2026-09-28
HomeEkintza SindikalaLan baldintza duinak exijitu ditugu UTE Zakan enpresako langileentzat

Lan baldintza duinak exijitu ditugu UTE Zakan enpresako langileentzat

Elkarretaratzea egin dugu Iruñean, UTE Zakan enpresaren egoitzaren parean. Elkarretaratze honekin LABek salatu nahi izan ditu enpresa horretan dauden lan baldintza kaskarrak: %97ko behin-behinekotasun tasa (bakarrik bi mugagabe daude) eta lan arriskuen prebentziorako neurrien gabezia erabatekoa, besteak beste. Adin txikikoak artatzeko zerbitzuak ematen ditu aipatutako enpresak.

Hain zuzen ere, LAB sindikatuko kideak eta Zakan aldi baterako enpresa elkarteko langileak gaur kontzentratu dira enpresak Iruñeko Iturrama auzoan duen egoitzaren aurrean, plantillako “lan-baldintza penagarriak” salatzeko. Orain dela bi urte eta erdi adingabeei arreta emateko zerbitzu publikoak kudeatzeko sortutako enpresa-multzo horretan kontratuen %97 aldi baterakoak dira —bi bakarrik dira mugagabeak—, eta ez dago lan-arriskuen prebentziorako neurririk.

Zakango zentroetan bizi zen egoera larria ikusita, LAB sindikatuak erabaki zuen esku sartzea eta sail sindikal bat sortu zuen; ondoren, hauteskunde sindikalak sustatu zituen, bakarka irabazi zituenak. Horren guztiaren helburua zen langileei ezarritako behin-behinekotasun justifikatu gabeko eta handi horri aurre egitea eta lan osasunari buruzko baldintzetan hobekuntzak aldarrikatzea.

Oihan Ataun LABeko Esku-Hartze Sozialeko arduradunak azaldu duenez, Zakanen laneko arriskuen prebentzio falta izan da joera nagusia sortu zenetik. “Gaur egun ez dago inolako arrisku ebaluaziorik, ez protokolorik indarkeria, jazarpen eta bertzelakoen aurrean. Eta ez daude eginda, ez beharrezkoak ez direlako, baizik eta Agintzari eta Zabalduz enpresek gidatutako zuzendaritzaren utzikeriagatik”.

Ataunek erran duenez, azken bi urteetan langileek eraso ugari jasan dituzte, gehiegizko okupazioa dago, langileak falta dira, sute bat egon zen etxebizitza batean… “Nork ikuskatzen du enpresa horien jarduera hori guztia, kontuan izanda pasatutakoa pasatuagatik ere ez dituela inork ukitu? Eta erran gabe doaz aurtengo maiatzeko eta ekaineko gertakari larriak: erabiltzaileen arteko borrokak objektu zorrotzekin, logela bateko sutea, eguneroko lanean arrisku larrian dauden langileak ―horietako bi eskaileretan beheiti botatzekotan izan ziren―, Foruzaingoaren etengabeko esku-hartzeak segurtasun faltaren aurrean, antolamendurik eza, hezkuntza-proiekturik eza eta abar”.

LABek salatu du aipatu gertakariak Enpresa Batzordeari eta Nafarroako Gobernuari berari ezkutatu zaizkiela. “Oso larria da”, adierazi du Ataunek. “Enpresak nahierara egiten eta desegiten du, inork ere eragotzi gabe, ezta erabiltzaileendako edo langileendako bizi-arriskurik dagoenean ere”.

“Langileak kaleratu dituzte zerbitzuak ixteagatik —Batzordeko delegatuak barne—”, jarraitu du Ataunek. “Bertze delegatu bat ere gezurrez eta engainuz kaleratu zuten, nahiz eta gero berriz hartu zuten. Gure hauteskunde-zerrenda babestu zuen langile bati ez zioten eman ziurtatua zioten lana. Inoiz ikusi edo pairatu izan den praktika enpresarial makurrenaren adibideak baino ez dira horiek guztiak. Izan ere, zerbitzu publikoak kudeatzen ari diren kudeatzaile pribatu hauek interes handiagoa dute poltsikoak betetzeko, kalitatezko arreta emateko edo langileak zaintzeko baino”.

Azkenik, Ataunek LAB sindikatuaren izenean eskatu du Zakan osatzen duten Agintzari eta Zabalduz enpresak Nafarroako zerbitzu publikoak esleitu eta kudeatzeko aukeratik baztertzeko”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Nafarroako ikuskizun eta ekitaldietako profesionalak grebara doaz berriz hitzarmen bat exijitzeko

LABek, Nafarroako ikuskizun eta ekitaldi sektorean %100aren ordezkaritza duenak, urriaren 10ean grebara deitu ditu sektoreko langileak, patronalari exijitzeko Nafarroako ikuskizun eta ekitaldietarako laguntza teknikorako...

Patronalaren blokeoa salatzen dugu eskola garraioko eta jolastokiko zaintzaileen hitzarmenean, eta Hezkuntza Sailari exijitzen diogu EAEko eskola publikoetan enplegua suntsitzeari utz diezaiola

Interim enpresak soldaten parekatzea mantentzeari uko egin diola salatzen dugu, eta langileei eta hezkuntza komunitate osoari mobilizatzera de egiten diogu.

Osakidetzan bidea borroka dela aldarrikatzen dugu

Osakidetzako mobilizazio dinamikaren hasierak negoziazioa ireki du, baina Osakidetzako lan baldintzak arautzen dituen akordioa negoziatzeko lehenengo zirriborroak eta giza baliabideak antolatzeko plan berriaren proposamena behar bezain garatuta ez daudela uste du LABek. Horregatik, egoera bideratzeko, greba eta mobilizazioak giltzarri izango direla uste du sindikatuak.