2026-09-26
HomeEkintza SindikalaGure zerbitzu juridikoek lortu dute minbizia izateagatik kaleraturiko langile bat enpresak berriz...

Gure zerbitzu juridikoek lortu dute minbizia izateagatik kaleraturiko langile bat enpresak berriz hartu behar izatea eta zor dizkion 27 hilabeteko soldatak ordaintzea #LortuDugu

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak aintzat hartu du LAB sindikatuko zerbitzu juridikoek jarritako helegitea eta Barañaingo enpresa batek berriz hartu beharko du minbizia izateagatik kaleratu zuen langile bat; gainera, azken 27 hilabeeetan sorturiko soldaten kontura 30.000 euro inguru ordaindu beharko ditu enpresak. Auzitegiak onartu du langilea bere gaixotasunagatik kaleratu zutela eta, beraz, kaleratzea deusez izan zela. LAB pozik agertu da epaileek zuzendu dutelako enpresak eginiko bidegabekeria.

Bularreko minbizia baitzuen, Barañaingo (Nafarroa) supermerkatu baten barnean dagoen Soginlandsec izeneko garbitegian lan egiten zuen emakume bati laneko baja eman zioten duela 27 hilabete. Langileak baja hartu eta berehala, enpresa gupidagabeak langilea kaleratu zuen, arrazoi ekonomikoak argudiatuta. Langileak LABera jo zuen eta sindikatuaren zerbitzu juridikoek kaleratzea baliogabetzeko eskatu zuten.

Auzia landu duten sindikatuko abokatu Oihan Castro eta Iñaki Chaconek esplikatu dutenez, lehen instantzian laugarren epaitegian eginiko epaiketan, LABek frogatu zuen ―eta enpresak epaiketaren egunean berean onartu zuen― kaleratzearen gibelean ez zegoela arrazoi ekonomikorik (enpresak irabaziak baitzituen); sindikatuaren iritziz, kaleratzeak diskriminazio asmoa zuen. Lehen instantziako epaileak, baina, ez zuen LABen argudioa onartu eta eskaera desestimatu zuen.

LABek helegitea jarri zion lehen epai bidegabe hari eta, oraingoan bai, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio. Enpresak gaixotasuna dela-eta kaleratu zuen langilea eta, horregatik, kaleratzea deusez da: langilea berriz hartu beharko du eta kaleratu zuenetik sorturiko 27 soldaten zenbatekoa ordaindu beharko du. 30.000 euro inguru izanen dira enpresak ordaindu beharrekoa. Bistan denez, langileak oso soldata txikia zuen.

Langileak urte eta erdi eman du bajan, orain 51 urte ditu eta, zorionez, minbizia gainditua du.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.

Greba mugagabean dauden ITASUAko langileei babesa erakusteko manifestazio jendetsua Bergaran

Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko...

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Pradales lehendakariari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde patronalari aurre egin diezaion eskatzeko

Gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzearen aldeko 145.000 sinadura jaso eta greba orokor arrakastatsu bat egin ondoren, LABen eta ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak ezinbestean gizartearen nahiari bide eman beharko lioke eta Imanol Pradales lehendakariak lidergo argia erakutsi beharko luke patronalaren zein PSE-EEren eta EAJren betoa gainditzeko.