2026-06-19
HomeZerbitzu PublikoakNafarroako AdministrazioaAnbulantziarekin garraio-lanak egiten dituzten langile guztien artean, Nafarroako suhiltzaileak dira txertaketa-planean jaso...

Anbulantziarekin garraio-lanak egiten dituzten langile guztien artean, Nafarroako suhiltzaileak dira txertaketa-planean jaso ez diren bakarrak

Duela egun batzuk, Nafarroako Gobernuak Coviden aurkako txertaketa-plana argitaratu zuen. Bertan, lehen mailako osasun-langileak zeuden, hala nola premiazko osasun-garraiokoak, zentro soziosanitarioetako langileak eta egoiliarrak, patologia larriak dituzten pertsonak… Pentsatzekoa da ibilbide-orri horretan Nafarroako herritar guztiak daudela islatuta, esleitzen zaien lehentasunaren arabera sekuentziatuta. Baina, ez dira agertzen larrialdiko osasun-garraioko lanak egiten dituzten suhiltzaileak.

Nafarroan larrialdiko garraiorako anbulantzietatik 13 baino ez dira sare publikokoak, eta horiek suhiltzaileek kudeatzen dituzte. Langile horiek ez dira sartu Nafarroako Gobernuaren txertaketa-planean. Horregatik, horren berri jakin bezain laster, Nafarroako Babes Zibileko Langileen eta Suhiltzaileen Batzordeak ohar bat atera zuen “hanka-sartze” horri buruz ohartarazteko.

Hala ere, LAB sindikatuak hanka-sartze horretatik haratago aztertu du afera eta azpimarratu nahi du Larrialdietako Garraio Sanitarioko langile guztiak 2. taldean sartu direla, suhiltzaileak izan ezik. Hau da, azpikontratatutako enpresa pribatuetako langileak behar bezala kokatu dira txertaketa-planean, baina ez da hala gertatu lan berberak egiten dituzten langile publikoekin.

Salaketa jarri ondoren ere, Osasun eta Barne sailetako arduradunek entzungor egiten jarraitzen dute, eta kolektibo horri ez ikusiarena egiten.

Horren aurrean, zenbait galdera helarazi nahi dizkiegu Osasuneko kontseilari Indurain andreari eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Herrizaingo Departamentuko lehendakariorde eta kontseilari Remírez jaunari:

– Zein da bazterketa honen arrazoia?
– Jabetzen al zarete suhiltzaileei txertoa ez jartzea erabakita, larrialdietako osasun-laguntza eta garraioa errusiar erruleta makabro moduko bat bihurtzen direla?

Pertsona batek osasun-laguntza eskatzeko 112 zenbakira deitzen duenean, gerta daiteke gaixoa artatu eta ospitalera eramaten duten langileak segurtasun-berme handiz garraiatzea, txertoa jarri dietelako. Baina gerta daiteke, halaber, SOS Nafarroako langileak joatea eta txertatu gabeak izatea; eta beraz, ez egotea behar bezain babestuta. Ondorioz, artatzen ari direnarentzat arrisku bihur litezke. Mobilizatutako anbulantzia Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuak dituen 13 anbulantzietako bat bada, artatuko duten langileek txertoa jarri gabe izanen dute.

Horiek gerta litezke, nahiz eta Osasun Departamentuaren txertaketa-protokoloek dioten langile horiei txertoa jarri behar zitzaiela.

Transmisioa, gainera, bi norabidekoa izan daiteke: gure anbulantzian laguntza jasotzen duen edonork transmiti diezaguke birusa, baina suhiltzaile batek birusa transmititu diezaioke gaixoari edo zaurituari ere; eta pazienteak, ez dezagun ahaztu, ospitalera eraman behar dituzte, eta han ere kutsatze-katearekin jarrai dezakete.

Horrela, bada, jasaten ari garen bazterketaren aurkako ahotsa altxatzen dugu LAB-Suhiltzaileak (bien bitartan, gure zeregina betetzen jarraitzen dugu, bai horixe!).

Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu utz diezaiola beste alde batera begiratzeari (guk argi daukagu nora begira dagoen), protokoloak bete ditzala eta ahalik eta azkarren konponbide bat jar dezala, eta erabateko konpromisoa har dezala zerbitzu publikoak eta kalitatezkoak defendatzeko eta ezartzeko; izan ere, oraintxe arriskuan jartzen ari da larrialdi-zerbitzuen arreta behar duten herritarren osasuna.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gaur, berriro ere Udalhitzeko mahaia blokeatu dute EAJk eta PSEk, aurrerapausorik ez dutelako eman euskararen gaian zein zerbitzu publikoen kudeaketan

EAJk eta PSEek, Enplegu Publikoaren euskal Legearen moldaketaren eztabaida aitzakiatzat erabiliz, lan-hitzarmen batek jaso ditzakeen klausuletan ez dute aurrera egin nahi izan, eta merkantilizazioa...

HHEEetako zerbitzu orokorretako langileak beharra sortzen denean bertan ordezka ditzaten exijitzen dugu

Dagoeneko bi ikasturte oso daramatzagu Nafarroako Gobernuko haur eskoletako zerbitzu orokorretako langileen ordezkapenak egiteko arazo larriekin. Horrelako kontratazioak, egiten badira, oso berandu egiten dira, zoritxarrez. Eta batzuetan enpresa pribatuetara ere jotzen dute kontratazioak egiteko. Horrek tentsio larria eta gainkarga handia eragiten die langileei, horretarako beharrik izan gabe.

Bilboko udal eraikinetako garbitzaileek udalari exijitu diote behingoz ardura har dezala gatazkan

Lan baldintzak hobetzeko bederatzi greba aste egin ostean, atseden hartzeko unea iritsi zaie, baina ohartarazi dute datorren ikasturtean indartsu berrekingo diotela borrokari.