2026-05-03
HomeEkintza SindikalaSukaldari eta garbitzaileen kontsolidazio deialdiak negozia ditzan eskatu diogu EAEko Hezkuntza Sailari

Sukaldari eta garbitzaileen kontsolidazio deialdiak negozia ditzan eskatu diogu EAEko Hezkuntza Sailari

EAEko Hezkuntza Sailari sukalde eta garbiketako langileak egonkortzeko kontsolidazio-deialdiak lehenbailehen negoziatzeko mahaia dei dezan eskatu diogu Bilboko Lurralde ordezkaritzaren aurrean, aurreko astean Heziketa Bereziko kolektiboekin egin genuen bezala. Izan ere, deialdiak abenduaren 31 baino lehen argitaratu behar dituen arren, administrazioak ez du negoziazio-mahairik deitu.

Ikasture hasieratik, Hezkuntza Sailak egindako kudeaketa eta langileokin izandako jokabidea salatu dugu (ordezkapenak, lanpostu hutsen kudeaketa…). LABek behin eta berriz eskatu dio langileon eskariak entzun eta bi hilabete haietan gertatu den anabasa-egoera bideratzeko bilerak egitea, baina ez du inolako erantzunik jaso.

Salbuespeneko kontsolidazio lan eskaintza publikoen deialdiak abenduaren 31 baino lehen argitaratu behar diren arren, oraindik ez dugu deialdiaren zirriborrorik jaso, ezta berau negoziatzeko bileraren hitzordurik ere.

LEP horretan sartuko liratekeen lanpostu-eskaintza negoziatzerakoan erakutsi zuen negoziatzeko borondate eskasa erakusten ari da, oraingoan ere, Hezkuntza Saila. Gure aldetik, lan esperientzia erabakitzailea izateko eta kolektibo bakoitzaren ezaugarriei egokitutako deialdia egiteko borrokatuko gara. Hezkuntza Sailari argi adierazi nahi diogu gai honetan esan behar duguna entzun behar duela.

Sukalde eta garbiketan egindako azkenengo Lan Eskaintza Publikoa 2001ean izan zen. Hori dela eta, administrazioak urte luze hauetan kontratazioan egin duen iruzurra epaitegietara eraman behar izan du LABek; esaterako, aurreko LEPa gainditu eta oraindik behin-behinekotasunean dauden langileen egoera salatu dugu, eta epaileek finkotasuna aitortu die.

Beraz, gaur goizean Bilboko Lurralde Ordezkaritzan burutu dugun elkarretaratzean berandu baino lehen deialdien negoziazioa has dadin exijitu diogu Hezkuntza Sailari.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

00:02:45

[ARGAZKI GALERIA]: Birbanaketa politikak eta langileen aldeko neurriak aldarrikatu ditugu Euskal Herri osoan egindako 26 manifestaziotan

Eskualdez eskualde mobilizatu da sindikatua Maiatzaren Lehenean, etxebizitza eskubidearen, kalitatezko zerbitzu publikoen eta soldata nahiz pentsio duinen aldarrikapenak ardatz hartuta.
00:13:27

Garbiñe Aranburu: “Inor atzean ez uztea da faxismoaren eta oldarraldi atzerakoiaren aurrean eman dezakegun erantzunik hoberena”

Langileok eragin da aurtengo leloa. Eragiten ari gara. Gaur berriro Euskal Herri osoan kalean gara, eskualdez eskualde. Aipamen berezia Ipar Euskal Herriko gure kideei. Urteetako lan nekaezinak emaitzak eman ditu, eta intersindikaleko sindikatuekin batera Baionan eta Maulen ere mobilizatu gara.

LABek sinatu du Nafarroako zahar egoitzetako lehen aurreakordioa, sei urteko borroka sindikalaren ostean

LAB sindikatuak Nafarroako zahar egoitzetako hitzarmen kolektiboaren lehen aurreakordioa sinatu du, sei urteko mobilizazio eta antolakuntza sindikala eta gero. Hitzarmenak hobekuntza nabarmenak izango ditu...