2026-05-04
HomeIndustriaMetalgintza4.000 sinadura Urola-Kostako enpleguaren defentsan

4.000 sinadura Urola-Kostako enpleguaren defentsan

TS Fundiciones enpresako langileek epaileari lanpostu eta proiektu sendo baten alde egin dezan eskatzen dituzten 4000 sinadura aurkeztu dituzte Donostiako epaitegietan. Langileek eskerrak eman dizkiete Urola-Kostako bizilagunei enpleguaren defentsan emandako babesagatik.

TS FUNDICIONESeko langileen oharra
«Urte berriarekin batera iritsi da TS Fundicionesen eta bertako langileon etorkizunari buruz zirt edo zart egiteko unea. Konkurtsoaren bigarren fasean sartuak ginen iazko Urriaren 16tik eta dagoeneko eskaintzak aurkezteko epea amaitu zen pasa den Urtarrilaren 5ean. Urte berri honi ere Epaitegi aurrean eman behar hasiera.

Aspaldi, errekurtso izaera zuen salaketa sartu genuen epailearen aurrean ez zezan bigarren fase hau lehenengoari beste aukera bat eman gabe ireki, ez baikenekien ondorenean zer gerta zitekeen, ez geneukan ezer finkorik eta intentzioek ez baitute etorkizuna bermatzen. Eta zer diren gauzak, bigarren fasearen itxiera eguna pasa ondoren jakin dugu errekurtsoari epailearen erabakia.. Ezezkoa noski.

Ez dugu bigarren fase honetan aurkeztu diren eskaintzen informazio askorik.

Badakigu 3 eskaintza egon direla eta hasiera batean berri onak direla esan behar. Lehengo fasean 2 eskaintza eta bigarren fase honetan 3 eskaintza jaso izanak gure aldarrian sendotu eta indartu egiten gaitu! Batzuek ehundik gora familia kale gorrian utzi eta basakeria hau aurrera eramateko TSren bideragarritasun eza aitzakiatzat erabiltzen zuten bitartean, langileok erakutsi dugu arrazoi genuela, bide onetik gindoazela eta jarraitzen dugula, eta egungo eraikuntza industrialean ere zer esan handia dugula.

Fase honen ondorioak jasotzeko itxaron beharra izango dugu. Pasa den astean izan zen eskaintzak ireki eta hobetzeko eguna, datozen egunotan aztertuko ditu eskaintzak Administradore Konkurtsalak eta erabaki bat hartu beharko du. Ez da justua ezagutzen ez gaituen kanpoko pertsona baten menpe gelditzea gu guztion etorkizuna, baina hala omen dio legeak.

Bere esku dago guk behin eta berriro aldarrikatu izan dugun proiektu industriala eta lanpostuen bermea jartzea diru ororen gainetik, edo gure herrian bizi dugun egungo egoera sozialari muzin egin eta gutxi batzuen aurrean ondo gelditzeko eskaintzen dirua jarriko duen lanpostu edota proiektu sendo bat zakarretara boteaz.

Argi dugu urte eta erdiko borrokak ekarri gaituela egoera honetara eta hankak lurrean ditugu. Horrenbeste denborako lanaren ondoren norbanako baten erabaki xinple baten menpe aurkitzen gara eta ez gure eskualdeak, ez bertako biztanleok eta are eta gutxiago TSko langileok, ez genuke ulertuko momentu honetan aukera onik bada, hau galaraztea.

TSko langileok ez gaude geldik, eta Abenduko azken bi asteetan sinadura bilketa kanpaina bat burutu genuen behin egoera honetara iritsita, lanpostuak eta proiektu industrial baten bidez TS-k bizirik behar zuela aldarrikatzeko, ez soilik diruz oinarritzen zen proiektu baten bidez.

Bi aste hauetan 4000 sinadura bildu ditugu! Eskerrik asko Urola-Kosta! Eskualdearen babesaz etorri gara gaur Epailearengana sinadura hauek aurkeztera eta Administradore Konkurtsalari ere helaraziko dizkiogu! TSko langileok eta Urola Kostako biztaleok hitz egin dugu, utzi diruak eta eman behar duen garrantzia lanpostu eta proiektu sendo bati!

Gureak ez du etenik eta borrokak bere fruituak dakartzala argi dugu. Datozen egunetan, jaso diren 3 eskaintzen nondik norakoak jakitean, prentsaurreko bat burutuko dugu guzti hau baloratzeko.

Gora TSko langileria! »
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

00:02:45

[ARGAZKI GALERIA]: Birbanaketa politikak eta langileen aldeko neurriak aldarrikatu ditugu Euskal Herri osoan egindako 26 manifestaziotan

Eskualdez eskualde mobilizatu da sindikatua Maiatzaren Lehenean, etxebizitza eskubidearen, kalitatezko zerbitzu publikoen eta soldata nahiz pentsio duinen aldarrikapenak ardatz hartuta.
00:13:27

Garbiñe Aranburu: “Inor atzean ez uztea da faxismoaren eta oldarraldi atzerakoiaren aurrean eman dezakegun erantzunik hoberena”

Langileok eragin da aurtengo leloa. Eragiten ari gara. Gaur berriro Euskal Herri osoan kalean gara, eskualdez eskualde. Aipamen berezia Ipar Euskal Herriko gure kideei. Urteetako lan nekaezinak emaitzak eman ditu, eta intersindikaleko sindikatuekin batera Baionan eta Maulen ere mobilizatu gara.

LABek sinatu du Nafarroako zahar egoitzetako lehen aurreakordioa, sei urteko borroka sindikalaren ostean

LAB sindikatuak Nafarroako zahar egoitzetako hitzarmen kolektiboaren lehen aurreakordioa sinatu du, sei urteko mobilizazio eta antolakuntza sindikala eta gero. Hitzarmenak hobekuntza nabarmenak izango ditu...