2026-10-30
HomeZerbitzu PribatuakSalgaien GarraioaLABek Aguraingo DHL enpresan jasaten ari diren jazarpen sindikala salatu du

LABek Aguraingo DHL enpresan jasaten ari diren jazarpen sindikala salatu du

Aguraingo DHL – EXEL SUPPLY CHAIN EUSKAL LOG enpresan, jazarpena egunerokotasunean txertatuta dago. Azken urte hauetan, “molestatzen” duten langileaz libratzea izan da DHL enpresako helburua eta noski, ahalik eta merkeen egiten saiatu izan dira beti.

Besteak beste, enpresak nahi duen hitzarmena sinatzen ez duten delegatuek, enpresak legea betetzen ez duenean salaketa jartzen duten delegatuek edota langileen eskubideak defendatzen dituzten delegatuek dira enpresa “molestatzen” dutenak.

Baina ez da bakarrik delegatuen kontua. Desadostasuna adierazten duen edozein langile edo bere duintasuna lehenesten duen edozein langile egon daiteke enpresaren jomugan. Kontua da DHLk nahi duela plantila bat inoiz kexatzen ez dena eta bere esanetara dagoena.

Hortaz, enpresak hurrengo biktima edo biktimak aukeratu ondoren, haien kontrako jazarpen itzela hasten da: lanpostu aldaketak, kategoria jaitsierak, produkzioaren jarraipen eta kontrol jasangaitza, arazoak oporretako datak aukeratzeko eta baimenak lortzeko, lan gogorrenak agintzea, amonestazioak, mehatxuak…

Jazarpen jasangaitza eta etengabearen ostean, langile gehienek amore eman eta lana uztea erabakitzen dute.

Arestian esan bezala, enpresak jokaldia ahalik eta merkeen ateratzea bilatzen du eta langileak bere kabuz lana uztea lortzen ez duen kasuetan, arrazoi ekonomikoengatiko kaleratzetara jotzen du, nahiz eta honek indemnizazio txiki bat ordaintzea suposatzen duen.

Trikimailua konplikatzen zaie kaleratu nahi dutena delegatua denean eta orain horrelako kasu baten aurrean gaude hain zuzen. Helburua gauzatzeko, diziplinazko kaleratzeaz baliatu behar dira eta horretan sartu dira buru belarri.

Akusazio faltsuak erabiltzen ari dira, delegatuari leporatzeko mobbing-a egin duela baina guzti honetan tamalgarriena da, beste sindikatu bateko delegatuaren laguntza jasotzen ari direla.

Enpresaren eta gezurrezko mobbing-eko biktimaren artean, salaketa idatzi dute eta antzerki nazkagarria burutu dute. Salaketa orria lankideen artean banatzeaz aparte, enpresatik kanpo ere zabaltzen ari dira, argi geratuz helburua ez dela bakarrik delegatua lanik gabe uztea, eskualdeko herritarren aurrean delegatuaren irudia zikintzea eta kaltetzea ere badela.

Nahikoa da, ez dugu onartuko jazarpen gehiagorik. Behar den guztia egingo dugu enpresaren lotsagabeko jokaera honekin bukatzeko. Patronalari ikustarazi behar diogu Euskal Herriko langileon arteko elkartasunak itzelezko indarra duela eta ez diegula gu zapaltzen utziko. Jakin badakigu gaur delegatu honen kontra ari direla baina bihar edonor izan daitekeela hurrengoa. Gure gainetik ez dira pasako!!
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzako langileek irmoki erantzun diote greba deialdiari, eta kaleak bete dituzte lehenengo greba egunean

Eguerdiko manifestazioek milaka pertsona bildu dituzte, osasun zerbitzuko kategoria guztietako beharginak eta osasungintza publikoa babesteko herri plataformetako kideak eta herritarrak barne.

Osakidetzako grebaren baitan Osasun Sailean eserialdia egin dugu

Bilboko egoitzan ekimena egin dugu goizean, eta Alberto Martinez sailburuari eskutitza helarazi ahal izan diote haren idazkariaren bitartez. Greba eguna oso arrakastatsua izaten ari da....

Nafarroako administrazioko langile guztiek 60 urterekin erretiroa hartu ahal izatea eskatu dugu

Gaur goizean LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du Nafarroako Jauregiaren aurrean, urtarriletik aurrera langileok enegarren eskubide-igalera pairatuko dugula salatzeko: erretiro adin arrunta 67 urtera atzeratzea....