2026-05-04
HomeEkintza SindikalaNafarroako gazte langileak miseriaren atarian jarri dituen prekaritatea salatu dugu, Ernairekin batera

Nafarroako gazte langileak miseriaren atarian jarri dituen prekaritatea salatu dugu, Ernairekin batera

LAB sindikatuko eta Ernai gazte antolakundeko hainbat kidek kartel handiak jarri dituzte gaur Iruñerriko garraio publikoaren zenbait geltokitan Nafarroako gazte langileek pairatzen duten prekaritatea salatzeko. Markesinetan paraturiko kartelen bidez gazte langileen egoera larria erakusten duten datuak ikustarazi nahi izan dituzte LABek eta Ernaik. Datu horiei buelta emateko, bizitza kapitalaren aurretik lehenetsiko duen bideari ekiteko deia egin dute.

Pandemia hasi zenetik, Nafarroa Garaian, %47 igo da langabezia 25 urtetik beheitiko gazteen artean. Orain 4.685 dira nafar gazte langabeak. Edo, bertze modu batean erranda, orain, hamar nafar gaztetatik hiruk bakarrik dute lana. Hala, Nafarroako langabeen erdiak 35 urte baino gutxiago ditu. Eta lana dutenen artean ere, behin-behinekotasuna izutzeko modukoa da, %56koa hain zuzen.

Gazteen diru sarrerak gero eta prekarioagoak diren arren, diru irteerak etengabe ari dira handitzen. Adibidez, etxebizitzen batezbertzeko alokairua 690 eurotan dago Nafarroan, eta hori ordaintzeko gazteek beren soldataren bi heren erabili behar dituzte. Horregatik hain zuzen, 30 urte baino gutxiagoko gazteen artean bakarrik %16k lortzen du emantzipatzea.

LAB eta Ernairen ustez, datuok argi erakusten dute gazte langileak jo puntuan jarri dituela prekarizazio prozesu orokorrak. Eta horren aitzinean, pandemia garai hauetan, bizitza kapitalaren aurretik lehenetsiko duen bide iraultzaileari ekin behar zaio, bi erakunde hauen erranetan. “Lehentasun izan beharko litzateke zerbitzu publikoak indartzea, langile guztien enplegua eta osasuna bermatzea, zaintza baliabideak sendotzea, tokiko ekonomia babestea, eta oinarrizko behar sozialak ahalbidetzea. Eta gazte langileak miseria arriskutik urrutiratzeko bidean, gobernuek erabaki ausartak hartu beharko dituzte gazteei lan eta bizitza duina bermatzeko: gutxieneko soldata 1.200 eurotan ezarriz, 35 orduko lan astea finkatuz, enplegu suntsiketari atea itxiz, Nafarroako hitzarmen sektorialak lehenetsiz… Finean, gazte langileon interesak kapitalaren interesen aurrean defendatzea dagokio Nafarroako Gobernuari, eta horretarako bidean borrokan jarraitzeko hautu irmoa egiten dugu LABek eta Ernaik”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Denon Bizitzak Erdigunean dinamikak zaintzaren inguruan antolatutako jardunaldietan parte hartzeko deia egiten du LABek

Aspalditik martxan duen zaintza sistema publiko eta komunitarioaren aldeko borroka ildoaren barruan, Denon Bizitzak Erdigunean dinamikak jardunaldi nazionalak egingo ditu datorren larunbatean, maiatzaren 10ean,...

LABek exijitu dio Toquerori, Tuterako alkateari, zentzua berreskuratzeko eta legez kontrako zentsuragatik dimititzeko

Sindikatuaren historia laburbiltzen duen 1974tik etorkizunera LAB zabaltzen erakusketak Tuterako La Rua gizarte etxean egon behar zuen ikusgai 2025eko urriaren 1etik 10era, baina Alejandro...

Saif Abukeshek eta Thiago Ávila aske. Global Sumud Flotillaren aurkako errepresiorik ez

Israelek nazioarteko uretan Global Sumud Flotillaren aurka egindako erasoak salatzen ditugu, zeinak oso larritzat jotzen ditugun, giza eskubideak eta nazioarteko legedia urratzen dituztelako. Era berean, Thiago Ávila aktibista brasildarraren eta jatorri palestinarra duen Saif Abukeshek kataluniarraren atxiloketa salatzen dugu.