2026-06-20
HomeEkintza Sindikala"Egoera gero eta larriagoa da"

“Egoera gero eta larriagoa da”

Bizkaiko metalgintzako hitzarmenaren aldeko grebak, Tubacex, PCB eta Petronorreko lan gatazkak… azken hilabeteotan egondako hainbat gatazketan salatutako langileek agerraldia egin dute Bilbon, hainbat sindikaturen babesarekin. Bertan, manifestu bat aurkeztu dute, baita hemendik aurrerako ekimenen berri eman ere.

Langileen oharra:

Joan den urtarrilean manifestu bat argitaratu genuen, hainbat lan-gatazkatan errepresioak eragindako langileen ezinegona jasotzen zuena. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzari dei egiten zitzaion patronalarekin lerrokatzeko estrategia horri amaiera eman ziezaion eta langile klasearen mobilizaziorako eta grebarako eskubidea errespeta zezan. Horrelako egoerei elkarrizketaren eta negoziazioaren bidez ekitearen aldeko apustua egiten genuen. Dinamika bat jarri genuen martxan, gertakari horiek publikoki salatzeko, eta sindikatuen eta gizarte- mugimenduen atxikimendua eta konplizitatea jaso genuen, baita Enplegu Sailarekin eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun eta Herrizaingo Sailarekin elkarrizketa-bide bat irekitzeko asmoa ere.

Zoritxarrez, ikusi dugu nola jarraitu den errezeta berarekin Alconza edo Artiacheko gatazketan, eta zigor ekonomikoak iristen jarraitzen duten Tubacex eta Petronorri dagokienez. Nabarmentzekoa da Bizkaiko Metalaren Hitzarmeneko bi grebalariren aurkako kondena-epaia, zeinaren aurka errekurtsoa aurkeztu baita. Gainera, urtarrilaren amaieran bilera bat izan genuen Laneko sailburuordearekin, baina ezin dugu balantze positiborik egin. Egoera horri buelta emateko borondate falta nabarmena ikusten dugu, eta horren froga dira arestian aipatutako adibideak. Segurtasun eta Herrizaingo Sailarekin biltzeko eskaerari dagokionez, esan behar da erantzunik ere ez digutela helarazi.

Egoera gero eta larriagoa da. EAEko egungo gobernu-taldeak Mozal legearen aurka adierazpen publikoak egiten dituen bitartean, borrokan ari diren langileen eskubideen aurka zakarki aplikatzen du. Josu Erkoreka bozeramaileak, duela gutxi idatzizko hedabide baten eskainitako elkarrizketan, Tubacexen emandako poliziaren jokabidea defendatu du. Hau, arduragabekeri hutsa eta enpleguaren defentsarako eskubidea indarraren bidez desaktibatzeareko apustu argia da.

Horregatik, argi daukagu horrelako jardueren aurka agertzeko beharra zabaltzen jarraitu behar dugula. Akatsa litzateke langileek euren gain hartzea hauen aurkako mehatxuak, isunak eta ekintza judizialak. Jarduteko modu horren helburua ez da soilik oraina oztopatzea, baizik eta hurrengo belaunaldiak zalantzazko etorkizun batera kondenatzea. Bizi-baldintzak egunetik egunera okertzen ari diren testuinguru honetan, gure gatazketan zuzenean lagundu eta parte hartu duten gazteak epaituko dituzte, batzuk espetxe- eskaerekin, datozen asteetan, beren bizitzetan prekarietatearen hedapena salatzeagatik. Desproposamen horren aurrean, gure babesa adierazi nahi dugu eta datozen egunetarako deitu dituzten mobilizazioekin bat egin.

Amaitzeko, joan den urtarrilean egin genuen bezala, dei egin nahi diegu herritar guztiei ekainaren 7an, 09: 15ean, Berroeta Aldamarreko (Bilbo) epaitegien aurrean egingo dugun elkarretaratzean parte har dezaten, Aitor eta Arkaitz grebalarien aurkako akusazioak salatu eta Eusko Jaurlaritzari hauen baliogabetzea exigitzeko. Biak Bizkaiko metalaren hitzarmena lortzeko borrokan aritzeagaitik daude auzipetuta, eta 23 hilabeteko zigorra eskatu dute bakoitzarentzat.

AITOR- ARKAITZ, ZUEKIN GAUDE!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gaur, berriro ere Udalhitzeko mahaia blokeatu dute EAJk eta PSEk, aurrerapausorik ez dutelako eman euskararen gaian zein zerbitzu publikoen kudeaketan

EAJk eta PSEek, Enplegu Publikoaren euskal Legearen moldaketaren eztabaida aitzakiatzat erabiliz, lan-hitzarmen batek jaso ditzakeen klausuletan ez dute aurrera egin nahi izan, eta merkantilizazioa...

HHEEetako zerbitzu orokorretako langileak beharra sortzen denean bertan ordezka ditzaten exijitzen dugu

Dagoeneko bi ikasturte oso daramatzagu Nafarroako Gobernuko haur eskoletako zerbitzu orokorretako langileen ordezkapenak egiteko arazo larriekin. Horrelako kontratazioak, egiten badira, oso berandu egiten dira, zoritxarrez. Eta batzuetan enpresa pribatuetara ere jotzen dute kontratazioak egiteko. Horrek tentsio larria eta gainkarga handia eragiten die langileei, horretarako beharrik izan gabe.

Bilboko udal eraikinetako garbitzaileek udalari exijitu diote behingoz ardura har dezala gatazkan

Lan baldintzak hobetzeko bederatzi greba aste egin ostean, atseden hartzeko unea iritsi zaie, baina ohartarazi dute datorren ikasturtean indartsu berrekingo diotela borrokari.