2026-10-05
HomeEkintza SindikalaLanuzteak eta mobilizazioak egingo ditugu ekainaren 2an, Aiaraldearen etorkizunaren alde

Lanuzteak eta mobilizazioak egingo ditugu ekainaren 2an, Aiaraldearen etorkizunaren alde

Datorren ekainaren 2rako lau orduko lanuztea eta mobilizazioak deitu ditugu Aiaraldean euskal gehiengo sindikaletik, eskualdeko hainbat eragile sozialekin batera, “SOS Aiaraldea” leloarekin. Laudion egingo dugu manifestazioa goizez eta Amurrion, arratsaldez.

Hauxe da sindikatuok eta eragileek osatutako manifestua:

– Aiaraldearen egoera kezkagarria da gaur egun, enpresen itxierak, kaleratzeak, lan-baldintzen prekarizazioak eta eskualde honen aldeko apustu argi eta irmoaren konpromiso instituzional ezak eraginda. Etorkizunik gabe geratzen ari gara.

– Gaurko ekitaldian aldarrikatu dugun bezala, sareak ehuntzen ari dira eragile sozial, sindikal eta Aiaraldeko hainbat mugimenduren artean (enpresa-batzordeak, euskal gehiengo sindikala, gazteak, mugimendu feminista, pentsiodunak, merkataritza eta ostalaritza, hezkuntza, zerbitzu publikoak… besteak beste). Horregatik, eskualde gisa erantzuteko deia egiten dugu, eta gaur “eskualdeko fronteak” bide berri bati ekiten dio etorkizunari begira.

– Zentzu horretan, lanuztea orain arte egindakoaren pausu handi eta logiko bat da eta etortzear dagoen guztiaren urrats berria. Indar-erakustaldia egingo dugu, eta sektore eta mugimendu horiek guztiak bat eginda mobilizazio-egunean parte hartzeko eta egun horretarako deitutako manifestazioetan parte hartzeko deia egiten dugu.

– “S.O.S. Aiaraldea” lelopean, 4 orduko lanuztea deitu da ekainaren 2rako (asteazkena), 10:00etatik 14: 00etara, sektore guztietan, saltokietan eta ostalaritzan izan ezik; izan ere, egun horretarako deitutako manifestazioetan negozioak itxiko dituzte eta protesta bisualak egingo dituzte haien erakusleihoetan.

Bi manifestazio izango dira ekainaren 2an:

-Lehenengoa goizeko 11:00etan deitu dute, Laudioko Herriko Plazatik irtenda.

-19:00etan Amurrion izango da bigarren manifestazioa, Amurrioko Herriko Plazatik (Juan de Urrutia Plaza) irtenda.

Aiaraldea larrialdi egoeran dago. Defenda dezagun gure etorkizuna.S.O.S. Aiaraldea!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gernika-Palestinak hilaren 8rako deitutako mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu

Elkarretaratzeak egingo dira ostegun honetan Euskal Herriko udaletxeetan, 19:00etan. LABek bat egingo du mobilizazio horiekin eta dei egiten du, munduko herrien eta langileen aurka ari den inperialismoaren aurrean, elkartasun internazionalista areagotzera.

Estatu mailan argitaratu berri den grafikagintzako hitzarmenak Arabako eta Nafarroako sektoreko langileen prekaritatea betikotzen du

LABen beti defendatu izan ditugu Euskal Herrian lan egiteko eta erabakitzeko esparruak, hemen negoziatu eta erabakitzeak lan-baldintza hobeak lortzeko aukera emango ligukeelako.

Gipuzkoako suhiltzaile zerbitzuaren egoera salatu dugu Batzar Nagusien aurrean

2026ko irailaren 4an, Gipuzkoako Foru Aldundiko Suhiltzaile Zerbitzuko ofizial guardia-burua bere Donostiako Suhiltzaile Zerbitzuko etxean kokatutako komunikazio zentraleko lanpostu operatibotik bota zuen Donostiako Suhiltzaile Zerbitzuko Zuzendariak. 2018tik indarrean zegoen bi administrazioen arteko hitzarmena pasa den abuztuaren 31n iraungi zela eta zerbitzuaren berrantolaketagatik Donostiako Suhiltzaile Zerbitzuak bulego hori beharrezkoa zuela izan zen horretarako eman zuen argudioa. Guardia-buruaren bulegoa bakarrik ez, hitzarmenean araututa zeuden bestelako lanetarako espazioak erabiltzeko debekua ere ezarri zuen.