2026-10-02
HomeEkintza SindikalaKaleratzeek egoera benetan dramatikoak ekarriko dituztela ohartarazi dute PCB enpresako langileek

Kaleratzeek egoera benetan dramatikoak ekarriko dituztela ohartarazi dute PCB enpresako langileek

PCBko enpresa batzordearen oharra, gaurko agerraldiaren harira:

Urtarrilaren 7an, zuzendaritzak Barakaldoko eta Sestaoko ITP Aero Casting lantegietan kaleratu nahi dituen langileen zerrenda modu interesatuan argitaratu eta iragazi zuen. Zuzendaritzaren ustez, COVID-19ak eragindako krisi koiuntural hau 90 lankideren ardurapean egon behar da, urteetan zehar enpresa sektore aeronautikoan ondo kokatuta egon dadin lan gogor egin eta gero.

Izan ere, zerrenda errepasatzen badugu, egoera benetan dramatikoak aurkituko ditugu:

Lantegi berdinean lan egiten duten bikoteak, familia-nukleo oso bat txikituz; anai-arrebak; Familia duten 40 eta 50 urte baino gehiago dituzten langileak; 10, 15 edo 20 urte baino gehiago enpresan lanean daramatzaten pertsonak; familia-arrazoiengatik lan murrizketa duten langileak,emakumeak bereziki; Berriki ama edo aita izan diren kideak, etab. Eta guzti hori,lan erreformak ezartzen duen bezala konpentsazio ekonomiko eta sozialik txikienarekin. Casting-eko zuzendaritzak egindako atentatu hau, gure bizitzen kontura ITP taldeak poltsikoak betetzen jarrai dezan egin du.Malgutasunez, taldearen konpromisoaz eta erakundeen erantzukizuneko tresnen bidez egoera hau ekidi daitekeela argi dugu.

Hori dela eta, langileek greba mugagabea hasi dugu. Arrazoiz beteta gaude fronte guztietan borrokatzeko eta egoera honetatik lanpostu guztiak mantenduz, ateratzeko. Badakigu harrapaketa honen atzean aurtengo udaberrian Rolls Roycek gauzatu nahi duen ITP taldearen salmenta dagoela. Ildo horretan, ITP Aero Casting enpresako langileok argi dugu:Ez dugu onartuko gure kideak taldearen salmenta gauzatzeko trukerako txanpona izatea. Horregatik, zuzendaritzari, kaleratze kolektibo hau ken dezala eskatzen diogu eta erantzunkizunez egin diezaiola aurre negoziazio-aldiari. Sektorea berreskuratzen den bitartean, Barakaldoko eta Sestaoko lantegietako berme ekonomikoekin, langile bakar bat ere ez kaleratzea posible dela egiaztatu dugu enplegu-erregulazioko espedientea negoziatzeko prozesuan.

Era berean,laguntza publikoak jaso dituen sektore estrategiko bat dela ulertuta, gatazka honetan bitartekari lanak egiteko eta lanpostu guztiak mantentzeko eskura dituzten mekanismoak martxan jar dezaten eskatzen diegu Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea da, bide batez langabeziarekin eta pobreziarekin amaitzeko.

Azkenik, zuzendaritza goi mailako agintarien bidez,langileak beldurtzeko helburuarekin, erabiltzen ari diren arte txarrak eta presioak salatu nahi ditugu. Mezu argi bat guzti hauei: Aurrean izango gaituzue. Horregatik, Enpresa Batzordeak asmo handiko mobilizazio-egutegi bat lantzen ari garela, eta datozen egunetan argitaratuko dugula iragarri nahi dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.