2024-05-04
HomeIrakaskuntzaHaur EskolakAurrez aurreko benetako negoziazioa eskatzen diegu Haurreskolak Partzuergoa eta EAEko Hezkuntza Sailari

Aurrez aurreko benetako negoziazioa eskatzen diegu Haurreskolak Partzuergoa eta EAEko Hezkuntza Sailari

Haurreskolak Partzuergoan ordezkaritza dugun LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok mahai negoziatzailea berandu baino lehen deitzea eskatu genion gerenteari eta Hezkuntza Sailari irailaren 22an. Horri erantzunez, gaurko bilera telematiko baten deialdia jaso genuen, gure eskaerak kontuan hartzen ez zituena eta negoziatzeko borondate falta agerian uzten duena. Hori dela eta, ez konektatzea, Partzuergoaren Eibarreko egoitza aurrean kontzentratzea eta ostiraleko manifestazioetan gure aldarriak eramatea erabaki dugu.

Covid-19ren osasun-krisia hasi zenetik, Haurreskolak Partzuergoan ordezkaritza dugun LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok ahalegin asko egin ditugu egoera honi aurre egiteko, itzulera adostua negoziatzeko, beharreko bitarteko material zein giza baliabideak eskatuz. Hala ere, Haurreskolak Partzuergoko gerentziak ez die biderik eman egindako eskaerei.

Haurreskolak Partzuergoan ere inprobisazioa nagusi izan da Hezkuntza Sailak egindako pandemiaren kudeaketan. Ekainean, presaka eta korrika, haurreskolak aurrez aurreko hezkuntza zerbitzua ematera itzuli ginen; orduan, arlo pedagogikoa zein prebentziokoa jasotzen dituen kontingentzia-plana argitaratu zuen Partzuergoak ordezkaritza dugun sindikatuekin adostu gabe.

Ikasturte-hasieraren inguruan Partzuergoarekin negoziatzeko eskaera hainbat aldiz egin eta gero, uztaila hasieran eta amaieran sindikatuekin eseritzera behartu genuen enpresa, baina ez ginen adostasunetara iritsi. Haurreskolak Partzuergoko gerentea den Zorione Etxezarragak argi adierazi zigun iraileko agertokia “normaltasunarena” izango zela, eta horren baitan pertsonalean edo materialean inbertsio gehigarririk gabe hasiko ginela ere. Eta horrela izan da.

Ikasturtea hasi eta iragarri bezala, Hezkuntza Sailak ez du baliabide gehigarri bakar bat ere jarri: ez kontingentzia-plana erantzuteko baliabide pertsonalik, ez haurreskola bakoitzaren egoera ekonomiko latzari erantzuteko bitarteko ekonomikorik. Kontratupeko hezitzaile asko egunero desplazatzen ari dira euren haurreskolatik beste batera inolako irizpiderik gabe, kontratazio berria blokeatuta dagoelako, osasun-irizpideak kontuan hartu gabe eta pedagogikoki beti defenditu dugun ikasturteko oinarria den haurren egokitzapen aldia kolokan jarriz; hau guztia, matrikulazio gutxiago daukagula aitzakia hartua.

Beraz, Haurreskolak Partzuergoari, lan-baldintza seguruak eta kalitateko zerbitzua bermatzeko, haurreskolaz haurreskola eta Eibarreko egoitzan dauden beharren azterketa egitea eta horri aurre egiteko behar bezalako langile eta baliabideez hornitzea eskatu genion:

• Kontingentzia Planak behar bezala bete ahal izateko lan-baldintza egokiak: behar besteko prestakuntza, Covid arduradunak haurrik gabeko denbora izatea, talde txiki eta itxiak bermatzeko hezitzaileen kontratazio berriak.

• Irizpide pedagogikoak kontuan hartuko dituen behar bezalako Hezkuntza Zerbitzua eskaintzea. Egun batetik bestera antolakuntza-aldaketak egitera behartu gabe hezitzaile faltagatik.

• NBEak eta haurreskoletako funtzionamendurako beharrezkoa den aparteko hornikuntza ekonomikoa egitea.

• Hezitzaileen egonkortasuna bermatzea.

• Kontingentzia Planetik eta aukera berdintasuna bermatzeko asmoarekin, 2. agertokitik ezarrita dagoen aforoaren muga kentzea.

• Hezkuntza Saileko ordezkaria Haurreskolak Partzuergoko mahai negoziatzaile guztietara etortzea.

Gure harridurarako, ikasturteko lehenengo mahai negoziatzailearen deialdia jaso dugu urriaren 1erako, modu telematikoan egiteko asmoarekin eta honako gai orden honekin: 2020ko hezitzaileen lanpostuen zerrenda eta baremazio deialdia. Gai-ordena ikusita, hiru sindikatuok espreski eskatu diogu Partzuergoari urriaren 1eko bileran goiko puntuetan agertzen diren inguruko aurrez aurreko negoziazioa. Honi ere ezezko erantzuna jaso dugu.

Gauzak horrela, agiria sinatzen dugun sindikatuok, eskatutako gai-ordena jasoko duen aurrez aurreko mahai negoziatzailera deituak izan ez garenez, gaurko deituta zegoen bilera telematikora ez gara konektatuko eta dei egiten diegu Haurreskolak Partzuergoko langileei ostiralean burutuko diren manifestazioetan gainontzeko hezkuntzako langileekin batera parte hartzera, ikasturte segurua eta adostua aldarrikatzen jarraituko dugulako

Halaber, Bildarratz Hezkuntza Sailburuak sindikatuekin hitz egiteko agertutako asmo adierazpenetatik haratago, zehaztasun eta baliabide-aurreikuspen eta bermeak nahi ditugu. Horrez gain, espero dugu Haur hezkuntzako lehenengo zikloak (0-3) hezkuntza-sistema osoan duen garrantzia ulertzeko eta, behingoz, Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna eta Hezkuntza Sailean integratzeko urratsak emateko gai izatea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.