2026-05-04
HomeEkintza SindikalaEuskal Herriko kale eta lantokietan ari gara eraikitzen enpleguaren aldeko harresi sindikal...

Euskal Herriko kale eta lantokietan ari gara eraikitzen enpleguaren aldeko harresi sindikal eta soziala

Azken hilabeteetan ematen ari den enplegu suntsiketa geratzeko eta enplegua duintzeko, indarrak batu eta harresi sindikal eta sozial bat sortzearen beharra planteatu genuen urtarrilean. Sindikatuekin erronda bat egin dugu gure gogoetak konpartitzeko, eta, sindikatu bakoitzak estrategia desberdina duela agerian geratu arren, LABek sustatutako hausnarketa emaitza ematen ari dela jakinarazi dute sindikatuko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Negoziazio Kolektiboko eta Ekintza Sindikaleko idazkari Xabier Ugartemendiak, Bilbon egindako agerraldian. Hain zuzen ere, langileek LABen mezua oso ongi ulertu dute, eta, siglen gainetik, enpleguaren defentsan borroka egitea ezinbestekoa dela eta borroka ez dela bakoitzaren lantokian hasi eta bukatzen iritzi dute: “Langile elkartasunaren garrantzia zein den oso ondo barneratua dute”.

Enpleguaren alde mobilizazio ugari ari dira gauzatzen. Formato desberdinetan egin badira ere, guztietan jendearen erantzuna itzela izan da. Garbiñe Aranbururen hitzetan, “oraingo eta etorkizuneko enplegua defendatu behar da. Orain borrokan dauden langile horiei babesa eman behar zaie. Enpresa zein sektoreetako borroka horiek dimentsio sozial bat izan behar dute eta eremuz eremu egiten diren borroka horiek dinamika herritarrekin lagundu behar dira, horretarako mobilizazio diseinuak eginez”.

Hala, idazkari nagusiak azken asteetan mobilizazio eredu desberdinak izan direla azaldu du, “eta guztiak dira balekoak LABentzat”. Gasteizen urtarrilaren 30ean egindako manifestazio bateratua ekarri du gogora, hainbat enpresa batzordetatik deituta; Aiaraldean egindako mobilizazio eguna, euskal gehiengo sindikalaren parte hartze aktiboarekin; eta ITPko langileek Barakaldon egindako mobilizazio jendetsua, besteak beste.

Bestelako deialdi batzuk lantzen ari dira, eta, sindikatuok apirilaren 22rako sektore publiko guztian deituta dugun greba adibide, badaude ere abian diren beste borroka batzuk.

“Egin dugun gogoeta emaitzak ematen ari da. Sindikatuen arteko desadostasunen gainetik, enpleguaren defentsan erantzuna artikulatzen ari da”, berretsi du Garbiñe Aranburuk. 

Madrilera begiratu gabe

Idazkari nagusiaren hitzetan, “Madrilera gutxiago begiratu eta arreta gehiago jarri behar dugu Euskal Herrian. Hemen, bestelako errealitate sindikal eta sozial bat dugu, bestelako indar bat patronalaren asmoei aurre egiteko. CONFEBASK eta CEN patronalei mezu argi bat bidaltzen ari gara: badituzte bitarteko legalak langileak oso erraz kaleratzeko, baina ezin izango dituzte erreforma horiek baliatu”.

Zentzu honetan, lantokietan horrela jokatzen ari gara eta jokatuko dugu:

-Enplegu Erregulazioko Espedienteak (EEE) aurkezten ari diren enpresetan, borroka eredugarriak martxan jartzen ari dira. Hainbat kasutan EEEa akordio gabe amaitzen da, sindikatuok ez gaudelako prest azken urteetan irabaziak eta dibidendo banaketak izan dituzten enpresei kaleratzeak errazteko. ITP, Aernnova, Tubacex eta Gestamp dira kasu batzuk. Akordiorik gabe EEEa amaitu eta kaleratzeak gauzatuz gero, epaitegietan lanpostu horiek defendatuko ditugu, baita mobilizazioen bitartez ere, enpresek oso argi izan behar dutelako ez dugula kaleratzerik onartuko.

-Aldi Baterako Erregulazioko Espedienteak (ABEE) aurkezten dituztenean, berriz, enplegua bermatzeko neurriak adostuko ditugu. ABEEra jo nahi duen enpresa orok enpleguari eusteko konpromiso argia adierazi behar du.

Hala ere, enplegu suntsiketa ez dela enpresa industrial handietan bakarrik ematen zehaztu du Garbiñe Aranburuk, ezarri den lan harreman ereduak oso enplegu hauskorra sortu duelako, gazteak eta emakumeak kaltetzen dituena batez ere. Sektore horietan ere ari gara borrokak sustatzen eta artikulatzen.

Azken finean, LABek jarraituko du enplegu suntsiketa geratu eta enplegua duintzeko borrokan eta enpleguaren alde dauden mobilizazio mota desberdinetan parte hartzen. “Behetik gora sortzen ari gara erantzuna, eskualdez eskualde, herriz herri, ari da enpleguaren aldeko harresi sindikal eta sozial hori sortzen”, erantsi du idazkari nagusiak.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Denon Bizitzak Erdigunean dinamikak zaintzaren inguruan antolatutako jardunaldietan parte hartzeko deia egiten du LABek

Aspalditik martxan duen zaintza sistema publiko eta komunitarioaren aldeko borroka ildoaren barruan, Denon Bizitzak Erdigunean dinamikak jardunaldi nazionalak egingo ditu datorren larunbatean, maiatzaren 10ean,...

LABek exijitu dio Toquerori, Tuterako alkateari, zentzua berreskuratzeko eta legez kontrako zentsuragatik dimititzeko

Sindikatuaren historia laburbiltzen duen 1974tik etorkizunera LAB zabaltzen erakusketak Tuterako La Rua gizarte etxean egon behar zuen ikusgai 2025eko urriaren 1etik 10era, baina Alejandro...

Saif Abukeshek eta Thiago Ávila aske. Global Sumud Flotillaren aurkako errepresiorik ez

Israelek nazioarteko uretan Global Sumud Flotillaren aurka egindako erasoak salatzen ditugu, zeinak oso larritzat jotzen ditugun, giza eskubideak eta nazioarteko legedia urratzen dituztelako. Era berean, Thiago Ávila aktibista brasildarraren eta jatorri palestinarra duen Saif Abukeshek kataluniarraren atxiloketa salatzen dugu.