2026-10-24
HomeIdazkaritzakEuskara IdazkaritzaEuskara Urdulizko ospital berrian: zaharra berri?

Euskara Urdulizko ospital berrian: zaharra berri?

IRITZIA.- Edurne Agirre osakidetzako LABeko arduraduna eta Imanol Arruabarrena Osakidetzako LABeko euskara arduraduna

Osakidetzak jakitera eman duenez 2016an irekiko ditu ateak Urdulizko Ospitalak. Sindikatu, alderdi politiko eta eragile sozial ugarik gure kezka azaldu dugu Ospital honetan zenbait zerbitzu eremu publikotik at geratzearen arriskuaren aurrean. Baina bada beste gai bat ere LAB sindikatuak agerian utzi nahi duena: Euskara Urdulizko Ospitalean.

Gure kezka azaltzeko, alderaketa bat. Pentsatzekoa da ospitalaren arkitektura eta diseinuari dagokionez, eman beharreko zerbitzua kontuan harturik egin dela eraikinaren diseinua. Alegia, ez dela egin beste eraikin batetako plano zaharrak baliatuz, egungo beharrak kontuan hartu gabe, eta gerora egokitzapen neketsu eta luzeak egitearen menpe. Begibistakoa da hori zentzugabea litzatekeela.

Arkitekturari dagokionez astakeria dirudiena, euskarari dagokionez, ordea, badirudi horrela egingo dela. Ospital berria sortzekotan, haseratik euskaraz lan egin, komunikatu eta zerbitzua eskaintzeko gai izango den ospitala sortzea da logikoena, eraginkorrena eta baita errazena ere. Euskara kontuan hartu gabe hala moduz sortzen bada, lan eta komunikazio hizkuntza bakarra, eta osasun-zerbitzu hizkuntza ere sarritan, gaztelera izango duten lan unitateak sortzen badira, pentsatzekoa da ze panorama izango dugun aurrerantzean. Hamarkada eta urte luzez euskararen normalizaziorako plangintzekin bueltaka, ezinean, langile eta erabiltzaileon hizkuntza-eskubideak eta osasun kalitatea bermatu ezinik.

Urdulizko ospitaleak euskalduna izan behar du lehen egunetik, hori bermatu beharra dago, eta hori, esan beharrik ez dago, euskarazko Hizkuntz Eskakizun eta Lanpostuen Derrigortasun Datak baino haratago doan kontua da. Gaur gaurkoz, 2015. urtean, onartezina litzateke euskara bigarren mailako hizkuntzatzat lukeen ospital berri bat sortzea. Garaiz daude Eusko Jaurlaritzako arduradunak. Urdulizko Ospital berria, ospital euskalduna.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Etxebizitza politika okerren eta utzikeriaren ondorioa da Gasteizko etxegabetzea

Gasteizko Udalak larrialdi egoerei aurre egiteko baliabideak eta etxebizitza parke publikoa ez zaintzeak ekarri du egoera hau.

Vicinayn proposatutako kaleratzeak eta ABEE berria arbuiatzen ditugu, eta operazioaren atzean dauden interesei buruzko zalantza adierazi dugu

Plantillak hainbat urte daramatza Aldi Baterako Erregulazio Espedienteak pairatzen eta sakrifizioak egiten, eta orain enpresaren jarduerarekin loturiko arazoak ere langileek ordaindu behar izatea onartezina da sindikatuarentzat. Damaso Quintanak bultzatutako eta Eusko Jaurlaritzak babestutako operazioaren lehentasuna, enplegua eta Vicinayren industria-etorkizuna bermatzea baino, enpresaren lursailak ez ote ziren planteatu du LABek.

Amarratzaileen aurkako jazarpen sindikal larriaz ohartarazi du LABek, eta langileen antolaketarekiko konpromisoan berresten da

Sindikatuak agerraldia egin du Bilboko Portuan, sektorean askatasun sindikalaren aurkako erasoak etengabeak direla salatzeko eta arduradunei argi uzteko LABek ez duela bazter utziko langile klasearen eskubideen alde borrokatzeko bere betebeharra. Enpresak LABeko hiru ordezkari kaleratu ditu eta hainbat zigor ezarri ditu, mehatxuak eta xantaia baliatzeaz gainera.