2024-05-05
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaLanaldi partzialetan jubilazio pentsio duina exijituz bildutako sinadurak aurkeztu ditu LABek Legebiltzarrean

Lanaldi partzialetan jubilazio pentsio duina exijituz bildutako sinadurak aurkeztu ditu LABek Legebiltzarrean

Lanaldi partziala duten langileen artean, emakumeak nagusiki, espainiar araudiak eragiten duen diskriminazio salatzeko kanpaina egin du LABek. Ekimenak bi helburu ditu, Gasteizko zein Iruñeako Parlamentuei diskriminazio egoera honekin amaituko duen araudi propioa garatzeko eskatzea, eta espainiar Gobernuari aldarrikapen hauei erantzungo dien jubilazio legedia onar dezala eskatzea.

Eskarietan aldarrikapen argia eta zehatza egiten da: pentsioa jasotzeko baldintzak berriz arautzean, lanaldi partzialean lan egindako egun bakoitza kotizatutako egun bezala kontuan izateko.

Kanpaina honen baitan jasotako sinadurak Gasteizko Parlamentuan erregistratuko ditu LABek gaur. Bihar Nafarroako Gobernuan eta datorren astean Espainiako Gobernu zibilean aurkeztuko ditu.

LABek Legebiltzar Taldeei igorritako gutuna

Legebiltzar Taldeei
Duela bi urte, Europar Justizia Auzitegiak, 2012ko azaroaren 22ko epaiaren bidez, jubilazio pentsio eskubidea izateko kotizazioen zenbatekoetaz aritzen den espainiar araudia zuzenbide komunitarioaren kontrakoa zela ebatzi zuen, emakume eta gizonezkoen arteko berdintasun printzipioa hausten zuelako. Araudiak, zeharka bada ere emakumeekiko diskriminazioa eragiten zuen, izatez lanaldi partzialetan aritzen diren langileetatik %70 emakumeak direlako. Honi gehitu behar zaio kasu gehien-gehienetan jardunaldi partzialetan aritzea ez dela libreki aukeratu. 

Europak salatutako espainiar araudiak baldintza zorrotzagoak eskatzen zizkien lanaldi partzialean aritzen ziren langileei. Jubilazio pentsioa jaso ahal izateko egun gehiago izan behar zituzten kotizatuak eta, gainera, ondoren jasotzen zen pentsioaren zenbatekoa ere txikiagoa zen. Langile hauekiko diskriminazio bikoitza eragiten zuen, beraz. 

Epai hauen harira, Hego Euskal Herriko milaka emakumek bideratu zituzten euren eskaerak Gizarte Segurantzara. Eskariotan aldarrikapen zehatza eta argia egiten zen: pentsioa jasotzeko baldintzak berriz arautzean, lanaldi partzialean lan egindako egun bakoitza kotizazio eguntzat kontuan hartzeko, Europatik Espainiar Estauari egiteko agindu bezala. 

Gobernuak, hala ere, Kongresuan onartu duen araudiarekin, emakumeekiko diskriminaziorik suposatuko ez lukeen pentsio sistema justu eta berdintsua ezartzeko zeukan aukerari heldu beharrean, berriz ere emakumeoi iruzur egin eta emakumeok lan munduan ere jasaten dugun diskriminazio egoera iraunarazten duten partxeo neurrien alde egin du: araudi honen arabera, lan egindako egun bakoitza ez da aitortuko kotizatutako eguntzat. Aitzitik, lan egindako egunei “partzialtasun-koefiziente” izeneko bat aplikatuko die. 

Egia da egungo araudiarekin jubilazio pentsioak jaso ahal izateko eskatzen den gutxieneko kotizazioa murriztu egiten dela, baina 15 kotizazio-urte beteak dituztela ziurtatzerik ez duten pertsona guztiei pentsioa murriztu egingo zaie, eta jardunaldi partzialen kasuan hau askotan gertatzen da. 

Beraz, jubilazio-pentsioa jasotzeko eskubidea pertsona gehiagori zabalduko bazaie ere, galdera da zer pentsio mota izango den jasoko dutena. Miseriara eramango gaituzten pentsioak dira, gehienetan osatu egin beharko direnak (gutxienekora heltzen ez diren pentsioei osagarri bat ezarriko zaie, baina honek ezingo du gainditu prestazio ez-kontributibo moduan egokituko litzatekeen kopurua). Gerta liteke, beraz, jasoko den pentsioa, osagarria gehituta ere, ezarritako gutxieneko pentsiora ez iristea, bizi osoa lanean eman ostean. 

Hau horrela izanda, Gasteizko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoeengana zuzentzen gara ondorengo eskaerarekin: 

• Lanaldi partzialean aritzen diren langileen eskubideak bermatuko dituen jubilazio araudi propioa onar dezazuen eskatzeko (lanaldi partzialean lan egindako egun guztiak kotizatutako egunak direla aitortuz). 

• Diskriminazio egoera honekin bukatuko duen araudi propioa arautu bitartean, aurrekontuan partida bat bideratu dadila, egoera honetan dauden lagun guztien pentsioa osatzeko, lan egindako egunak kotizatutako eguntzat hartuak izango bailiran, (beti ere pertsona guztiei gutxieneko pentsioa bermaturik). 

Justiziazko eskaera hau kontuan hartuko duzuelakoan, afektatutako hainbat langileren sinadurak ere helarazi dizkizuegu. 

Adeitasunez

  

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.