2026-09-30
HomeEkintza SindikalaJai egunak, bizi egunak. Nafarroan eta Euskal Herri osoan, irekiera 0!

Jai egunak, bizi egunak. Nafarroan eta Euskal Herri osoan, irekiera 0!

LAB sindikatuak PPk, pasa den abenduan nafar parlamentuak, oposizioko alderdi guztien bozekin, urtean ireki daitekeen jai egun kopurua 8tik 4era jaitsi eta asteko irekiera orduak 72tan mantentzen dituen lege proiektuaren onarpena errekurritzearen intentzioaren gaineko balorazio eskaini du gaur Iruñean.

LAB sindikatuak beti lan egin izan du, langileekin batera igande eta jai egunetan saltokiak ez irekitzeko aldarrikapena Nafarroan errealitatea izan dadin. Lan honek aurten garrantzia handiagoa hartu du oraindik, PPk ordutegien liberalizaziorako inposatu duen legea onartu ondoren; izan ere, lege honek urtean ireki daitekeen jai egun kopurua 16 arte handitu (orain arte Nafarroan legez 8 egun ireki zitezkeen baina akordio batek 4etara mugatzen zuen) eta astean ireki daitekeen ordu kopurua 90 ordutara (Nafarroan, orain arte, asteko maximoa 72 ordutan zegoen) igotzen du. Gainera lege honek autonomi erkidego guztiak 10 egunetako irekiera minimoa zehaztera behartzen ditu.

Pasa den abenduan nafar parlamentuak, oposizioko alderdi guztien bozekin, gai honetan legeak egiteko duen eskumena defendatuta, urtean ireki daitekeen jai egun kopurua 8tik 4era jaitsi eta asteko irekiera orduak 72tan mantentzen dituen lege proiektua onartu zuen.

Honen aurrean LAB-ek bere iritzia argiki adierazi du behin eta berriz: lege hau ez da nahikoa baina positiboa izan daiteke Nafarroako egoerara gehiago egokitzen delako eta 0 irekieraren bidean doalako. Eta arrazoi asko dugu hau esan eta gure 0aren aldeko jarrera mantentzeko:
− Sektoreko langileen lan-baldintzek txarrera egiten dutela eta prekarietatea merkataritzan igande eta jai egunetan lan egitea dela
− Honek lan postuak sortu ez, eta saltoki txikien biziraupena arriskuan jartzen duenez, enplegu suntsiketa ekarriko duela.
− Langileen lan eta familia bizitzak bateratzea ezinezkoa dela.
− Merkatalgune handiei mesede egiteko neurriak direla eta salmenta hauetara bideratzea bilatzen duela.
− Kontsumitzaileoi gastatzea gastatzeagatik helburu duen jendarte eredu kontsumista inposatu nahi digutela, harreman sozialak, kirola, kultura…bezalako ohituren gainetik.

Gure lana beti zintzoa izan da eta gure aldarrikapena argia: Nafarroan eta Euskal Herri osoan, irekiera 0! Eta gu, gure diskurtso eta planteamenduetan mantendu gara, beste batzuk ez bezala. Izan ere, PPk lege hau errekurrituko zuela iragarri zuen eta, lege hau ez betetzeak ekar zezakeen liberalizazioaren beldur direla argudiatuta, jakin izan dugu Izquierda-Ezkerra eta PSN, lege hau asimilatu eta hamar egun irekitzeko proposamena babestea erabakitzen ari direla.

Agerraldi honen bidez LAB sindikatua osatzen dugunok azken hauen jarrera lotsagarria salatu eta orain arte denok batuta egin dugun bidean jarraitzeko deia egiten diegu. Herri bezala erantzun behar diogu eraso berri honi! Madriletik datorren guztiari burumakur amen esateari uzteko garaia da! Ez dezatela hau gelditzea ezinezkoa dela esan. Posiblea da hau gelditzea baina kalean egitea da modu bakarra. Horretarako lanean tinko eta batuta mantentzea ezinbestekoa da. PP-UPN eta ANGED-ek entzun behar gaituzte! Nafarrok ez dugu jai egun eta igandeetan lan egin eta kontsumitu nahi!!! Merkatari txikien elkarteak, sindikatu guztiak eta oposizioko alderdi guztiak bat gatozela esan esan diegu. Ba orain, batuta, hau onartuko ez dugula erakutsi behar diegu!

Ez dezatela aitzakiarik jarri; Nafarroan 10 egun irekitzea baimentzen bada, beraiek izango dira errudun, hau baimendu dutelako, honen kontrako batere indarrik egin gabe. Beste aukerarik ez dagoela diote baina ez dute hortzak erakusteko inongo saiakerarik egin. Ez dezatela beste inor erruduntzat jarri: PP da hemen liberalizazioaren bidean pausuak ematearen errudun bakarra. Eta haiek kolaboratzaileak honen kontra ezer ez egiteagatik..

Hauek dira ere, beraz, Nafarroan honen ondorioz emango diren kaleratzeen errudun, langabetu tasa igotzearen errudun, langileen lan baldintzak prekarizatzearen errudun, denda txikiak ixtearen errudun… Beraiek dira. Herritarrek, dendari txikiek eta langileek eskatu ez dituzten eta nahi ez dituzten neurri hauek gelditzeko lan nahikoa ez egin eta inposaketa hauei bidea irekitzeagatik. Gehiengoaren kontra eta gehiengoaren kaltetarako hartuak direlako.

Ez dira Nafarron mesedetarako hartutako neurriak. Corte Inglés bezalako denda handiei eta merkatalguneei mesede egiteko besterik ez dira egin. Interes ekonomikoengatik eta haien presiopean.

PP-ri eta Madridi (eta haien kolaboratzaileei) esan nahi diegu errespeta dezatela nafar jendarteak, nafar langileek, Nafarroako sindikatuek eta nafar parlamentuko gehiengoak dioena. Ez dugulako inposaketa bat gehiago nahi eta onartuko!

Bertako alderdi politikoei inposaketa, injerentzia eta eraso berri hau onartu ez dezatela exijitzen diegu. Haien esku dagoelako Nafarroako konpetentziak defendatu eta hemengo gehiengoak dioena errespetu araztea.

Eta urtetan gai honetan bide lagun izan ditugun sindikatuei arduraz joka dezatela exijitzen diegu. Jarrera konformista eta eroso hori alde batera utzi eta gurekin lan egiteko planteamendu bat egitera eseri daitezela. Nafarron hitza ozen entzun arazteko eta irekierarik ez egoteko bidean pausu berriak emateko.

Azkenik nafar jendarteari helarazi nahi diogu hau gelditzeko modu bakarra mobilizazioa dela. Bertako erosle, sindikatu (langile) eta merkatari txikiak batu behar gara hau lotsagarria dela salatu eta kontra gaudela adierazteko. Eta alderdi, sindikatu eta enpresari txikien elkarteak ere uler dezatela: bulego eta toki erosoetatik atera eta nahikoa dela esateko mugitu eta mobilizatu daitezela.

Raxoiri eta Barcinari nahikoa dela ozen esateko garaia da.
Ez dugulako inposaketa gehiagorik onartuko!
Nafarroan Irekiera 0!
Jai egunak, bizi egunak! 

 

LAB SAREAN
{module[111]}

    

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Langileen aldarrikapenei erantzungo dieten proposamen zehatzak eskatu dizkiogu Osakidetzari

Osakidetzako Zuzendaritzak aurkeztu egin du Mahai Sektorialeko sindikatuei bidalitako proposamena. Lan Baldintzak Arautzen dituen Akordioaren lehen zirriborro bat da eta dokumentuak ez du barneratzen sakoneko gaiei buruzko proposamenik, hala nola ordainsariak, lanaldi murrizketa edo lan kargak.Gai horiek sindikatuon aldarrikapenen artean daude.

Ez dugu onartzen patronalek akordioak ez betetzeagatik langileak kaleratuak izatea

2024ko otsailean Greba Amaierako Akordioa (GAA) sinatu genuen. Hurrengo egunean langileok gure lanpostuetara bueltatu ginen. Baina patronalek ez zuten akordioa bete, fede txarrez negoziatu eta sinatu baitzuten, hau da, sinatutako akordioa beteko ez zutela jakinda. Lehenik eta behin, ez zituzten soldatak eguneratu nahi, gero ez zituzten sortutako atzerapenak ordaindu nahi, eta, ondoren, uko egin zioten ordu bateko eskola ordua murrizteari eta lan pertsonalerako ordu bateko igoera aplikatzeari. Horrenbestez, epaitegietara jotzera behartu gintuzten, sinatutakoa bete zezaten. Hiru aldiz jo behar izan dugu Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusira (EAEAN), eta hiruretan epaileek arrazoia eman digute, argi eta garbi utziz KEk (Kristau Eskolak), AICE-IZEAk eta ikastetxeek bete behar zuten akordioa urratzen zutela. Epaiek patronalek erabili dituzten argudioak desmuntatzen dituzte, honako baieztapen hauek jasotzen baitituzte: 1. Akordioak hitzarmen maila duela, sinatzaileek nahitaez bete behar dutela eta 2024ko otsailaren 5etik, hau da, sinatu zen egunetik aurrera, indarrean zegoela. 2. Itundutako soldata eta lan-baldintzak ez daude finantzaketa publikoari lotuta eta ez daude finantzaketa publikoaren menpe. Zehazki, eskola-orduak ordubetez murrizteko neurriak, adostua eta sinatua dagoenak, bi helburu zituen: 1. Langileen lan-karga izugarria murriztea. 2. Matrikulazioen jaitsieragatik ikasgelak galtzearen ondorioz hurrengo ikasturteetarako aurreikusitako inpaktua eta langileen kaleratzeak murriztea. Izan ere, horrela ahalbidetuko litzateke ikasgelaren bat ixten den ikastetxeetan kaleratzeak saihestea. Nola? Bada, eskola-ordu murrizketa aplikatzearen ondorioz egin beharko liratekeen kontratazio berriekin konpentsatuz. Gainera, ikasgelarik ixten ez den ikastetxeetan kontratazio berriak egongo lirateke, eta Birkokapen Akordioaren bidez, beste ikastetxe batzuetatik kaleratutako langileek lehentasuna izango lukete. Horrela egin behar zen, baina KEk eta AICE-IZEAk uko egin diote. Publikoki esaten dute kezkatuta daudela ikasgelak ixteagatik, baina ez da horrela, beren ez-betetzeekin eta fede txarrarekin 160 kaleratze baino gehiago eragin baitituzte. Joan den ikasturtean 100 langile inguru kaleratu zituzten, eta ikasturte honetan 160 baino gehiago. Ikasgela galtzearen ondoriozko kaleratze “objektiboak” salatuko ditugu, bidegabeko kaleratzeak direla argudiatuz; izan ere, kaleratzea ez da ikasgela galtzeagatik gertatu, baizik eta ikasgela galtzeagatik eta sinatutako irakastordu murrizketa ez aplikatzeagatik. Hau da, patronalek Greba Amaierako Akordioa bete ez izanaren ondorio zuzena da 160 langile baino gehiago kaleratzea, baita horiek birkokatzea oso zaila izatea ere. Gaur, irailak 30, arratsaldez, ikasturte berria ospatuko du KEk Gasteizko San Viator Ikastetxean. STEILASek, CCOOk, LABek eta UGTk garbi dugu ez-betetzeekin eta kaleratzeekin ez dugula ezer ospatzeko, eta bai asko aldarrikatzeko. Hori dela eta, arratsaldean ospakizunaren atarian esango diegu, argi eta ozen, sinatutako akordioa bete behar dutela eta negoziazio mahaira hitzarmen proposamen bat eraman behar dutela, atzerapausorik gabekoa eta GAAn sinatutako eskubide guzti-guztiak jasoko dituena. Eskola-orduen murrizketa eta lan pertsonalerako bost orduak jaso beharko ditu. Horrek, neurri handi batean, gelak ixteagatiko kaleratzeak murriztuko lituzke. 2026ko maiatzean, berriro ere, patronalek seriotasun faltaz eta fede txarrez jokatu zuten. Negoziazio mahaian hitzarmen-proposamen bat aurkeztu zuten, arreta zuzeneko orduak murriztea eta lan pertsonalerako bosgarren ordua ezartzea jasotzen zituena. Bost egun geroago erretiratu egin zuten, baina zer gertatuko litzateke sindikatuek proposamena sinatu izan balute? Jarrera hori errespetu falta ikaragarria da sektoreko 9000 langileekiko. Patronal serioak behar ditugu, sinatzen dutena betetzen dutenak. Horrenbestez, beste behin ere honakoa exigitzen diegu KEri, AICE-IZEAri eta ikastetxe guztiei, aplikazioaren azken arduradunak baitira: 1. Sinatutako GAA osorik betetzea, eskola-orduen murrizketa barne, dagokion konpentsazioarekin. 2. Atzerapausorik gabeko hitzarmen-proposamena aurkeztea eta GAAn adostutako guztia jasotzea. Bide batez, sektoreko ikastetxeen %20 inguru ari dira aplikatzen eskola-orduen murrizketa, Elizbarrutiko ikastetxe guztiak barne. Egin daiteke, baina ez dago horretarako borondaterik. STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok patronalen ez-betetzeak salatzen jarraituko dugu, GAAn jasotako eta sinatutako eskubide guztiak bete arte.

Enpresaren kudeaketa negargarriak hartzekodunen konkurtsora kondenatu du Olazabal y Huarte

Gasteizko enpresa historikoak itxierari eta 30 lanpostu suntsitzeari egin behar die aurre. Olazabal y Huarte enpresa txarto kudeatua izan da hainbat urtez. Duela urte batzuk,...