2026-05-04
HomeEkintza SindikalaZazpi greba egun deitu ditugu Bizkaiko nagusien egoitzetan, Aldundiari eta patronalei lan-baldintzak...

Zazpi greba egun deitu ditugu Bizkaiko nagusien egoitzetan, Aldundiari eta patronalei lan-baldintzak parekatzea eta ratio duinak exijitzeko

Bizkaiko egoitzetako 5.000 langile baino gehiagoren egoerak okerrera baino ez du egin, Aldundiak inposatzen duen zerbitzuaren pribatizazioak plantillak itotzen ditu, lan-baldintzak prekarizatzen ditu eta egoiliarren zaintza alde batera uzten du.

Gaur, Sergio Murillo Gizarte Ekintzako Diputatuari eta sektoreko enpresei nazkatuta gaudela esateko agerraldia egin dugu Bilbon; nazkatuta gaudela, adinekoen duintasunarekin negozioa egiteaz eta gure lan-baldintzekin negozioa egiteaz.

Egoitzen egoera itogarria da, eta egungo ratioak  jasanezinak dira. Gure adinekoek logela partekatu behar dute intimitatea galduz, ez zaie eguneroko dutxa ziurtatzen, ez zaie gosaria edo afaria ordu onargarrietan ematen, pardel-aldaketetan edo postura-aldaketetan berandutzeak izaten dira… eta jarraitu ahal izango genuke. “Lehen pertsona zinen, orain 15 minutu zara” Bizkaiko bertsolari txapeldunak kantatu zuen moduan.

Inork ezin du zalantzan jarri zerbitzu publikoa ematen dugula, funtsezko langileak garela. Patronalak eta Aldundiak negoziatzeari uko egin diote eta sektoreko hitzarmenaren mahaia blokeatu dute. Hauek dira eskatzen ditugun eskubideetako batzuk:

  • Benetako urratsak soldatak Gizarte Urgazpenek Foru Erakundearekin parekatzeko. Gure lan bera egiten duen langile publiko batek baino % 50 inguru gutxiago kobratzen dugu. Horrez gain, azken bi urte hauetan erosahalmena galdu dugunez, hilean 300 euro inguru pobreagoak gara.
  • Gure lan-bizitzako azken urteei aurre egiteko neurriak 55 urtetik aurrera: murrizketa konpentsatuak, erretiroen alde egitea, ordaindutako baimenak, lanpostuaren egokitzapenak…
  • % 100eko baja-osagarria.
  • Bajak lehen egunetik ordezkatzea.
  • Lan-osasunari buruzko neurri errealak, arrisku psikosozialei buruzkoak, besteak beste.
  • Egoilarren eta langileen duintasuna bermatuko duten ratioak ezartzen dituzten neurriak.

Patronalaren eta Aldundiaren negoziazio-borondate ezaren aurrean, eta iazko mobilizazio eta greben ondoren, LABek borroka-ziklo berri bati ekingo dio. Ziklo berri hau abendura arte luzatuko da. Martxan jarriko ditugun beste ekimen batzuen artean, Bizkaiko egoitzen sektore osorako 7 greba erregistratu ditugu urriaren 26 eta 27rako, azaroaren 17 eta 18rako eta abenduaren 14, 15 eta 16rako.

Ziklo berri honen helburuak honako hauek dira:

  • Bizkaiko egoitzetako langileak aktibatzea, antolatzea eta honetan ekarpena egitea.
  • Bizkaiko Aldundiaren eta Patronalaren aurkako presioa eta salaketa areagotzea.
  • Eskaintzen dugun zerbitzua publifikatzeko beharra agenda sozialean jartzen laguntzea.

LABen ustez, borroka honetan aliantza sindikalak eta mugimendu sozialak ezinbestekoak dira.

Aliantza sindikalei dagokienez, sektore honetako gehiengo sindikalarekin ekintza-batasuna bilatzen jarraituko dugu, haien gehiengoa errespetatuz eta orain arte izan dugun zintzotasun berarekin. LABen ustez, egungo batasun sindikalik eza ez da desiragarria, baina guk ez diogu inolako biderik ixten sektoreko langileen kolektiboa indartsuago bilakatuko duen edozein agertokiri. Gehiengoa duen sindikatuari erantzukizuna eta ikuspegi zabala eskatzen dizkiogu, geure buruari eskatzen dizkiogun bezala.

Aliantza sozialei dagokienez, zaintza-zerbitzu publiko komunitarioaren ereduaren alde borrokatzen duten sektoreekin espazioak sortzen eta partekatzen saiatuko gara, gatazka honi agenda sozialean zentralitatea ematen laguntzeko eta gizarte osoari eragiten dion nahi batean gure ekarpena egiteko asmoarekin.

Gure eskubideen borrokaren aldeko gure determinazioa helarazi nahi diogu gizarteari, eta argi utzi nahi dugu Aldundiak eta Patronalak benetako negoziazioa ireki arte gure borrokak aurrera jarraituko duela eta areagotu egingo dugula.

Amaitzeko, besarkada bat bidali nahi diegu egoitzetako langile guztiei, borroka-eskaintza hori bere egin eta kalera indarrez ateratzeko. Ahal dugun egoitza guztietan batzarrak antolatuko ditugu, borroka-ziklo hau zuekin zuzenean partekatzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

00:02:45

[ARGAZKI GALERIA]: Birbanaketa politikak eta langileen aldeko neurriak aldarrikatu ditugu Euskal Herri osoan egindako 26 manifestaziotan

Eskualdez eskualde mobilizatu da sindikatua Maiatzaren Lehenean, etxebizitza eskubidearen, kalitatezko zerbitzu publikoen eta soldata nahiz pentsio duinen aldarrikapenak ardatz hartuta.
00:13:27

Garbiñe Aranburu: “Inor atzean ez uztea da faxismoaren eta oldarraldi atzerakoiaren aurrean eman dezakegun erantzunik hoberena”

Langileok eragin da aurtengo leloa. Eragiten ari gara. Gaur berriro Euskal Herri osoan kalean gara, eskualdez eskualde. Aipamen berezia Ipar Euskal Herriko gure kideei. Urteetako lan nekaezinak emaitzak eman ditu, eta intersindikaleko sindikatuekin batera Baionan eta Maulen ere mobilizatu gara.

LABek sinatu du Nafarroako zahar egoitzetako lehen aurreakordioa, sei urteko borroka sindikalaren ostean

LAB sindikatuak Nafarroako zahar egoitzetako hitzarmen kolektiboaren lehen aurreakordioa sinatu du, sei urteko mobilizazio eta antolakuntza sindikala eta gero. Hitzarmenak hobekuntza nabarmenak izango ditu...