2026-07-31
HomeEkintza SindikalaAkordio batera ailegatu gara Cementos Rezolako epaiketan eta langileek ez dute inongo...

Akordio batera ailegatu gara Cementos Rezolako epaiketan eta langileek ez dute inongo zigorrik izanen

Gaur egin den epaiketan ailegatu garen akordioaren ondorioz, langileek ez dute zigorrik izanen. Epaitegiaren aurrean langile andana elkartu da auziperatuei babesa emateko.

Grebaren gehiegizko erabileraren aitzakipean, Cementos Rezolak egindako salaketaren ondoriozko epaiketa egin da gaur Donostian. Atzo, langile talde batek lantegiaren aurrean dagoen errepidea moztu zuen salaketa eta elkartasun ekintza moduan. Gaurkoan, elkartasun horrek segida izan du eta epaitegiaren aurrean langile talde handi bat elkartu da epaiketa luzatu den lau ordu guztietan zehar, 92 urteko langile ohi bat barne.

Zorionez akordio batera ailegatzeko aukera egon da eta auziperatuta zeuden 6 langileek ez dute inongo zigorrik izanen grebaren eskubidearen erabileraren ondorioz. Ez dugu ahaztu behar salatuta zeuden greba deialdi horiek hitzarmenaren negoziaketaren harira eman zirela, lanpostu suntsiketaren kontra.

Salatutako ordezkariek eta lankideek garbi dute enpresaren aldetik eman den mehatxu honek ez dituela kikilduko eta lantegiaren etorkizuna bermatzeko ezinbestekoa den lanpostuen defentsaren aldarrikapen hori borrokatzen jarraituko dutela, grebaren bitartez edota beharrezkoa izanen den beste edozein borroka molde erabiliz.

Cementos Rezolako langileek duintasun eta elkartasun erakustaldia egin dute, hauek mantenduz borrokan jarraituko dute, etorkizuna eta lanpostu duin batzuen alde.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.