2024-05-05
HomeZerbitzu PribatuakBestelakoakGolf Gorraiz: enpresa hitzarmenaren negoziazioan kaleratutako langile bat berronartua izan da

Golf Gorraiz: enpresa hitzarmenaren negoziazioan kaleratutako langile bat berronartua izan da

Epaitegiak baliogabetzat jo du 2013ko abuztuan egondako langile baten kaleratzea, hitzarmenaren aldeko greban parte aktiboa izan zutenen diskriminazio eta errepresalia egon dela argudiatuz.

LABeko aholkularitza juridikoak Golf Gorraizen justizia egitea lortu du. Orain dela ia urte bete, hitzarmeneko negoziazioen testuinguruan, enpresak %6eko soldaten murrizketa planteatu zuen. Baina, Julian García-Mayoral Gerenteak 6.000 euro hileko izugarrizko soldata izanda, negoziazioak egiten ari zirene bitartean 12.000 euroko gutunazala jasotzen zuela ezagutzean, langileek ezezko borobila eman zioten murrizketari eta aste beteko greba egin zuten.
Negoziatu beharrean, García-Mayoral Jaunak aste beteko greban parte hartu zuten 3 langile kaleratu zituen, eta horri erantzunez langileek greba mugagabera jo zuten. 52 eguneko greba egin ondoren, %6aren murrizketa gabeko hitzarmena sinatzea lortu zen, kaleratutako 2 langilek indemnizazioa hitzartu zuten eta hirugarrena bere berronartzearen aldeko borrokan tinko mantendu zen LABen babesarekin.
Orain, LABeko aholkularitza juridikoak jarritako salaketa aintzat hartu du Epaitegiak eta baliogabetzat jo du langile horren kaleratzea. Balore handiko sententzia da, Golf Gorraizeko kasu zehatza gainditzen duena. Izan ere, “murrizketak onartzen dituzue edo kaleratzeak egongo dira” xantaia patronalari muga jartzen baitio, baita elkartasuna adierazten duten langileak kaleratzeko ohiturari ere.
Epaitegiak, LABek eta Gorraizeko langileek momentuan defendatu zuten bezala, “kaleratzeen izendapenean errepresalia argudioak egoteko seinale nahikorik badaudela” baieztatzen du. “Negoziazio mahaian parte hartu eta greban jarrera oso aktiboa izateagatik kaleratzeetan diskriminazioa izan dela” aintzat hartzen du ere.
“Kaleratutako pertsonak erabakitzean aukeraketa irizpideak ez dira homogeneoak izan, baizik eta enpresak irizpide bat edo beste aukeratu du segun eta zein kaleratu nahi zuen”, epaiak dioenez. “Neutraltasun falta honek diskriminazio irizpideetan sakontzen du, garrantzi handia, beligerante izan eta parte aktibo eta nabaria izan zutenen aurkako errepresalia” izan dela dio.
LABeko Zerbitzu Pribatuen Federaziotik zoriondu nahi ditugu bai bere eskubideen defentsan bukaeraraino heldu den langilea, bai Golf Gorraizeko langileak, beraien kideen berrartzearen aldeko greban izan zuten jarrera duina goraipatuz, baita LABeko aholkularitza juridikoa ere, Gorraizera justizia eraman eta langilea bere lanpostura bueltatzea lortu duen aldetik.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.