2026-10-12
HomeZerbitzu PublikoakEusko JaurlaritzaEAEko Administrazio Publikoaren Legearen aurreproiektua, itxurakeria eta iruzurra berriro ere

EAEko Administrazio Publikoaren Legearen aurreproiektua, itxurakeria eta iruzurra berriro ere

Atzoko Gobernu Kontseiluan Administrazio publikoei gardentasuna eta herritarren parte-hartzea areagotzeko ustezko asmoarekin hainbat neurri aurkeztu zituen Eusko Jaurlaritzak. LABen iritziz neurriok itxura positiboa eduki badezakete ere, eskasak izateaz gain aurpegi garbiketarako baino ez dute balioko.

Lehen irakurketa batean, eta kontutan hartuta eskuinaren joera izenburu potoloen atzetik letra xehe arriskugarriak ezkutatzen direla, LAB ezin da poztu aurkeztutako ustezko neurriokin. Hain zuzen ere, Administrazio Publikoa argaltzen duen politikak egiten ditu gobernuak, benetako gardentasuna urratu egiten du. Horrela, ustezko gardentasun hori oinarrizko egituran bakarrik emango zen, neurri gabeko eta ezelako herri-kontrolik gabeko ilunkeria, negozioa eta adiskidekeria pribatizazioaren bidez handituz. Izenburuetan iragarritakoa, funtzionario eta kargudunen ordainsariak publiko egitea alegia, indarrean dauden legeak betetzea besterik ez da, beraz sinisten ez diegun borondatean oinarritzen da. Euskal sektore publikoko erakundeen erregistro bat eratzea, eman nahi dituzten pribatizazioen aurrean jendartearen kezka arintzeko ariketa bat besterik ez da, arazoaren muina desbideratuz.

Bigarren ardatzak ere kale egingo du, «erregelamenduetarako herri-ekimenaren bidez» jendartearen ustezko parte-hartzea ez baita batere sinesgarria. Ezaguna da Jaurlaritzak eta bera eusten eta sustatzen duen EAJk zein jaramon egiten dien jendartearen aldarrikapenei, hutsaren hurrena alegia: horra hor zerbitzu publikoetan lanaldia handitzen duen dekretazoaren aurrean langileek behin eta berriz adierazitako borondateari, edota lan erreformak berton ez aplikatzeko luzatutako aldarrikapenei Jaurlaritzak egindako muzina. Herriak eduki badu ahotsa eta askotan adierazten du kalean, baina halako neurriak ongi etorriak badira ere, agintariek herriaren borondatea soilik bide burokratikoen bidez bideratzea sakondu nahi dute.

Azkenik esan herritar eta langileok parte hartzeaz gain erabakietan ere egon nahi dugula, eta alde horretatik iniziatiba hau guztiz ez-nahikoa da.

Beraz, borondatea benetakoa bada eta zerbitzu publikoetan gardentasuna eta herritarren parte-hartzea bultzatzea bada helburua, LABen ustez egitasmo hau oso mugatuta dago: Pribatizazioak ekiditeko eta herritarron erabakitzeko ahalmena bermatzeko mekanismoak zeintzuk izango dira; erabakigunea Madrilen dagoela jakinda, handik etortzen diren euskal herritarren borondatearen kontrako lege eta aginduei aurre egiteko tresnak eta jokabideak…
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Nafarroako ikuskizunetako teknikari eta laguntzaileek greba arrakastatsutzat jo dute eta hitzarmen duina eskatzen dute

Nafarroako ikuskizun eta ekitaldietako teknikariek eta laguntzaileek larunbatean deitutako grebak jarraipen zabala izan du sektoreko langileen artean eta ondorioz hainbat kultur jarduera bertan behera geratu dira. Horien artean, Gayarre Antzokian aurreikusitako ikuskizuna, Baluarteko areto nagusian programatutako dantza emanaldia eta Civivox Pompelon eskainitako emanaldi bat daude. Gainera, Baluarteko hitzaldiak soinurik eta argirik gabe egin dira.

Gaur, urriak 12, ez daukagu ospatzeko ezer

LAB sindikatuak planto egin ohi die inposatutako jai egunei, Euskal Herriarentzat lan egutegi propio baten aldarria egiteaz gain. Hala, urriaren 12an, delako “Hispanitate Egunaren”...

Eskatzen dugu Avanza autobusetako gidariek zerbitzu bereziak egiteagatik dagokien ordaina jaso dezatela

Sindikatuari, noski, oso ondo iruditzen zaio garraio-zerbitzua hobetu nahi izatea eta herritarren eta bidaiarien joan-etorriak erraztea. Gidariak eurak dira zerbitzuak behar bezala funtzionatu dezan eta eta erabiltzaileen beharrei erantzun diezaien nahi duten lehenak. Hala ere, uste dute ez dela bidezkoa neurri berri bakoitza beti jende berberaren ahalegina baliatuz ezartzea.