2026-10-19
HomeEkintza SindikalaMadrilen izan den jatetxe-arloko marken negoziazio-mahaiaren osaketa gaitzetsi nahi dugu

Madrilen izan den jatetxe-arloko marken negoziazio-mahaiaren osaketa gaitzetsi nahi dugu

LAB eta ELA sindikatuon oharra:

LAB eta ELA sindikatuok ulertzen dugu Euskal Herrian lan-baldintzak arautzen dituen lan-araudia egon badagoela, eta horregatik, jatetxe-marken (McDonalds, Goiko, KFC, La Mafia, Tagliatella, Ikea, Taco Bell…)  estatuko hitzarmen berri baten negoziazio-mahaia eratzearen aurka agertu gara.

Ildo horretan, gogorarazi behar dugu EAEn Ostalaritzako Esparru-Akordio Sektorial bat dagoela, sektore horretako negoziazio kolektiboaren egitura arautzen duena eta Euskal Autonomia Erkidegoa osatzen duten lurraldeetan ostalaritzako hitzarmen sektorialak aplikatzeko lehentasuna ezartzen duena. Nafarroari dagokionez, egungo hitzarmen autonomikoak ere, bere funtzio-eremuan, jatetxe- arloko marken azpisektorea du araututa.

Ezin da azaldu CCOO eta UGT sindikatuek hitzarmen berri honen negoziazioari ekitea onartzea, jakin badakitenean lan-baldintza okerragoak aplikatuko direla, baita ekonomikoki indartsuenak diren ostalaritza-enpresetan ere. Honek erakusten du, oraindik ere ezinbestekoa dela estatuko hitzarmenei estatu mailako sindikatuek gehiengorik ez duten negoziazio esparruak inbaditzea ahalbidetzen dieten lan erreformak indargabatzea.

Horregatik guztiagatik, Jatetxe-arloko marken Estatuko hitzarmen bat sinatuko balitz, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa bere lurralde-eremutik kanpo uzteko eskatzen dugu. Gure eskaerari erantzuten ez bazaio, ez diogu uko egiten legezko ekintza guztiak aktibatzeari, ezta ere gure esparru arautzailea eta lan-baldintzak defendatzeko egoki ikusiko genituzkeen mobilizazioak aktibatzeari.

Ez dugu onartuko lurralde bakoitzeko ostalaritzakoa ez den beste hitzarmenik aplikatzea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Euskal Herrian indarkeria matxistak eragindako azken heriotza salatzeko mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu

Angelun, 19 urteko emakume batek bortxatu egin zutela salatu eta egun gutxira bere buruaz beste egin izana erabat lazgarria da eta, beste behin ere, erakusten du indarkeria matxistak hil egiten duela.

Lan-baldintzak hobetzearen alde, beste greba ziklo bati ekingo diote Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek urriaren 27tik abenduaren 23ra

Greba ziklo berri honek hiru urrats izango ditu. Lehena, urriaren 27ko 22:00etatik urriaren 29ko 22:00etara izango da. Bigarrena, azaroaren 23ko 22:00etan hasi eta azaroaren 25eko 22:00etara arte luzatuko da. Azkenik, hirugarrena, abenduaren 21eko 22:00etan hasiko da eta abenduaren 23ko 22:00etan bukatuko da.

Azaroaren 11n lantokiak hustu eta kaleak bete ditzagun dei egiten diegu euskal langileei

Euskal Herritik Euskal Herrirako greba orokorra izango da, bertako patronalei eta instituzioei pobretzearen eta errentismoaren kontrako neurriak eskatzeko.