2026-10-06
HomeEkintza SindikalaBizkaiko garbiketa eta merkataritzako langileek indarrak batu dituzte euren hitzarmenen aldeko greba...

Bizkaiko garbiketa eta merkataritzako langileek indarrak batu dituzte euren hitzarmenen aldeko greba egunean

Gaur egin dute Bizkaiko garbiketa merkataritzako langileek aurreikusitako lehen greba eguna eta bihar izango da bigarrena. Gaurkoan, garbitzaileek manifestazioa egin dute Bilbo, Deustuko Eulen garbiketa-enpresatik abiatuta eta merkataritzakoek, Arriagatik abiatu dute euren manifestazioa. Bi kolektiboek CEBEK patronalaren egoitza aurrean bat egin dute, Gran Viaren 50ean.

Bi kolektibo hauek, prekarizatuta eta feminizatuta daudenek, hilabeteak daramatzate beren hitzarmenengatik mobilizatzen, eta oraingo honetan bi eguneko greba-deialdi batean bat egin dute euren borrokek.

Garbiketaren sektorearentzat borroka historikoa izaten ari da honakoa, ia 30 urte baitzeramatzan grebara irten gabe, eta bi egun hauekin 7. eta 8. lanuzteak egingo dituzte. Aldarrikapen nagusia 1.200 euroko gutxieneko soldatak 15 ordainsaritan aitortzea da, eta hori lortu arte mobilizatzen jarraitzeko hautua egin dute.

Merkataritzako langileei dagokionez, 4. eta 5. greba-egunak dira hauek, eta grebak merkataritza orokorra, ehun merkataritza eta larru-merkataritza eta oinetako dendei eragingo die. Azken honetan, 15 urte daramatzate hitzarmen berririk gabe, eta mobilizazioaren ondorioz negoziazio mahaia berpiztea lortu dute. Oraindik ere, bide luzea dago aurretik, oraingoz patronalak igoera miserableak baino ez ditu eskaintzen, baina merkataritzako langileek borrokarako prestutasun guztia erakutsi dute ere.

Bi sektore hauetako emakume langileek argi dute: “Amaitu da bigarren mailako langiletzat hartzearena, etxean ‘laguntza’ bat suposatzen duten soldata osagarriak izatearena. Gure lana aitortzea nahi dugu, gure baldintzak duintzea nahi dugu, eta prest gaude antolatzeko eta horren alde borrokatzeko”.

Bihar ostirala, bigarren greba eguna izango dute bi sektoreetako langileek. 12:30ean, CEBEK egoitza aurrean eserialdia egingo dute. Bilboko Gran Viaren 50ean.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Pedrosa sailburuari eskatzen diogu euskara indartzeko neurriak hartzeko, baliabide berriak ezartzeko, akordioak garatzeko eta digitalizazioaz hausnartzeko

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua Hezkuntza Batzordean izan da gaur, azken hilabetean eztabaida publikoa eragin duten PISA azterketako emaitzen inguruko azalpenak emateko eta egoerari aurre egiteko proposatzen dituen neurriak aurkezteko. Era berean, azken ebaluazio diagnostikoaren emaitzak, hizkuntza-gaitasunen egoera eta Hezkuntza Sailak hartuko dituen neurriak izan ditu hizpide.

Gernika-Palestinak hilaren 8rako deitutako mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu

Elkarretaratzeak egingo dira ostegun honetan Euskal Herriko udaletxeetan, 19:00etan. LABek bat egingo du mobilizazio horiekin eta dei egiten du, munduko herrien eta langileen aurka ari den inperialismoaren aurrean, elkartasun internazionalista areagotzera.

Estatu mailan argitaratu berri den grafikagintzako hitzarmenak Arabako eta Nafarroako sektoreko langileen prekaritatea betikotzen du

LABen beti defendatu izan ditugu Euskal Herrian lan egiteko eta erabakitzeko esparruak, hemen negoziatu eta erabakitzeak lan-baldintza hobeak lortzeko aukera emango ligukeelako.