2026-10-11
HomeEkintza SindikalaLanak gaixotzen eta hiltzen jarraitzen duela salatu dugu Lan Segurtasun eta Osasunaren...

Lanak gaixotzen eta hiltzen jarraitzen duela salatu dugu Lan Segurtasun eta Osasunaren Egunean

Prekaritateak langileak hiltzen dituela eta lan heriotzak salatzeko, LAB, ELA, ESK, STEILAS, Etxalde eta Hiru sindikatuok manifestazio bana egin dugu Bilbon eta Iruñean, Lan Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunean, eta lore eskaintza banarekin omendu ditugu hildako langileak. LABetik ere Donibane Lohizunen egin dugu elkarretaratzea, Ipar Euskal Herriko zenbait sindikaturekin batera.

Murrizketen eta Covidaren ondorioz lan jarduerak behera egin duen arren, Hego Euskal Herrian lan ezbeharren kopuruak gora egiten jarraitzen du, modu kezkagarrian: 2021ean %10,2ko igoera izan da EAEn eta  %16,7koa Nafarroan. Iaz, gutxienez, 68 langile hil ziren lanean, 48 EAEn eta 20 Nafarroan, eta aurten jada 20 langile hil dira Hego Euskal Herrian, 17 EAEn eta 3 Nafarroan.

Lan gaixotasunei dagokionez, azpi erregistroa salatzen jarraitzen dugu estatistika ofizialetan. Hego Euskal Herrian bakarrik, gutxienez, 17 pertsona hil dira amiantoarekin lotutako gaixotasunen ondorioz, esaterako.

Mutualitateak eta enpresak dira egoera horren erantzule nagusiak. Prebentzio zerbitzuen eta mutualitateen jardunbide txarren aurrean, baina, erakundeek ez dute behar besteko kontrol eta neurririk hartzen. Giza baliabide gehiago behar dira, bikoiztu behar dira inspektoreak, esaterako.

Horregatik, kaleetan aldarrikatu dugu lanak gaixotzen eta hiltzen jarraitzen duela, eta prebentzio neurriak bermatu ezean, milaka langilek jarraituko dute behar besteko babesik gabe; bereziki, prekarioen daudenak.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Eskatzen dugu Avanza autobusetako gidariek zerbitzu bereziak egiteagatik dagokien ordaina jaso dezatela

Sindikatuari, noski, oso ondo iruditzen zaio garraio-zerbitzua hobetu nahi izatea eta herritarren eta bidaiarien joan-etorriak erraztea. Gidariak eurak dira zerbitzuak behar bezala funtzionatu dezan eta eta erabiltzaileen beharrei erantzun diezaien nahi duten lehenak. Hala ere, uste dute ez dela bidezkoa neurri berri bakoitza beti jende berberaren ahalegina baliatuz ezartzea.

Intersindikalak salatu du Correosen langile falta dagoela eta azaroaren 29ko hauteskunde deialdiaren aurrean langileen profesionaltasuna zalantzan jartzen dela

Intersindikala osatzen dugun erakunde sindikalok (LAB, CIG, ESK, Intersindikal Canaria, ELA eta CNT) oso kezkatuta gaude datorren azaroaren 29rako deitutako hauteskundeen eta Correosek gaur egun pairatzen duen langile faltaren egoeraren aurrean.

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Maria Txibiteri, Nafarroan 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren alde posizionatu eta ekimen politikoa abian jartzeko

CEN patronalak CCOO eta UGTrekin akordio interprofesionala negoziatzeari uko egin ondoren, eta Parlamentuak lege-proposamena hartu ez ondoren, Nafarroako Gobernuari bide politikoa berreskuratzea eskatuko diogu...