2026-10-20
HomeLAB SindikatuaLABNafarroan antolatutako auto karabanen debekua berretsi du Nafarroako Auzitegiak

Nafarroan antolatutako auto karabanen debekua berretsi du Nafarroako Auzitegiak

Nafarroako Auzitegiak ez du aintzat hartu LABen helegitea eta berretsi egin du Espainiako Gobernu Ordezkaritzak sindikatuak Maiatzaren Lehenerako Nafarroan zituen lau auto karabanen debekua. Mobilizazio horiek Iruñerrian, Estellerrian, Tafallaldean eta Sakanan egitekoak ziren, COVID-19 pandemiaren inguruko kudeaketa instituzionala salatu eta bizitzaren sostengarritasuna erdigunean kokatuko duen eredu ekonomiko eta sozial berria aldarrikatzeko.

Aipatutako auto karabanek sindikatuaren lan osasunaren arloak zehaztutako protokolo zorrotzaren arabera zeuden antolatuak: gehienez 20 ibilgailu, gidari bat ibilgailu bakoitzeko, materialaren jasotze eta itzulera segurua, eta abar. Era berean, alarma egoerak ezarritako baldintzak aintzat hartuz antolatu dira karabanak: lan egiteko kalera ateratzea legezkoa da eta jarduera sindikala lantzat hartzen da.

Eskubide zibil eta politikoen aurkako eraso larria iruditzen zaigu debekua. Gaur zein aurreko egunetan milaka lagun bere autoekin lantokira joan eta kasu askotan 8 orduz beharrezkoak diren segurtasun neurririk gabe lanean egongo diren bitartean, Maiatzaren Lehenean 20 autok segurtasun neurriak betez karabana bat egin dezaten debekatzea ulertezina da. Botere-abusu argi bat da, lanean segurtasun eta osasun neurriak ez betetzeagatik lantokirik batere zigortu ez den bitartean, segurtasun neurriak betetzen dituen jarduera bat debekatzen baita. Eta, alarma egoeran egonda ere, indarrean jarraitzen duten eskubide demokratikoen aurka egindako eraso larria da.

Era berean, gogoratu behar da pasa den astean Huerta de Peraltako langileek deitutako elkarretaratze bat debekatu zuela Gobernu Ordezkaritzak, aipatutako agintekeria berberarekin: lantokiaren barruan lan egin bai, baina lantokiaren sarreran protesta egin ez, nahiz eta segurtasun-neurriak bete.

Debeku hauek guztiak onartezinak dira eta ez dute zerikusirik osasun irizpideekin. Covid-19ari aurre egiteko aitzakian, zentralismoa, autoritarismoa eta kontrol soziala inposatzen ari dela nabarmena da. Era berean, Nafarroako eragile sozial, sindikal eta politikoekin mintzatuko gara, gertakari larri hauen neurriko erantzun bat adosteko asmoz.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko mahai orokorra: Eusko Jaurlaritza kudeaketa irizpideen bila joaten da Madrilera

Langile publikoen soldata igoera, erretiro-txanda kontratua, egonkortasunaren kalte-ordainak, lanaldi murrizketa... Madrilek zer esango zain gelditzen jarraitzen du Eusko Jaurlaritzak, inolako ekimenik hartu gabe.

Nafarroako langileei dei egiten diegu azaroaren 11n lantokiak hustu eta kaleak bete ditzaten

Larunbatean Iruñean 2.000 lagun baino gehiago mobilizatu ondotik, LABek CENi eta Nafarroako Gobernuari pobretzearen eta errentismoaren aurkako egiturazko neurriak eskatu dizkie, eta eskaera zehatza egin dio Nafarroako Gobernuari: Testa funts putreak bereganatutako etxeak desjabetu ditzala eta parke publikora igaro daitezela.

Euskal Herrian indarkeria matxistak eragindako azken heriotza salatzeko mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu

Angelun, 19 urteko emakume batek bortxatu egin zutela salatu eta egun gutxira bere buruaz beste egin izana erabat lazgarria da eta, beste behin ere, erakusten du indarkeria matxistak hil egiten duela.