2026-09-11
HomeZerbitzu PublikoakZerbitzu SoziokomunitarioaLABek, Gasteizko Gizarte Larrialdien Udal Zerbitzuan egin diren bi kaleratze bidegabekoak salatzen...

LABek, Gasteizko Gizarte Larrialdien Udal Zerbitzuan egin diren bi kaleratze bidegabekoak salatzen ditu

Pasa den abenduaren 28an, Asociación para el Desarrollo Proyecto Intervención Social-BETA delakoak, Gasteizko Gizarte Larrialdien Udal Zerbitzuaren kudeaketa eramaten duen enpresak, zerbitzu publiko honetan luzez aritu diren bi langile kaleratu zituen. LABen iritziz bi kaleratze hauek erabat bidegabekoak dira; izan ere, ez dago inolako arrazoirik horrelako neurri bat hartzeko: alde batetik, zerbitzuan ez da eman aldaketa ekonomiko ez organizatiborik; eta bestaldetik, enpresak berak ere ez die langileei ezer leporatzen horrelako neurri gogorra eta irtenbiderik gabekoa aurrera eramatea justifikatuko lukeenik.

Langileei emandako idazkian, enpresak BETAk kudeatzen zituen bi zerbitzuak (bi langile kaleratuak lan egiten zuten Gizarte larrialdietarako zerbitzua batetik, eta Genero indarkeriaren biktimentzako berehalako harrerarako zentroa bestetik) bi konkurtso ezberdinetan ateratzeko erabakiarekin lotzen ditu enpresak bi kaleratze hauek. Baina praktikan Udalak hartutako erabaki horiek ez dute inolako eraginik Larrialdietarako zerbitzuan lan egiten zuten langileengan. Izan ere, BETAri eman diote berriz ere kontrato hori, eta gainera, orain arteko baldintza berdinetan.

Are gehiago. Bi zerbitzu horietan bi langileen ekipo berezituak lan egin izan dute, nahiz eta biak BETA enpresaren menpe egon. Beraz, kaleratutako bi langileen lanpostuak berdin jarraitzen dute: ez da murrizketarik egon (ez orduak, ez pertsonalgoa, ez dirua). Zer dela-eta enpresak bi langile hauek kaleratzea erabaki du? Gure aldetik ez dago zalantzarik: arrazoi ekonomiko hutsa izan da. BETAk ez du kontutan hartu langile hauen ibilbide profesionala, Larrialdietarako Zerbitzuan eskuratu duten esperientzia… eta “merkeen” aterako zaizkien kaleratzeak erabaki dituzte. Eta gainera, ez dute inolako sentikortasunik erakutsi bi langile hauekiko, guztiz bestelakoa izan da enpresaren jarrera, bi langileak kaleratze merke eta garantiarik gabeak onartzeko presionatu ditu, eta haien kaleratzeen kostuen ardura haiei leporatzen saiatu dira.

Baina enpresaz haratako, LABek Erakunde publikoak ere salatu nahi ditu, zerbitzu bat esku pribatuetan uzten dutenean erakusten duten pasibotasuna eta enpresetan lehenesten diren irizpide ekonomizisten aurrean. Kasu honetan BETA izan da bi langileak kaleratzeko erabakia hartu duena, baina finean Gasteizko Udalak zerbitzu horien kontura hartu dituen erabakiak izan dira BETAri hori egiteko aukera eman diotenak. Horren ostean, Udalak ez du inolako bitartekorik jartzen %100ean erakunde horren erabaki ekonomikoen menpe dauden zerbitzuetan aritzen diren langileen eskubideak bermatzeko.

Zerbitzu hauek erabat publikoak dira: arreta ematen dieten egoera larriengatik eta horietara jotzera behartuta sentitzen diren giza kolektiboen izaera sensiblearengatik. Gure iritzian zerbitzu horiek zuzenean Administrazioak kudeatu beharko lituzke, horrek bertan erabiltzen den diru publikoa eta herritarrei ematen dieten zerbitzuaren kalitatea kontrolatzeko aukera bakarra hori delako. Edozelan ere, Udalak zerbitzu horiek esku pribatuetan uztea erabakitzen badu ere, horrek ez du esan nahi bi langileen bidegabeko kaleratzeak bezalako egoera larrien aurrean Udalak eskuak garbitzea.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Hauteskunde sindikaletan patronalei eta gobernuei erantzun irmoa emateko deia egin die LABek euskal langileei

Gutxieneko soldata, enpleguaren defentsa eta zerbitzu publikoak indartzea, ikasturte honetarako hiru lehentasun nagusiak. Kapitalari mugak jartzea eta birbanaketa politiken alde egitea da faxismoari eta olatu erreakzionarioari ateak ixteko biderik onena, LABen arabera.

LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT-k bost greba egun deitu ditugu Osakidetzako kolektibo guztien lan-baldintzen hobekuntza eskatzeko

Deialdia egin dugun sindikatuok Osasun Sailari ohartarazi diogu ez dugula simulaziorik onartuko. Bilerak hilero deitzeak ez du esan nahi benetako negoziazioa dagoenik, eta benetako edukiak dituzten proposamenak eskatu ditugu. Uztailaren bukaeran SMErekin sinatutako akordioak agerian uzten du lan-baldintzak hobetzea borondate politiko kontua dela.

Mikel Torresek uko egin dio LABekin eta ELArekin biltzeari LGSri buruz hitz egiteko

EAEko lehendakariorde ere baden Lan sailburuak apirilean LABi eta ELAri mehatxu egin zigun ez genuelako Elkarrizketa Sozialeko Mahaian parte-hartzen; bada, hilabete gutxiren ondoren uko egin dio langileen gehiengoa ordezkatzen duten sindikatuekin biltzeari.