2026-09-10
HomeEkintza PolitikoaEuskararen aldeko borrokan berretsi eta Euskararen Egunari lotutako mobilizazio guztietan parte hartzeko...

Euskararen aldeko borrokan berretsi eta Euskararen Egunari lotutako mobilizazio guztietan parte hartzeko deia egiten dugu

LAB sindikatuan 2000. urtean erabaki genuen LAN eta KOMUNIKAZIO hizkuntza euskara izango genuela. Erabaki horren aurretik euskararen normalizazioan lan handia egina genuen, eta ondoren, EUSLAB egitasmo estrategikoa jarri genuen martxan sindikatu barruko jardueran, zein lan munduan euskararen erabilera areagotzeko asmoz. Ez gara berriak, beraz.

Ezin ukatu pandemiak gure bizitzak astindu dituela eta hausnarketarako gako batzuk ere utzi dituela, horregatik, indarrean dauden hizkuntza politikak  berrikusi, birpentsatu  eta eragiteko jauziak behar direla ondorioztatu dugu. 

Alde batetik, Euskalgintzaren Kontseiluak abiatutako hizkuntza-politiketan eragiteko Batuz Aldatu ekimenarekin bat egin dugu. 

Bestetik, iazko urtearen amaieran, pandemiaren krisi betean, eremu sozioekonomikoaren euskalduntzean dugun erronkari ahalik eta modu bateratuenean aurre egiteko urrats berri bat eman genuen. Euskarak lan munduan behar duen besteko ikuspegia eta konpromisoa hartuz, Euskalgintzaren Kontseiluak, LABek eta ELAk, eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko proposamen zehatza aurkeztu genuen: berrogeita hamar langiletik gorako enpresetan euskara-planak negoziatu beharra lanbide arteko akordioan jasotzea.

Nafarroan ere, ez dira gutxi izan euskaldunen eskubideen alde eta politika aldaketa eskatuz egin izan diren mobilizazioak. 

Sindikalismotik eta daukagun ardura soziopolitikoari uko egin gabe jardun dugu euskararen gaiarekin, bai kanpora begira, arestian aipatu direnetan aktiboki parte hartuz, baina baita, barrura begira ere. Sindikatuari berari begira, alegia.

Sindikatu barruan zein lan munduan hizkuntzarekin ditugun inertziak astindu nahi ditugu eta barruko prozesuetan euskararen erabilera areagotzeko ahalegin kolektiboa egin dugu, LABen euskara lan hizkuntza izatea lortuz eta gure hizkuntza politikaren berritzean pausoak emanez. 

Ugari dira euskarak datozen urteetan aurrez aurre dituen erronkak, eta LAB sindikatuari ere badagokio horri ganoraz erantzutea. Prest gaude, eta dagokigun mailan erantzutea espero dugu. Langileon hizkuntza eskubideen aitortza ezinbestekoa izango da, eta baita bidelagunen ahalduntzea ere.

Horregatik, LABek euskararen aldeko borrokan berretsi eta Euskararen Egunari lotuta egongo diren mobilizazio guztietan parte hartzeko dei egiten du. 

Bereziki Euskal Herrian Euskarazek Euskararen errepublika lelopean datorren abenduaren 6an Durangon deitu duen nazio manifestazioan parte hartzeko deia luzatzen dugu.

Guk kalean zein lanean euskaraz, askatasunean.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT-k bost greba egun deitu ditugu Osakidetzako kolektibo guztien lan-baldintzen hobekuntza eskatzeko

Deialdia egin dugun sindikatuok Osasun Sailari ohartarazi diogu ez dugula simulaziorik onartuko. Bilerak hilero deitzeak ez du esan nahi benetako negoziazioa dagoenik, eta benetako edukiak dituzten proposamenak eskatu ditugu. Uztailaren bukaeran SMErekin sinatutako akordioak agerian uzten du lan-baldintzak hobetzea borondate politiko kontua dela.

Mikel Torresek uko egin dio LABekin eta ELArekin biltzeari LGSri buruz hitz egiteko

EAEko lehendakariorde ere baden Lan sailburuak apirilean LABi eta ELAri mehatxu egin zigun ez genuelako Elkarrizketa Sozialeko Mahaian parte-hartzen; bada, hilabete gutxiren ondoren uko egin dio langileen gehiengoa ordezkatzen duten sindikatuekin biltzeari.

Bizkaiko esku-hartze soziala borrokan: benetako negoziazioaren alde!

LABek, ELAk eta ESK-k salatu dugu Gizardatz Bizkaiko Esku Hartze Sozialeko patronala blokeo egoerara eramaten ari dela negoziazio mahaia.