2026-11-18
HomeIdazkaritzakEuskara IdazkaritzaEuskara Urdulizko ospital berrian: zaharra berri?

Euskara Urdulizko ospital berrian: zaharra berri?

IRITZIA.- Edurne Agirre osakidetzako LABeko arduraduna eta Imanol Arruabarrena Osakidetzako LABeko euskara arduraduna

Osakidetzak jakitera eman duenez 2016an irekiko ditu ateak Urdulizko Ospitalak. Sindikatu, alderdi politiko eta eragile sozial ugarik gure kezka azaldu dugu Ospital honetan zenbait zerbitzu eremu publikotik at geratzearen arriskuaren aurrean. Baina bada beste gai bat ere LAB sindikatuak agerian utzi nahi duena: Euskara Urdulizko Ospitalean.

Gure kezka azaltzeko, alderaketa bat. Pentsatzekoa da ospitalaren arkitektura eta diseinuari dagokionez, eman beharreko zerbitzua kontuan harturik egin dela eraikinaren diseinua. Alegia, ez dela egin beste eraikin batetako plano zaharrak baliatuz, egungo beharrak kontuan hartu gabe, eta gerora egokitzapen neketsu eta luzeak egitearen menpe. Begibistakoa da hori zentzugabea litzatekeela.

Arkitekturari dagokionez astakeria dirudiena, euskarari dagokionez, ordea, badirudi horrela egingo dela. Ospital berria sortzekotan, haseratik euskaraz lan egin, komunikatu eta zerbitzua eskaintzeko gai izango den ospitala sortzea da logikoena, eraginkorrena eta baita errazena ere. Euskara kontuan hartu gabe hala moduz sortzen bada, lan eta komunikazio hizkuntza bakarra, eta osasun-zerbitzu hizkuntza ere sarritan, gaztelera izango duten lan unitateak sortzen badira, pentsatzekoa da ze panorama izango dugun aurrerantzean. Hamarkada eta urte luzez euskararen normalizaziorako plangintzekin bueltaka, ezinean, langile eta erabiltzaileon hizkuntza-eskubideak eta osasun kalitatea bermatu ezinik.

Urdulizko ospitaleak euskalduna izan behar du lehen egunetik, hori bermatu beharra dago, eta hori, esan beharrik ez dago, euskarazko Hizkuntz Eskakizun eta Lanpostuen Derrigortasun Datak baino haratago doan kontua da. Gaur gaurkoz, 2015. urtean, onartezina litzateke euskara bigarren mailako hizkuntzatzat lukeen ospital berri bat sortzea. Garaiz daude Eusko Jaurlaritzako arduradunak. Urdulizko Ospital berria, ospital euskalduna.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Salatzen dugu Correoseko bulegoak eta banaketa-unitateak gainezka daudela kontrataziorik egin ez delako

Posta bidezko botoa onartzeko azken eguna bihar izango da, eta LABen atal sindikalak salatu du bulegoak eta banaketa-unitateak gainezka daudela, hauteskunde-kanpainak eragindako jarduera-igoeraren eta kontratazio faltaren ondorioz. Egoera horrek agerian uzten du, beste behin ere, enpresaren aurreikuspen eta plangintza falta.

Salatzen dugu FVEMek Bizkaiko metalgintzako negoziazioa blokeatzen jarraitzen duela eta langileek eros-ahalmena gal dezaten dela bere asmoa

Patronalak eskasegia den soldata-proposamenari eusten dio eta malgutasun handiagoa eskatzen du, sektoreko 57.000 langile baino gehiagoren aldarrikapenei muzin eginez.

Asteasuko Siemens Gamesako langileek ez dute etsitzen beren lan-baldintzak lantokian bertan erabakitzeko aldarrikapenarekin

Dagoeneko bost aste baino gehiago daramatzaten greba mugagabean, hitzarmen propioaren alde eta enpresak inposatu nahi dien akordio markoaren aurka. Gaur Zamudiora bertaratu dira eta mobilizazioa egin dute multinazionalak aurkezten zuen marka berriaren ekitaldiaren bueltan.