2026-10-31
HomeEkintza SindikalaBeharrezkoa da kalitatezko osasungintza publikoaren aldeko borroka indartzea

Beharrezkoa da kalitatezko osasungintza publikoaren aldeko borroka indartzea

Osakidetzak 10 urte baino gehiago daramatza EAEko herritarrekiko duen erantzukizuna saihesten. Une honetan, osasungintza publikoa kudeatzeko erabiltzen dituen politika pribatizatzaile eta oldarkorrak azaleratzen ari dira: arretarik eza, osasun zerbitzuek gainezka egitea, lan-esplotazioa, zerbitzuen itxiera eta abar luze bat. Horrek egoera dramatikoa sortzen du lantokietan, eta asistentzia-kalitatea minimo historikoetara murriztu du.

LAB sindikatuak urte asko daramatza Osakidetzari exijitzen 3.000 langileren behinbehinekotasun iraunkor eta iruzurrezkoarekin amai dezala, prekaritateari aurre egiten dioten neurriak hartu eta lanpostu horiek egonkortu ditzala, modu honetan biztanleria kalitatezko asistentzia-ratio onargarriekin zaindu ahal izateko. Urteak daramatzagu Osakidetzari ratioen lege bat eskatzen, paziente bakoitzari bere gaitzaren arabera dagokion arreta bermatu ahal izateko; urteak daramatzagu Osakidetzari eskatzen langile kopurua handitzeko, pandemia baino lehen jadanik gehiegizkoak ziren lan-kargei aurre egiteko.

Osasun-arretaren kalitateak behera egin du azken 10 urteetan, Osakidetzaren borondate faltaren eta utzikeriaren ondorioz. Gaur egun ospitaleak eta osasun-zentroak kolapsaturik daude eta Osakidetzako arduradunek ezartzen dituzten zentzugabeko protokoloek ezin dute egoera gordina izkutatu: herritarrak osasun arretarik gabe daude.

EAJ eta bere gobernuko kidea, PSOE, pandemiaren ondorioz gainezka eginda daudenak eurak direla ikusarazten saiatzen ari dira, osasun publikoaren ahultzearen erantzule ez balira bezala. Benetako pandemia, EAEn jende gehien hiltzen ari den pandemia, bi alderdi horiek eta beren politika pribatizatzaileek ordezkatzen dutena da. Hamar urte baino gehiago errepikatzen daramagun esaldia, “murrizketek hil egiten dute”, modu dramatikoan gauzatzen ari da hilabete hauetan.

Behar bezala dimentsionatutako osasungintza, bizitzen ari garen bezalako egoerei aurre egiteko prestatutako osasun publikoa, posible zen, da eta izango da. Baina ez da bateragarria Jaurlaritzaren politika antisozialekin, abiadura handiko trenak eraikitzea lehenesten dutena, ez da bateragarria lehen mailako arreta deuseztera bideratutako politikekin, ez da bateragarria gure osasuna merkantilizatzen duten enpresa pribatuei mesede egiten dieten politikekin.

Kalitatezko osasungintza publikoaren alde konplexurik gabe borroka egin behar da kalean, negoziazio-guneetan, parlamentuetan, erabaki-eremu guztietan. Herritarrei mobilizatzeko dei egiten diegu: beren osasunaren alde, gure osasunaren alde, osasun publikoaren alde eta EAJren eta PSOEren politika antisozialen aurka.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzako langileek irmoki erantzun diote greba deialdiari, eta kaleak bete dituzte lehenengo greba egunean

Eguerdiko manifestazioek milaka pertsona bildu dituzte, osasun zerbitzuko kategoria guztietako beharginak eta osasungintza publikoa babesteko herri plataformetako kideak eta herritarrak barne.

Osakidetzako grebaren baitan Osasun Sailean eserialdia egin dugu

Bilboko egoitzan ekimena egin dugu goizean, eta Alberto Martinez sailburuari eskutitza helarazi ahal izan diote haren idazkariaren bitartez. Greba eguna oso arrakastatsua izaten ari da....

Nafarroako administrazioko langile guztiek 60 urterekin erretiroa hartu ahal izatea eskatu dugu

Gaur goizean LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du Nafarroako Jauregiaren aurrean, urtarriletik aurrera langileok enegarren eskubide-igalera pairatuko dugula salatzeko: erretiro adin arrunta 67 urtera atzeratzea....