2024-05-05
HomeEmakumeakLan-zentroetako indarkeria matxistaren aurrean benetako protokoloak aldarrikatuko ditugu enpresa eta administrazioetan

Lan-zentroetako indarkeria matxistaren aurrean benetako protokoloak aldarrikatuko ditugu enpresa eta administrazioetan

Etzi da azaroaren 25a, Indarkeria Matxistaren kontrako Nazioarteko Eguna. LABek mobilizazioak egingo ditu Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta beste eskualde batzutan, “indarkeria matxista identifikatu, salatu eta borrokatu!” lemarekin:

–  Donostian, 11:00etan Eusko Jaurlaritzan (Andia, 13)

–  Bilbon: 11:00etan Udaletxean

–  Iruñea. 12:00etan CEN

–  Gasteiz: 11:00etan Aldundiaren aurrean (Probintzia plazan)

Indarkeria matxistaren kontrako protokoloen garrantzia azpimarratuko du LABek aurten, Ildo horretan, enpresa eta administrazioei exijituko die protokolo espezifikoak eta eraginkorrak abian jartzea.

Era berean, LABek bat egiten du Euskal Herriko Mugimendu Feministak azaroaren 25ean, arratsaldez, hiri eta herrietan deitu dituen mobilizazioekin eta dei egiten die langileei euretan parte har dezaten.

Azken datuen arabera, indarkeria matxistak gora egin du hilabete hauetan. Bizi dugun salbuespenezko egoerak argi uzten du jendarte gisa dugun askatasun-murrizketa, non argi eta garbi baiezta baitezakegu emakumeok pandemia honen ondorio zuzenenak pairatuko ditugula eta jasango ditugula. Gure bizitzaren prekarizazioa etengabea da eta egoera honetan intentsitate handiagoz gertatzen da.

Indarkeria matxista egiturazkoa da. Bizitzako esparru guztietan gertatzen da. Ez da eremu pertsonal edo pribatukoa, edo bi pertsonaren artekoa, ezta “gaixo” batzuen ekintza ere. Sistema patriarkalak emakumeok eta sexu-genero arauarekiko disidenteak garen pertsonak egokitu nahi diguten mendeko lekuan mantentzeko duen moduetako bat da.

Beraz, lan-eremuan ere gertatzen da: ostalaritzan, lantegietan, udaletan, garbiketan, Eusko Jaurlaritzan, nekazaritzan, etxeko lanean, nagusien egoitzetan, supermerkatuetan, etxez etxeko laguntzan, edozein bulegotan, merkataritzan, garraioan, baita gure erakunde eta sindikatuetan ere. Guztion ardura da baliabide eta mekanismo guztiak martxan jartzea, horrelakorik gerta ez dadin. Baina, noski, erantzukizun guztiak ez dira berdinak. Lan- arloan, enpresari dagokio horrelako indarkeriak prebenitzeko eta, behin gertaturik, aurre egiteko eta erreparatzeko mekanismo horiek erabiltzea.

Enpresa bati horrelako protokoloa martxan jartzeko eskatzen diogunean, gure uste osotik eta erantzukizun kolektibotik ere egiten dugu. Horregatik, ez dugu indarkeria matxista beste batzuek erabiltzen duten zerbait izango balitz bezala jokatzen, eta gure esparruetan horretatik libre egongo bagina bezala. Guk ere horrelako tresnak ditugu, gure erakundeak indarkeria matxistarik gabeko guneak izatea nahi dugulako.

Hori dela eta, azaroaren 25ean indarkeria matxistaren aurkako protokoloek gure erakundeetan ere duten garrantzia azpimarratu nahi dugu. Indarkeria matxistaren aurrean ezer ez egiteak hura legitimatzea esan nahi duelako, horretaz ez hitz egiteak ez duelako desagerraraziko, eta uste dugulako, balio feministetan oinarritutako erakunde gisa, indarkeria matxistari aurre egin behar diogula. Gure apustua indarkeriaren erreparazioa, ez- zigortzailea eta erantzukizun komunitarioa da.

Ildo horretan, lantokiei exijitzen diegu protokolo espezifikoak eta eraginkorrak abian jartzea. Eta salaketa bat dagoen bakoitzean aktibatzeko eta ikertzeko eskatzen dugu. Ez digu ezertarako balio protokoloak izateak gero aktibatzen ez badira. Eta hori guztia, gure erantzukizunetik eta eredutik exijitzen dugu. Indarkeria matxista borrokatu!

Etxeko langileak

Azken hilabeteetan LABen antolatzen hasi diren etxeko langileak azaroaren 28an aterako dira kalera. Izan ere, langile hauek ez dute azaroaren 25an mobilizatzeko aukerarik izango, asteazkena izanda, lanean egongo baitira. Indarkeria matxistak eurena bezalako sektore prekarioan dituen adierazpide zehatzak salatuko dituzte.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.