2026-10-05
HomeIrakaskuntzaHaur EskolakHaurreskoletako delegatuek familiek ordaintzen duten kuotetan egin dituzten aldaketak eta finanziazio eza...

Haurreskoletako delegatuek familiek ordaintzen duten kuotetan egin dituzten aldaketak eta finanziazio eza salatu dute

Haurreskolak Partzuergoan langileon ordezkaritzan gehiengoa duten LAB sindikatuko delegatuek, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila eta Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeak familiek ordaintzen dituzten kuoten inguruan hartutako neurriak salatu dituzte.

Parlamentuan gaur egungo kuotak oso garestiak direla onartu arren, eta horren inguruan neurri zehatzak proposatu ondoren, Hezkuntza Sailak 0-3 zikloan dauden beharrei aurre egiteko dauzkan ahuleziak izkutatzeko, marketing kanpaina martxan jarri du, kuotetan inolako eraginik izango ez duena.

Doakotasunaren bidean urratsak emateko aukera galdu da, zerbitzu unibertsala izateko aukera galdu dugu. Haurreskolak ez dira denontzat izango, hau da daukagun errealitatea. Hezkuntza Sailak kontziliaziorako eta heziketarako sortutako etapa hau mespretxatu du, zerbitzu hau erabili behar duten familiei gezurrak kontatzen.

Haurreskolak Partzuergoko zerbitzua erabiltzen duten familientzat ez da merkeago izango, nahiz eta familia batzuen diru sarrerak apalak izan. Partzuergoak kuoten bitartez jaso duen diru sarrera ez da aldatuko eta bonifikazio sistema aplikatzeko beste murrizketa batzuk aplikatu dituzte:

– Bekak kendu dituzte bonifikazio sistema ezartzeko.
– Haurreskolak Partzuergoan dauden 2 urteko gelen kuota igo dute, 2 urteko gela hauek desagertzera kondenatuz.
– Egokitzapenerako kuota igo dute.
– Matrikula egiterakoan kalkulua bi urtetarako egingo da, eta bi urte horietan familiaren egoera aldatzen bada (familian kide bat langabezian gelditzen bada, adibidez) ez da kontuan hartuko.

Haurreskolak Partzuergoa oso zerbitzu garrantzitsua izanik, hainbat joku politikorako erabili izan da. Duela 4 urte partida faltsu bat sortu zuten. Honen helburua inbertsioak irudikatzea zen, baina teknikoki 3 milioiko partida hau gastatzea ezinezkoa zen. Langileon soldata izoztuta egon den bitartean edo familien kuotak igotzen ziren bitartean, gure arduradun politikoek gezurrezko zenbakiekin engainatzen gintuzten, langileak, bezeroak eta jendeartea.

Hau guztia gutxi balitz, aurtengo aurrekontuetan 3 milioiko murrizketa aplikatzeaz gain, marketing kanpaina bat burutu dute, benetako familien diru sarreren araberako kuota sistema bat ezarri beharrean.

Kalitateko hezkuntza sistema bultzatzeko instituzioen konpromiso irmoa adierazi beharrean iruzurrak baino ez dira plantetatzen.

Haurreskolak Partzuergoko LAB sindikatuko ordezkariek, haurreskolen eredu propioa finkatzeko garaia heldu dela argi dutela adierazi dute, zaintza oinarri duen izaera hezigarriari lehentasuna ematea ezinbestekoa dela uste baitute.

Zuzendaritza Batzordea, eta honen lehendakaria den Cristina Uriarteri, hurrengo eskaerak helarazi dizkiete:

⁃ Aurrekontuetan, Haurreskolak aintzat hartu eta partida handitzea, bestela ezinezkoa izango da familientzat dirulaguntzak bermatzea.
⁃ Landa eremuko Haurreskolak babestea, herri horietan betetzen duten funtzioa kontuan hartu behar da.
⁃ 0-3 zikloa unibertsala, doakoa, euskalduna eta kalitatekoa izateko urratsak eta konpromisoak hartzeko garai da, itxurakeriak alde batera utzita.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gernika-Palestinak hilaren 8rako deitutako mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu

Elkarretaratzeak egingo dira ostegun honetan Euskal Herriko udaletxeetan, 19:00etan. LABek bat egingo du mobilizazio horiekin eta dei egiten du, munduko herrien eta langileen aurka ari den inperialismoaren aurrean, elkartasun internazionalista areagotzera.

Estatu mailan argitaratu berri den grafikagintzako hitzarmenak Arabako eta Nafarroako sektoreko langileen prekaritatea betikotzen du

LABen beti defendatu izan ditugu Euskal Herrian lan egiteko eta erabakitzeko esparruak, hemen negoziatu eta erabakitzeak lan-baldintza hobeak lortzeko aukera emango ligukeelako.

Gipuzkoako suhiltzaile zerbitzuaren egoera salatu dugu Batzar Nagusien aurrean

2026ko irailaren 4an, Gipuzkoako Foru Aldundiko Suhiltzaile Zerbitzuko ofizial guardia-burua bere Donostiako Suhiltzaile Zerbitzuko etxean kokatutako komunikazio zentraleko lanpostu operatibotik bota zuen Donostiako Suhiltzaile Zerbitzuko Zuzendariak. 2018tik indarrean zegoen bi administrazioen arteko hitzarmena pasa den abuztuaren 31n iraungi zela eta zerbitzuaren berrantolaketagatik Donostiako Suhiltzaile Zerbitzuak bulego hori beharrezkoa zuela izan zen horretarako eman zuen argudioa. Guardia-buruaren bulegoa bakarrik ez, hitzarmenean araututa zeuden bestelako lanetarako espazioak erabiltzeko debekua ere ezarri zuen.