2026-06-14
HomeEkintza Sindikala1.400 euroko gutxieneko soldatari bide emateko lanbide arteko akordioa proposatu diegu Confebask...

1.400 euroko gutxieneko soldatari bide emateko lanbide arteko akordioa proposatu diegu Confebask eta CEN patronalei

LABen deialdiari jarraituz, sektore feminizatuetako langileek (garbitzaileek, merkataritzakoek, zaintzaileek edo jangeletakoek) mobilizazio bana egin dute Bilbon eta Iruñean, Confebask eta CENen patronalen egoitzen aurrean, “1.400 euro gutxieneko soldata nahi dugu! Egin dezagu posible Euskal Herrian” lemapean. Guztiak pandemian zehar ezinbestekoak izan diren langileak dira, baina 1.400 eurotik beherako soldatak dituztenak. Ekimen honekin 1.400 euroko gutxieneko soldata aldarrikatu du LABek EAE eta Nafarroako patronalen aurrean, eta honen alde egitea eskatu diegu enpresarien ordezkariei. Eskaerari bide emateko patronalei lanbide arteko akordiorako proposamena egin die LABek.

Maddalen Dorador LABeko Zerbitzu Pribatuen Federazioko idazkariak hartu du hitza Bilbon, Confebasken egoitzaren aurrean: “1.400 euroko gutxieneko soldata aldarrikatzeko mobilizatu gara”. Aberastasunaren banaketan kokatu du gakoa: “Sortzen den aberastasuna modu justu batean banatzea eskatzen dugu”, langileek eta enpresariek jasotzen dutena alderatuz. “Dirua egon badago: gaurkoan hainbat enpresaburuk jasotzen dituzten soldatak bistaratu ditugu. Adibide bat: Sanchez Galanek jasotzen duena, Iberdrolako lehendakaria. Berak hilero zahar egoitzetako 660 langilek beste irabazten du, 799 garbitzailek adina”, azaldu du.

Doradorren hitzetan, “gure lanak aitortu eta duintzea eskatzen dugu. Patronalak zor bat dauka emakume langileokin, zor patriarkala. Bi aldiz aberastu da gure lanarekin, gure enplegu prekarioari esker, eta etxean musutruk egiten ditugun zaintza lanen kontura”, gaineratu du.

1.400 euroko gutxieneko soldata Euskal Herriko batez besteko soldataren %60 da. LAB sindikatuko ordezkariaren arabera, “zer gutxiago, hori bermatzea baino.  Eta horrela izan dadin, EAEn Confebaski eta Nafarroan CEN patronalari enplegu duinerako akordio proposamena aurkeztu diegu”. Jarraian, beste aldarrikapen batzuk ere zerrendatu ditu Doradorrek: “Gutxieneko soldata 1.400 eurotan ezartzearekin batera, sektore feminizatuei zuzenean eragiten dieten hainbat neurri jasotzen ditu proposamenak:  gehieneko lanaldia arautu, soldata arrakala gainditu  eta lanaldi partziala mugatzeko, besteak beste”.

Aldarrikapena esparru politiko-instituzionalean kokatuz amaitu du LABeko ordezkariak bere hitzartzea, “bidezkoa da eta bideragarria da eskatzen duguna. Urkulluri eta Chiviteri dei egiten diegu gai honetan esku har dezaten patronala akordiora bultzatzeko”. LABek honen alde borrokan jarraituko duela adierazi du.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ekainaren 15eko eta 17ko mobilizazioetan parte hartzera deitzen ditugu Bizkaiko Foru Aldundiko beharginak

Telelan plan duin baten alde eta Bizkaiko Foru Aldundian akordioa/hitzarmena negoziatzearen alde deitu ditugu mobilizazioak. Bizkaiko Foru Aldundian (BFA) maiatzaren 18an egindako langileen batzarrean mobilizazio...

Nafarroan aurkeztutako Industria Foru Lege proposamenak eduki gehiago behar ditu sektorearen erronkei erantzun ahal izateko

LABen iritziz, Nafarroako parlamentuan aurkeztu berri den lege proposamenak iraganeko akatsetan sakontzen jarraitzen du, hainbat arlotan norabide egokia hartu baldin bada ere.

Fundiciones del Estandan hitzarmena sinatzea #LortuDugu

Azken asteetan mobilizazio fase luze bat aurrera eraman eta hainbat lanuzte eta greba egun egin ostean etorri da lorpena.