2026-11-04
HomeEkintza SozialaLangile guztiei etxebizitza eskuragarri eta duina bermatzeko aldarrikatu du Abiatuk, Ekintza Sozialeko...

Langile guztiei etxebizitza eskuragarri eta duina bermatzeko aldarrikatu du Abiatuk, Ekintza Sozialeko komunitate berriak

LABeko kideok ekimenak egin ditugu Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen ordezkaritzaren eta Gasteizko Udalaren aurrean, negozioa babesten duen egungo etxebizitza politika salatu eta langileoi etxebizitza eskuragarri eta duina bermatu behar zaigula aldarrikatzeko. Arrasaten ere mobilizatu ginen astelehenean, “etxebizitza duina langile guztientzat” leloarekin.

Ekimena Abiatu-ren, LABeko Ekintza Sozialeko komunitate berriaren, lehen kanpainaren baitan kokatu dugu; langile guztioi etxebizitza eskuragarri eta duina bermatzearen aldeko kanpaina, hain zuzen ere. Abiatu LABeko kideon espazio berria da, langileon bizi-baldintza duinen alde ekiteko. Prekarizazioa lantokietan bezala lantokietatik kanpo pairatzen dugu langileok, eta horregatik prekarizazio hau pairatzen dugun eremuetan borrokak abiatzea da gure apustua. Ez dugu onartuko lantokietan borrokatzen duguna hauetatik kanpo lapurtu diezaguten.

Etxebizitza eskubidea errealki bermatzea langileon oinarrizko bizi-baldintzak duintzeko ezinbestekoa da, baina jabetza pribatuan, merkantilizazioan eta espekulazioan oinarritzen den egungo ereduak ondorio sozial larriak eragiten ditu. Etxebizitza duin eta eskuragarri baterako sarbide eza langileon prekaritatearen elementu giltzarria da.

Datu batzuk aipatze aldera, 2019eko bataz besteko soldatarekin (23.183 euro) 19 urte behar dira Babes Ofizialeko etxebizitza bat ordaintzeko eta ia 42 urte merkatu librean etxebizitza jabetzan eskuratzeko, honek dakartzan baldintzapen guztiekin. EAEn 80m2-ko etxebizitzaren alokairua 986 eurokoa izan da bataz beste 2021ean eta langileok soldataren ia erdia bideratu behar dugu hau ordaintzera (bestelako gastuak kontuan hartu gabe). Etxebizitza babestuaren eskaria 2011-2019 tartean ia bikoiztu egin da; aldiz, eskari horri erantzuteko eskaintzaren ehunekoa gutxitu egin da.

Etxegabetzeei dagokienez, datuak bortitzak dira oso. 2020. urtean, 889 etxegabetze gertatu ziren Hego Euskal Herrian.

Erakundeei mezua

Horregatik guztiagatik, etxebizitza eskubide subjektibo bezala aitortu eta hau errealki bete dadin bermatzeko neurriak hartzea eskatu dugu Bilbon eta Gasteizen egindako mobilizazioekin, erakundeak interpelatzeko asmoz. Horrekin batera, herritarrekin eskuz eskuko harremana bilatu dugu ekimenetan, inkesta baten bidez eta gure aldarrikapenak partekatuz bizi dugun errealitatez hitz egin eta hausnartzeko, zein honen aurrean antolatzeko deia luzatuz.

LABen ustez, lehentasunezkoa da, etxebizitza eskubide subjektibo erreala izan dadin, neurri zehatzak hartu eta tresnak garatzea. Horretarako, espekulazioari ateak itxi eta alokairu sozial arautuari lehentasuna eman behar zaio, eta etxebizitzaren prezioa mugatu behar da etxebizitza gastuak diru-sarreren %30 izan daitezen gehienez (%15 egoera zaurgarrian dauden pertsonen kasuan eta etxebizitza publikoetan).

Gainera, parke publikoa handitzeko estrategiak beharrezkoak zaizkigu, lehentasunez jabego handiei eta funts putreei mugak jarriz. Azkenik, eta urgentziazko neurri gisa, alternatiba duinik ez duten etxegabetze guztiak eraginkorki debekatzeko eskatzen dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ontzat jo du CAFek amiantoaren eraginpean langileak jartzeagatik egindako arau-hauste oso larria berresten duen ebazpena, eta enpresari erantzukizunak eskatu dizkio

Sindikatuak azpimarratu du gertakariak salatzeko eta langileen osasuna defendatzeko egindako lana, eta CAFri exijitu dio kaltetutako langileekin dituen erantzukizun guztiak bere gain har ditzala.

Bost langile hil dira lan istripuz azken 24 ordutan Euskal Herrian

Atzo, azaroak 3, bi heriotza gertatu ziren, Larrabetzun bata eta Laudion bestea, lehen ikerketen arabera biak istripu ez traumatikoak. Gaur, berriz, Nafarroa hegoaldean, Pitillasen, hiru langile hil dira gaur purina-gune itxi batean itota. Hala, 67 dira dagoeneko 2026an istripuz hildako langileak.

Calzadako maizterrek Farley funts putrearekin negoziazio kolektiboa abiatu nahi dute, eta Balmasedako Udalaren babesa eskatzen dute

Gaur, Farley funts putreari aurre egiten ari diren La Calzadako maizterrek hitza hartu dute Balmasedako udalbatzaren osoko bilkuran. Bi eskaera argi helarazi dituzte: Balmaseda behingoz tentsio handiko eremu gisa izendatzea, eta Farleyk negoziazio kolektiboa onar dezan eta alokairu-kontratu guztiak berritu ditzan lortzeko babesa ematea.