dituztela erantzun dute. Gaurko bileran agerian geratu dira FVEMen gezurra eta CCOO-LAB-UGTren gehiengo sindikalak negoziatu nahi ez duela inposatu nahi duten kontakizun publikoa.
    Laburbilduz, FVEMek negoziazioa mespretxatzen du, eta FVEM ez da sektoreko 56.000 pertsonaren lan-baldintzen erantzule egiten.
    Egoera horretan, borroka eta mobilizazioa dira patronalak onartzen duen alternatiba bakarra. Ez dezatela beraz negoziazioko alderdien arteko ulermena eskatu. Negoziatu ez duen alderdi bakarra patronala izan da.
    Bestalde, azken astean hainbat pertsonari jakinarazi zaie ordena publikoa aztoratzea egotzita ikertuak izaten ari direla. Eusko Jaurlaritzak eta Ertzaintzak jakin dezatela, argi dugu greba ez dela delitua, eta gure hitzarmena defendatzeko beharrezkotzat jotzen ditugun ekintza guztiak egiten jarraituko dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.