2024-04-30
HomeEkintza PolitikoaEusko Jaurlaritzak hiriburuetan egindako errekerimenduak arbuiatu eta Maiatzaren Lehenean mobilizatzeko deia egin...

Eusko Jaurlaritzak hiriburuetan egindako errekerimenduak arbuiatu eta Maiatzaren Lehenean mobilizatzeko deia egin dugu

Gainontzeko sindikatuek bezala, LABek ere Gasteiz, Bilbo eta Donostian aurreikusitako mobilizazioetan itxiera perimetralaren baldintzak bermatzeko eskaria jaso du Ertzaintzaren aldetik.

Aipatutako hiru mobilizazioak ez dira LABek EAEn egingo dituen mobilizazio bakarrak. Izan ere, gainontzeko sindikatuak ez bezala, Maiatzaren Leheneko mobilizazioak deszentralizatzearen alde egin du LABek, bai herritarren parte hartzea errazteko baita joan-etorriak murriztu eta jende pilaketak ekiditeko. Osotara 27 mobilizazio antolatu ditu Euskal Herri osoan zehar.

LABen iritziz, sindikatu deitzaileei ez dagokie itxiera perimetralaren baldintzak bermatzea eta horrela jakinarazi dio Ertzaintzari idazki baten bidez. Sindikatuon eginbeharra da mobilizazio horien segurtasun baldintzak bermatzea eta horrela egingo du LABek, azken hilabeteetan burututako hamaika mobilizazioetan egin bezala.

Gainera, oroitarazi nahi dugu jarduera sindikala badela itxiera perimetral kasuetan aurreikusten den salbuespenetako bat; alegia, lanera joateko itxitako herrietatik atera daitekeen bezala, Maiatzaren Lehenekoa bezalako jarduera sindikaletara joateko ere egin daiteke.

LABen iritziz, Ertzaintzaren jokabidean atzean klasismo nabarmena dago. Pandemia hasi denetik ez dago egon enpresetan segurtasun neurriak bermatzeko inolako ahaleginik Ertzaintzaren edota Eusko Jaurlaritzaren aldetik. Egunero-egunero, milaka langile goaz lanera, ez nahikoa den garraio publikoan pilatuta kasu askotan. Eta joan-etorri horietan baino, kalean eta segurtasun neurri guztiekin egingo diren mobilizazioetan jartzen du arreta Ertzaintzak.

Ematen du koronabirusak baino, mobilizazio sozialak kezkatzen duela Eusko Jaurlaritza. Bada, LABek mezu argia helarazi nahi dio Eusko Jaurlaritzari: langileok erabaki dugu ez dugula krisi honen faktura ordainduko eta ez dugula inor atzean utziko, erabaki dugu zaintza, enplegua edota pentsiorako eskubidearen alde borroka egingo dugula, erabaki dugu premiazkoa den trantsizio ekosozialista eta feminista baten alde mobilizatuko garela. Ildo honetan, Maiatzaren Leheneko mobilizazioetara bertaratzeko deia luzatzen diegu langileei.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Akordio historikoa #LortuDugu Ranzari Enplegu Zentro Berezirako, langile gehienek berretsita

Joan den martxoaren 22an, LAB sindikatuak aurreakordioa lortu zuen Santurtziko lantokiko gerentziarekin, eta apirilaren 19an langileen batzarrean berretsi zen. Bada, orain hitzarmena sinatu dute.

Jarraipen zabala Bizkaiko Grafikagintza sektorearen grebaren bigarren egunean

Lehen orduko piketea osatu duten 200 pertsona baino gehiagok egiaztatu ahal izan dute Cartonajes Erabil bezalako enpresa garrantzitsuetan ekoizpena geldirik dagoela.

Bizkaiko Esku-hartze Sozialeko langileok Gizardatzi eta Geroani eskatzen diegu alde batera utz dezatela 2022az geroztik sektorea hitzarmenik gabe egotera daraman jarrera boikotatzailea

Bizkaiko Esku-hartze Sozialeko langileok 2022. urteaz geroztik hitzarmenik gabe gaude, eta zortzi greba-egun baino gehiago egin ditugu, baita mobilizazio ezberdinak zein barau egunak ere, egiten dugun lana aintzat hartuko duen hitzarmen bat lortzeko helburuarekin.