2024-05-26
HomeEkintza PolitikoaHaurdunaldian lan-ingurune osasungarria bermatzea ezinbestekoa dela aldarrikatu dugu FREMAP eta Ausolan enpresaren...

Haurdunaldian lan-ingurune osasungarria bermatzea ezinbestekoa dela aldarrikatu dugu FREMAP eta Ausolan enpresaren aurrean

Emakumeen* Osasunaren Nazioarteko Egunaren etorrerarekin, mobilizazio bana egin dugu Gasteizen, FREMAP mutualitatearen aurrean, eta Arrasaten, Ausolan enpresaren aurrean.

Mobilizazio hauekin, LABek salatu du FREMAP mutualitateak ukatu egin diola eskola jangeletako emakume bati haurdunaldiko arriskuagatiko prestazioa, bere lanpostuan arriskurik ez dagoela argudiatuta. Gainera, nabarmendu dugu Ausolan taldeko Cocina Central Magui enpresak ez dituela islatzen bere lan arriskuen ebaluazioetan emakume* langileek jasan behar dituzten benetako arriskuak.

Zentzu honetan, Emakumeen* Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira adierazpen bat egin dugu, diskriminazio oro salatzeko:

Maiatzak 28, EMAKUMEEN* OSASUNAREN NAZIOARTEKO EGUNA

Emakumeen Osasunerako Ekintzaren Nazioarteko Eguna 1987ko maiatzaren 28an Costa Rican Emakumeen Eskubide Sexualen eta Ugaltzaileen aldeko Munduko Sareak egindako batzar batean sortu zen.

Hasiera batean, sexu- eta ugalketa-osasunari eragiten zioten gaiak jorratu zituzten. Lehen urtean, kanpaina bat jarri zen martxan, haurdunen heriotza-tasa salatzeko eta prebentzio-neurriak eskatzeko. Herrialde ezberdinetan milioika emakumek zituzten osasun-arazoei buruzko datu kezkagarrien ondorio izan zen, erlijio, arraza edo sexu-orientazioak zekarren pobrezia, indarkeria, gerra, diskriminazio eta gizarte-bazterketa zirela eta.

1988. urteaz geroztik, Morbilitatearen eta Amaren hilkortasunaren Prebentzioa izeneko kanpaina abiarazi zen, planeta-mailan emakume haurdunari osasun-laguntzarik ez emateagatik erregistratzen diren heriotzen kopuruaz  arreta deitzeko.

Denbora pasa da, baina sakoneko errealitateak berdina izaten jarraitzen du: gutxi ezagutzen da emakumeen* osasunaz eta gainerako gorputz ez-norbatiboez. Gure arazoez gutxi eztabaidatzen da eta politika publikoetatik ematen diren erantzunak ez dira nahikoak eta kasu askotan okerrak dira.

Oraindik ere, zentralitatea eta erreferentzia gizonen gorputzak dira. Horrek izen bat du: androzentrismoa eta ondorioak ditu: ez da kontuan hartzen zer gertatzen den gainerako gorputzekin. Gure beharrek eta gure eskaerek ez dizkie agendak betetzen eta ez die kezkatzen.

Emakumeek* etxeetan edo lan-merkatuan egindako lanei balio txikiagoa emateak lanaren sexu-banaketak ere isla du, bai eta enplegu arloan gure osasunaren zaintzaren balio-ezan. Horrek esan nahi du laneko arriskuen ebaluazioetan eta laneko osasunaren prebentzioan neutraltasun faltsua dagoela, gorputzen aniztasuna kontuan hartu gabe, eta “gizona” dela guztiaren erdigunea. Horrek erabat baldintzatzen du emakumeen* bizitza lan-arloan, eta ondorio kaltegarriak ditu haien osasunean; askotan, arriskuak ez dira onartzen, gaur salatzen dugun kasuan bezala.

Emakumeei* lan prekarioak, partzialak, iraupen laburrekoak, soldata txikiagoak eta lan-baldintza okerragoak ezartzen dizkigute, eta horri guztiari lan-osasuneko baremoak gogortzea gehitzen badiogu, soilik esan dezakegu gure osasuna, gorputzak eta bizitzak ez zaizkiola axola sistemari, soilik ustiatzeko nahi dituztela. Onartezina da sistema kapitalista heteropatriarkalak lan-segurtasunaren eta -osasunaren esparruan gure osasunari ezartzen dion arretarik eza, jasaten dugun diskriminazioa zein gure eskubideen ez aitortzea.

Beharrezkotzat eta ezinbestekotzat jotzen dugu haurdunaldian lan-ingurune osasungarria babestea eta bermatzea, bai alderdi fisiko, bai psikologiko zein emozionalean. Mutuen inposaketa ekonomikoek bete-betean egiten dute talka gure bizitzako ziklo guztietan laneko osasun-eskubidearekin.

Gure gorputza gurea da, eta ezin dugu jarraitu mutuek irizpide ekonomizisten eta produktibitatearen arabera erabakitzen dutenaren menpe.

Gure eskubideen eta gure osasunaren alde borrokatzen jarraituko dugu!

GURE GORPUTZAK, GURE BIZITZAK!

GORA BORROKA FEMINISTA!!!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Iruñea-Tuterako San Juan de Dios ospitaleko langileek ez dute “low cost” langileak izaten jarraitu nahi

Mobilizazioa egin dute Iruñeko Udaletxe plazan, zuzendaritzari negoziatu dezala eskatzeko. Enpresa-batzordeak 5 hilabete daramatza 2022ko abenduan bukatu zen hitzarmen kolektiboa berritu nahian. Soldata duinak eskatu ditu, bizitzaren garestitzearen eta KPIaren arabera eguneratutakoak.

Bergaran lan istripua izan duen langile bat oso larri dago

Atzo arratsaldean lan istripu larria gertatu zen Bergarako Embalan3 enpresan. Enpresako langilea, kamioi bat zamatzen ari zela, zama gainera erori eta azpian harrapatuta geratu zen. Une honetan langilea oso larri zaurituta dago erietxean.

Matia Fundazioko langileek hitzarmena negoziatu ahal izateko blokeoa etetea exijitu dute

Gaur kontzentrazioa egin dugu Matia Fundazioko langileekin batera, fundazioko zuzendaritza salatzeko asmoz, 2024. urtean hasitako negoziazio kolektiboa izoztuta dauka eta.