2026-02-02
HomeEkintza PolitikoaPartekatutako beste elkarlan eremu bat hautsi du ELAk: Euskal Herria, Katalunia eta...

Partekatutako beste elkarlan eremu bat hautsi du ELAk: Euskal Herria, Katalunia eta Galizako lau sindikatu soberanistok eginiko adierazpena

Aste honetan LABekin partekatutako beste elkarlan eremu bat hautsi du ELAk: lan erreformaren derogazioa eskatzeko dinamikatik LAB baztertuz, Euskal Herria, Katalunia eta Galizako lau sindikatu soberanistok pasa den ikasturtean eginiko adierazpenaren garapena zapuztu du. Ez da erabaki isolatua izan; aitzitik, azken hilabeteotan LAB-ELA elkarlanaren kontrako hainbat erabaki hartu ditu ELAk.

Bere eredua eta erabakiak inposatu eta hori egin ezin duenean aldebakarreko erabakiak hartzea edo kasu honetan moduan LAB ekimen batetik kanpo uztea, ohikoa bilakatzen ari da ELAren egiteko moduetan. Elkarlana sendotu eta indar metaketaren aldeko apustua egiteko unean horrelako jokabideek, euskal herriko langileen interesak kaltetzen dituzte.

LABen ustez, bi dira ELAren jarreraren atzean dauden aldagai nagusienak. Lehenengoa: eremu publikoan eta azpikontratatuan bai, baina eremu pribatuan Patronalarekin konfrontatzeari uko egin dio ELAk.

Urtarrilaren 30eko Greba Orokorraren harira, 1200 euroko gutxieneko soldata, 35 orduko lan-astea, emakumeen aurkako soldata arrakalaren ezabaketa eta subrogazioaren bermea jasoko lituzkeen Akordio Intersektoriala egitea exijitu genion Confebask eta CEN patronalari. Batak eta besteak ezezkoarekin erantzun ziguten eta, ezezko horren aurrean mobilizazio berriak antolatu ordez, Adegirekin eta Confebaskekin elkarlan giroa sustatu du ELAk, ERTEen osagarrien inguruko akordio ez nahikoa egiten saiatuz eta Gipuzkoako Metalean borrokarik gabeko hitzarmen bat adostuz. Confebasken eta ELAren arteko harreman on hauek baieztatu izan dituzte erakunde bietako bozeramaileek.

LABen ustez, premiazkoa da prekarietatearen kontrako eta enplegu duinaren aldeko borroka indartzea. Horretarako proposamenak egin izan dizkiogu ELAri ikasturte hasieratik, arrakastarik gabe. Urtarrilean, egoera okertzen ari zela ikusita, enplegua defendatzeko harresi bat osatzea proposatu genion hala ELAri nola gainontzeko sindikatuei. Baina ELAk uko egin dio behin eta berriz enplegu duinaren aldeko borroka elkarrekin egiteari.

Bi sindikatuon arteko elkarlana baztertzeko ELAren bigarren arrazoia, honako hau da: ELAk uko egin dio Euskal Herriaren autodeterminazio prozesua gauzatzeko beharrezkoa den Estatuarekiko konfrontazio demokratikoa sustatzeari. 2017ko irailean, aldaketa soziala ahalbidetuko duen alde bakarreko burujabetza prozesuaren alde egin genuen bi sindikatuok, baina adierazpena plazaratu eta gutxira utzi zuen bertan behera ELAk, koiuntura politikoa desegokia zela argudiatuta.

Ordutik koiuntura politikoa aldatu den arren, ez da sumatzen ELAren aldetik adierazpen hartan hartutako konpromisoei heltzeko inolako interesik. Zoritxarrez, horrela izan da azken hamarkada honetan: koiuntura politikoak aldatu dira, aldatu direnez, baina ELArentzat ez da inoiz heldu une egokia aldaketa soziala ahalbidetuko duen autodeterminazio prozesuari begirako konpromisoak hartzeko.

Areago eta gehiago, euskal harremanetarako eta babes sozialerako esparruaren aldarrikapenak gero eta leku gutxiago dauka ELAren diskurtsoan. ELAk gero eta gehiago begiratzen du Madrilera, langileen interesak bertatik defendatuko dituelakoan eta arretan behar ez den lekuan jartzea da. Eta nabarmen geratu da ELAk ez duela inolako asmorik egungo marko juridiko-politikoaren mugak gaindituko duen ekimenik sustatzeko, ez lantokietan ezta orokorrean ere.

LABen iritziz, aipatutako bi aldagaiak daude ELAk elkarlana indargabetzeko hartu dituen erabakien atzean. Eta beharrezkoa iruditzen zaigu euskal langileria eta Euskal Herria egoera honen jakitun izatea. Halere, sendotasun berberarekin zera diogu:

LABek ez du amore emango eta elkarlana garatzeko ahaleginean jarraituko du, posible den eremuetan, bai ELArekin baita bestelako euskal eragile sozial, sindikal eta politikoekin, bizitzen ari garen sindemiari aurre egin eta premiazkoa den trantsizio ekosozialista eta feminista sustatzeko. Euskal langileriak nahiz Euskal Herriak horrela eskatzen dute.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatu da LAB, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen “ezkutu soziala” bertan behera utzi dutela salatzeko 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatu du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...

LABek adierazten du Udalen sektorerako Udalhitz hitzarmeneko negoziazio mahaia deitu gabe eta blokeatuta dagoela azaroaren 7az geroztik

Udalhitzen blokeoa gainditzeko otsailean hasiko den mobilizazio dinamika bati ekingo dio LABek Urte bat igaro da EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuoi dei egin zigunetik eta mahai...