2024-04-25
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaZainketa aringarrien etorkizuna Osakidetzan

Zainketa aringarrien etorkizuna Osakidetzan

IRITZIA
Aitziber Zalbide, LABen delegatua Gorlizko ospitalean
Edurne Agirre, LABeko arduraduna Osakidetzan

Uztailaren 8an Eusko Legebiltzarrean ahobatezkotasunez onartu zen aurretiazko borondateen legea. Zainketa aringarriak etxean, geriatrikoan edota ospitalean jasotzeko eskubidea jasotzen da lege honetan. 

Lege hau onartu aurretik Osakidetzak “Euskadiko Zainketa Aringarrien Plana 2016-2020” aurkeztu zuen. Bertan zainketa aringarrien garrantzia jasotzen da eta asistentziaren edozein eremutan zainketa hauek behar dituzten guztientzat arreta eredu homogeneoa eta zuzena ezarri nahi omen zen.

Duintasuna, ekitatea, eta osasun arreta osoaren garrantzia azpimarratzen du planak, eta baita zainketa hauek behar dituzten pazienteei osasun arreta osoa eremu guztietan eskaini beharra: ospitaleetan, egoitzetan, osasun etxeetan eta gaixoen etxeetan.

Horretarako, hainbat osasun arreta mailetako profesionalen arteko koordinazioaren beharra azpimarratzen du planak. Herrialdearen arabera egungo egoera oso heterogeneoa dela kontuan harturik, Osakidetzak plan honekin osasun sarean dauden eredu desberdinak batu nahi ditu. Araba eta Gipuzkoan gaur egun zainketa aringarriak behar dituzten pazienteentzako eredu mistoa dago. Honen baitan, Osakidetzak ohe publiko gutxi batzuk eskaintzen ditu Lezan (6) eta Donostia Ospitalean (8), baino gehienak ospital pribatuekin egindako hitzarmenen bidezkoak dira: Gasteizko San Onofre klinika (20) eta Gipuzkoako Matia Fundazioa (22 ohe). Ospitalizazio baliabide hauetaz gain badira arreta psikosoziala eskaintzeko beste baliabide batzuk, eta hauek ere zentru pribatuekin hitzarmenak dituzte hiru herrialdeetan.

Gaixo guztiek zainketa aringarriak jasotzeko aukera bermatu eta bateratu asmoz, Osakidetzak Araba eta Gipuzkoako eredua ezarri nahi du Bizkaian ere, ospital pribatu batekin, San Juan de Dios, ohe eskaintza itundu asmo du, Ezkerraldeko biztanleei zuzenduta, Gorliz “urrun” dagoela aitzaki hartuta. Darpon jauna, zentru pribatuekin zerbitzu berriak itundu aurretik sare publikoko baliabideen azterketa egin beharko zenuke. Gaur egun Barakaldon badago ospital bat, San Eloy, non poliki poliki zerbitzuak eta ohe kopurua murrizten ari den, ospitala lan-kargarik gabe utziz. Zentru pribatuetara oraindik eta diru gehiago bideratu ordez, zergatik ez dituzu baliabide publikoak lehenesten, San Eloy ospitalari mota honetako gaixoak zaintzeko baliabide nahikoak eskainiz? LAB sindikatua aspalditik ari da salatzen Osakidetza sare publikoko zenbait zerbitzu funtziorik gabe uzten eta hondatzen ari dela, horrela etorkizunean gaixoak zentru pribatuetara bideratzeko aitzaki ezin hobea izango dute, EAJk osasungintza pribatuan dituen interesen mesedetan.

Garrantzi handiko beste puntu bat paziente hauen tratamendu psikologikoarena da. Zainketa aringarrien Osakidetzaren planak lan honetarako San Juan de Dios eta La Caixarekin itun berri bat egitea proposatzen du. Zergatik itun berri bat egin? Zergatik ez bidali pazienteak hiru herrialdeetan zabalpena duen, eta erabat ahazten duten Osasun Mentaleko Sarera?

Egoera terminalean dauden paziente hauei Lehen Arretako eremutik gertuko zerbitzua eskaintzearen garrantzia ere azpimarratzen du dokumentuak, baina osasun zentruetako baliabideak handitzeko diru-kopururen bat zehaztea ahaztu zaie.

Azkenik, langileen formakuntzaren garrantzia aipatzen da, EHUk eskaintzen duen zainketa aringarrien masterra burutzeko lankidetza azpimarratuz. Master honetean San Juan de Dios ospitalak aktiboki hartzen du parte, eta ziurraski Darpon kontseilariak ospital hau saritu nahi du zainketa aringarriak behar dituzten pazienteak bertara bideratuz.

Kontseilari jauna, Zainketa Aringarrien Plan berria biziaturik jaio da. Izan ere, bere jestioak dirua itundutako zentro pribatuei ematea besterik ez dakar, zentro publikoen kaltetan. Tamalgarriena da guzti hau egiteko paziente ahulenetaz baliatzen direla, paziente terminalak, Plana diseinatu dutenen zitalkeria agerian utziz.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Nafarroako Arartekoak Hezkuntzari gomendatu dio Lanbide Heziketan diharduten PTak ere “saritu” ditzala

LABek eskatuta, Patxi Verak zuzentzen duen erakundeak Hezkuntzari eskatu dio beharrezko neurriak har ditzala Lanbide Heziketako PTei ere aplikatzeko DBHra atxikita daudenek jasotzen duten soldataren %5,45eko osagarria.

Pepsico Etxabarrin ituna berritzeko aurreakordioa #LortuDugu

Arabako lan zentroan 180 pertsona inguruk lan egiten dute, eta KPIaren araberako igoerak izango dituzte.

Denbora agortzen ari da eta Eusko Jaurlaritzak ez du konpromisorik hartzen

Datorren apirilaren 26an, ezustekorik ezean, Stellantis multinazionalak Mecaner enpresaren itxiera aurrera eramateko aurkeztu duen enplegu-erregulazioko espedientearen kontsultaldia amaituko da. Kontsulta-aldi honetan izandako bileretan, Enpresa Batzordearen gehiengoak argudiatu du multinazionalak hartutako erabakia ez dela arrazoi ekonomikoengatik, ez eta ekoizpen- edo antolaketa-arrazoiengatik ere, baizik eta erabaki estrategiko batengatik, eta produkzio-alternatibak planteatzen zituen trantsizio ekosozialeko plan bat jarri du mahai gainean.