2026-02-03
HomeOharrakZerbitzu PublikoakZerbitzu eta enpleguren defentsan negoziazio erreala

Zerbitzu eta enpleguren defentsan negoziazio erreala

Bizkaiko Aldundian eta GUFE zein gainontzeko erakunde autonomoetan ordezkaritza dugun sindikatuok (LAB, ELA, UGT y CCOO) 2012ko Akordioa/Hitzarmenaren negoziazioari plataforma bateratu batekin ekin genion. Oinarrizkoa zen zerbitzu publikoen eta hauen kalitatea mantentzea, eta era berean, langileen ordezkapenak berreskuratzea modu orokorrean, baina batez ere, GUFEko osasun-laguntzako zerbitzuetan, hauetan Bizkaian zailtasun gehien dituzten pertsonak (adinekoak, ezgaitasuna daukaten pertsonak, babestutako adingabeak…) artatzen direlako. Horrez gain, lan-prekarietatea murriztea eta langileon erosteko ahalmena berreskuratzea eskatzen genuen, azken hau, etengabe gutxitu delako azken urteotako lansarien jaitsierak eta izozketak zein Aldundiak aurreko hitzarmena ez betetzea direla medio.

Aldundiaren jarrera hasiera batetik argia izan da, nahiz eta ondoren PPko gobernuak onartutako 20/2011 Dekretuaren ezinbesteko aplikazioaren aitzakiarekin mozorrotu nahi duen. Izan ere, aldez aurretik, 2012ko aurrekontuari buruzko foru-arauren bitartez onartu zituen langileon lansarien izozketa, erretiroagatik hutsik geldituko diren plaza guztien desagerpena, ordezkapenen % 30eko murrizketa berria –zegoenari gehitu behar dena– eta pribatizazioen % 7,50eko igoera. Alegia, zerbitzu publikoen murrizketa, zerbitzu sozialen prekaritatea, enplegu publikoaren deuseztapena eta langileon lan-baldintzak murriztea eta txarragoak egitea. Gauzak horrela, akordio/hitzarmen berriari buruzko sindikatu eta administrazioaren arteko batzarretan, Aldundiak sindikatuok aurkeztu genituen oinarrizko gaiak eztabaidatzeari irmoki muzin egin dio eta proposamen itxi bat aurkeztu zigun, sindikatuok bere osotasunean eta negoziatu gabe onartu edo arbuiatu behar genuena. Are gehiago, bien bitartean ordezkapenei buruzko arau batzuk onartu ditu, sindikatuokin negoziatu ez dituena, zeinen bitartez zerbitzu publikoen prestazioa (lan batzuk egin gabe geldituko dira edo egin behar diren bezala ezin izango dira egin), langileon lan-baldintzak (ordutegi eta egutegi zein lanpostu aldaketak, lan-zamak handitzea, absentziak ekiditeko langileon kontrako presioak…) eta enplegu publikoa (ordezkapenen bitartez ogibidea ateratzen zuten pertsonak kalean geldituko dira) kaltetzen diren. Guzti horrez gain, Aldundiak Elkarkidetzari egin beharreko ekarpena eten egin du, kalifikazio baxuagoko taldeak (D eta E) administraziotik desagerrarazi nahi ditu, Laguntza Batzordeko prestazioak gehiago murriztu nahi ditu…

Aldundiko sindikatuok uste dugu Aldundiaren jarrera oso larria dela, lan-eskubideak murrizten dituelako, langileokiko benetako negoziazio kolektiboa baztertzen duelako eta, garrantzitsuena dena, zerbitzu publikoei eta zerbitzu sozialei erasotzen dielako, noiz eta egoera sozio-ekonomiko honetan inoiz baino beharrezkoagoak direnean.

Ondorioz: Aldundiko sindikatuetako ordezkariok (LAB, ELA, UGT, CCOO), gaur 2012ko otsailaren 16an, Laguntzan (Liburutegiaren eraikinean dagoen erregistro eta informazio bulegoa) 24 orduko itxialdia egitea erabaki dugu, Bizkaiko Foru Aldundiaren jarrera salatzeko: etengabeko murrizketak, ordezkapenak ez egitea, hitzarmena ez betetzea eta negoziatzeko borondate falta.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

LAB, ELA eta CGTk salatzen dute legea saihesteko eta langileria mehatxatzeko VW Nafarroaren, UGTren eta CCOOren jarrera

ELA, LAB eta CGT sindikatuetatik salatu nahi dugu, onartezina delako, VW Navarra, UGT eta CCOOen jokabidea; izan ere, VW-Nafarroako kontratazioan Legea ez betetzeagatik Lan...

EAJk egoera zaurgarrienean dauden pertsonak etxegabetzeko Espainiako Gobernuarekin egindako akordioa salatzen du LABek

Akordio honekin maizterren eskubideen aurka egiten dute jeltzaleek, egoera ziurgabean dauden herritarrentzako inolako alternatibarik eskaini gabe.  EAJk Espainiako Gobernuarekin adostu du etxejabe txikiek egoera zaurgarrian...

Indarkeria matxistaren aurrean erantzun kolektiboak artikulatzen jarraitzeko borrokarako tresna berritua aurkeztu du Euskal Herriko Emakumeen* Mundu Martxak

LABek konpromisoa hartzen du honen zabalpenean. Autodefentsa feministako aldarrikapena izan da erdigunean eta indarkeria matxistei aurre egiteko protokoloa indartu eta ekarpen zein aldarrikapen politiko gisa. Protokoloa...