2024-04-23
HomeIrakaskuntzaIkastolak2007tik sinatzen ez zen Nafarroako Ikastoletako Lan Hitzarmena berritzeko akordioa lortu dugu...

2007tik sinatzen ez zen Nafarroako Ikastoletako Lan Hitzarmena berritzeko akordioa lortu dugu NIErekin

LAB sindikatuak Nafarroako ikastoletan daukan gehiengoa baliatuta (%95), Nafarroako Ikastolen Elkartearekin Lan Hitzarmena berritzeko akordioa lortu du. Akordio horrek 700 langile ingururi eraginen dio.

Lan Hitzarmena 2010etik luzatuta zegoen. Urte hauetan guztietan zehar murrizketak, salaketa, mobilizazioak, lan erreforma… gertatu dira. Negoziazio korapilatsuetan hiru urte pasata, akordiorako funtsezko edukiak zeudela baloratuta, eta afiliatu eta delegatuen erabateko babesa jaso ondoren, LABek NIErekin zortzi hilabeteren buruan Lan Hitzarmen berria idazteko akordioa sinatu duen sindikatu bakarra izan da.

Akordio honek ahalbidetuko du martxoko nominan Nafarroako Itunpekoaren markoan, besteak beste, LABek sinatutako akordioari esker, Nafarroako Ikastoletako langile guztiek urtarriletik %2,25eko soldata igoera jasotzea (Nafarroako Gobernuak ordaintzen duen zatian) eta dagozkien atzerapen guztiak. Honela, langileen artean sortutako soldata diferentziak bukatuko dira. Sindikatuak aprobetxatu nahi du 2018ko igoera aplikatzeko Tantirumairu, Labiaga, Baztan, Iñigo Aritza, Andra Mari, Arangoiti, Ibaialde, Lizarra, Erentzun eta Garces de los Fayos ikastolek langileen alde izandako jarrera eskertzeko.

LAB eta NIEk sinatutako akordioa 2019rako da, baina 2020ra luza daiteke hurrengo hilabeteetan Nafarroako Gobernuarekin itunpekoaren markoan bi sinatzaileek akordioa lortuko balute eta luzatzea egokia baderitzote. Akordioak hainbat eguneraketa eta aipatutako soldata igoeraz gain, hobekuntza ugari jaso du: PPren lan erreformari aurre egiteko neurriak, jazarpen morala eta sexualerako prebentzio protokoloa, irakasle itundu eta ez itunduen arteko lan baldintza berdintasuna, ikasturte baterako kontratatzen den irakasleak urtebeteko kontratua izanen du, bi lan kategoria berriak, baimenetan hobekuntzak, erakundeen aurrean interpelazio lerro komuna eta langile soberakin eta beharren kudeaketarako prozesu gardenago eta parte-hartzaileagoa.

Honela, LABek ikastoletako langileekin hartutako konpromisoa bete du. 2017an ikastola guztietan langile batzarrak egin ostean, langileen %81ek erabaki zuen soldata taula berria, beste hobekuntza batzuk jasoko zituen Lan Hitzarmenarekin batera sinatuko zela, eta hola egin du.

Balizko murrizketa baten aurrean, NIEk LABek proposatutako formuletako bat egoera langileen ordezkariekin adosteko onartu ondoren, negoziazioa desblokeatu da eta akordioa posiblea izan da. LABek balioan jarri du urte ilunetako arrakala gainditzeko bi aldeek erakutsitako borondate irmoa eta denon onerako izanen den akordioa lortzeko jarrera irekia eta ausardia. Akordioaren balioa bikoitza da: aurtengo eta agian hurrengo urterako Lan Hitzarmen berria egonen da, baina batez ere adostasunik gabeko urte gatazkatsu eta gogorrak atzean uztea dakar.
Hau guztia posiblea izan da lan baldintzen defentsan urtetan garatutako borrokari esker. Sindikatuak eskertu nahi du urte hauetan ia-ia 50 delegatuek egindako lan itzela. Ezinbestekoa izan da LABen afiliatuek eta hauteskunde sindikaletan ehunka langilek botoen bidez emandako konfiantza eta ekimen desberdinetan jasotako babes izugarria. LAB langileen lan baldintzen defentsarako lantresna kolektiboa dela beste behin erakutsiz.

Aurrerantzean erronka handiak daude, bai Lan Hitzarmen berriaren idazketa eta aplikazioari begira, zein Nafarroako Gobernuaren esku dagoen hainbat atalaren interpelazio eta borrokak bideratzeari begira. LAB, orain arte bezala, lehen lerroan egonen da, borrokan ikastoletako langileen bidelaguna izanik, ikasgelan zein kalean.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Patronalak negoziazioa bideratu eta grafikagintza sektorean grebak saihesteko atea itxi du

Patronalaren jarrera guztiz immobilistarekin topo egin dugu LAB-ELA-CCOO-UGT sindikatuok sektoreko hitzarmenaren negoziazioaren hamahirugarren bileran.

Desgaitasunaren itunpeko sektorea Nafarroan: atzerapausorik ez gure lan eskubideetan

Nafarroako Gobernuarekin itundutako desgaitasuna duten pertsonen arretarako zentroetako langileok mobilizatu egiten gara VI. sektoreko hitzarmenaren negoziazioaren egoera publikoki salatzeko.

Azken garraiolariaren heriotza salatu eta errepidean gertatzen diren lan istripuen kopuru altuaz ohartarazi dugu

Gaur goizean 58 urteko garraiolari bat hil da istripuz Arren, Nafarroa Garaian. LAB sindikatutik, lehenik eta behin, doluminak eta elkartasuna adierazi nahi dizkiegu hildakoaren senide eta lagunei. Eta ohartarazi nahi dugu, eta salatu, 2024. urtean, Euskal Herrian, dagoeneko 21 langile hil direla lanean edo lan istripuz –laneko gaitzen batek jota hil direnak kontuan hartu gabe–, eta horietako zazpi garraiolariak izan direla.