2026-10-01
HomeZerbitzu PublikoakGarraioaEuskotreneko Amarako tren gidari eta operazio agenteak greban

Euskotreneko Amarako tren gidari eta operazio agenteak greban

Uztailaren 28an Euskotrenen Batzorde Iraunkorrak Amarako (Gipuzkoa) lan-egoitzako tren gidari eta operazio agenteei zuzendutako greba deialdia onartu zuen. Greba deitu izanaren arrazoien artean Zuzendaritzak Hendaia-Lasarte eta Amara-Zumaia lerroetan emango den tren maiztasunen igoeraren aurrean proposatzen duen lan-taldearen handitze eskasa da. Era berean Euskotreneko greba-batzordeak gehiegizkotzat jo ditu Donostiako Aste Nagusiko lanuzteen aurrean ezarritako gutxieneko zerbitzuak. 

GREBA EGUTEGIA:
– Abuztuaren 17,18,19, 20 eta 21ean (19:00etatik 02:00etara).
– Irailaren 4 eta 11ean (8:00etatik 15:00etara).
– Irailaren 9an (22:00etatik 04:00etara).
– Irailaren 12an (egun osoan zehar).

Lanuzteen beste arrazoietako bat Zuzendaritza Araso izango den lan-egoitza berrira bilduko den langile taldeari zuzendutako garraio planik ezarri nahi ez izatea da.

Grebaren azken arrazoia negoziazioetan Zuzendaritzak izandako jarrera zurruna da, alde sozialak zerbitzuaren fidagarritasuna, ikuskatze-trenak zein lan- taldearentzako garraioa bermatzen zuten proposamenak sistematikoki baztertu dituenean.

Finean, grebaren helburua lan-baldintzei eusteko tren gidarien lan-talde finkoa handitzea da, eta Arasoko langileek lanera biltzeko garraio publikoa eduki ahal izatea.

Euskotreneko greba-batzordeak gehiegizkotzat jo ditu Donostiako Aste Nagusiko lanuzteen aurrean ezarritako gutxieneko zerbitzuak

Greba-Batzordetik honako puntuak zehaztu dituzte:

"1.- Donostiako Aste Nagusirako programatutako lanuzteetarako Enplegu Sailak ezarritako %75eko gutxieneko zerbitzuak gehiegizkotzat jotzen ditugu. Gure iritziz, neurri horretako gutxieneko zerbitzuak ezartzea oinarrizkoa den greba eskubidea urratzea da.

2.- Gure haserrea erakutsi nahi dugu Amarako egoitzako langileek eta Arasokoak izango direnek deitutako lanuzteei buruz Euskotreneko zuzendaritzaren prentsa komunikatuan agertutako gezurrengatik.

Grebari buruzko komunikatu honek hauxe zioen "…negoziazioetatik kanpo antolatu eta aurreikusitakoa…" zela. Argitu nahi dugu akordio batera heltzeko enpresaren ezezkoaren ondoria dela soilik greba hau. Halaber, jakin arazi nahi dugu joan den ekainean alde sozialak bertan behera utzi zituela mobilizazio guztiak enpresak hala eskatuta, borondate oneko ekintza gisa eta akordio azkar bat lortze aldera. Borondate oneko ekintza honi erantzunez, enpresak zerbitzutako koadroak inposatu zituen eta edozein akordiori atea itxi zion.

3.- Gezurra da ere Alde Sozialak lan taldea %68 handitu nahi duela. Berez, gure proposamenaren eta zuzendaritzarenaren arteko aldea Tren Agenterakoko 3 lanpostu finkorena zen (langileen %42a %38aren aurrean). Zentzu horretan enpresak egindako proposamenak, aldi baterako lan taldea edo Operazioetako Agenteen olektiboa handitzea zuten helburu (grafiatutako atseden eta zerbitzu koadrorik gabeko kolektiboa eta 3 kategoria desberdinetako funtzioak dituena).

4.- Mingarria da ere, Jaurlaritzatik herritarrei gonbita egitea garraio publikoa erabiltzeko, eta bitartean, Euskotrenek (EAEko garraio publiko enpresarik handienak) 2 tren jarri nahi ez izatea langile gehienak lantokira joan ahal izateko, in itinere gertatzen diren istripuak saihestuz."

Hala ere, argi utzi nahi izan dute prest jarraitzen dutela negoziazioei berriz ekiteko. "Guztientzako lanpostuak eta garraio publikoa lortzeko ari gara borrokan" adierazi dute.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Busturialdea eta Lea-Artibai inguruan etxeko langileek bizi duten egoeraz ohartarazi dugu

Eskualde horietan gero eta gehiago dira etxeko langileen lan eta bizi baldintza kaxkarrengatiko salaketak. Azken lau hilabeteetan 32 kasu baino gehiago artatu ditugu LABen. Azkena Gernikako uniformez jantzitako udaltzaingo batek etxeko langile batekin izandako jarrera salagarria izan da.

Langileen aldarrikapenei erantzungo dieten proposamen zehatzak eskatu dizkiogu Osakidetzari

Osakidetzako Zuzendaritzak aurkeztu egin du Mahai Sektorialeko sindikatuei bidalitako proposamena. Lan Baldintzak Arautzen dituen Akordioaren lehen zirriborro bat da eta dokumentuak ez du barneratzen sakoneko gaiei buruzko proposamenik, hala nola ordainsariak, lanaldi murrizketa edo lan kargak.Gai horiek sindikatuon aldarrikapenen artean daude.

Ez dugu onartzen patronalek akordioak ez betetzeagatik langileak kaleratuak izatea

2024ko otsailean Greba Amaierako Akordioa (GAA) sinatu genuen. Hurrengo egunean langileok gure lanpostuetara bueltatu ginen. Baina patronalek ez zuten akordioa bete, fede txarrez negoziatu eta sinatu baitzuten, hau da, sinatutako akordioa beteko ez zutela jakinda. Lehenik eta behin, ez zituzten soldatak eguneratu nahi, gero ez zituzten sortutako atzerapenak ordaindu nahi, eta, ondoren, uko egin zioten ordu bateko eskola ordua murrizteari eta lan pertsonalerako ordu bateko igoera aplikatzeari. Horrenbestez, epaitegietara jotzera behartu gintuzten, sinatutakoa bete zezaten. Hiru aldiz jo behar izan dugu Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusira (EAEAN), eta hiruretan epaileek arrazoia eman digute, argi eta garbi utziz KEk (Kristau Eskolak), AICE-IZEAk eta ikastetxeek bete behar zuten akordioa urratzen zutela. Epaiek patronalek erabili dituzten argudioak desmuntatzen dituzte, honako baieztapen hauek jasotzen baitituzte: 1. Akordioak hitzarmen maila duela, sinatzaileek nahitaez bete behar dutela eta 2024ko otsailaren 5etik, hau da, sinatu zen egunetik aurrera, indarrean zegoela. 2. Itundutako soldata eta lan-baldintzak ez daude finantzaketa publikoari lotuta eta ez daude finantzaketa publikoaren menpe. Zehazki, eskola-orduak ordubetez murrizteko neurriak, adostua eta sinatua dagoenak, bi helburu zituen: 1. Langileen lan-karga izugarria murriztea. 2. Matrikulazioen jaitsieragatik ikasgelak galtzearen ondorioz hurrengo ikasturteetarako aurreikusitako inpaktua eta langileen kaleratzeak murriztea. Izan ere, horrela ahalbidetuko litzateke ikasgelaren bat ixten den ikastetxeetan kaleratzeak saihestea. Nola? Bada, eskola-ordu murrizketa aplikatzearen ondorioz egin beharko liratekeen kontratazio berriekin konpentsatuz. Gainera, ikasgelarik ixten ez den ikastetxeetan kontratazio berriak egongo lirateke, eta Birkokapen Akordioaren bidez, beste ikastetxe batzuetatik kaleratutako langileek lehentasuna izango lukete. Horrela egin behar zen, baina KEk eta AICE-IZEAk uko egin diote. Publikoki esaten dute kezkatuta daudela ikasgelak ixteagatik, baina ez da horrela, beren ez-betetzeekin eta fede txarrarekin 160 kaleratze baino gehiago eragin baitituzte. Joan den ikasturtean 100 langile inguru kaleratu zituzten, eta ikasturte honetan 160 baino gehiago. Ikasgela galtzearen ondoriozko kaleratze “objektiboak” salatuko ditugu, bidegabeko kaleratzeak direla argudiatuz; izan ere, kaleratzea ez da ikasgela galtzeagatik gertatu, baizik eta ikasgela galtzeagatik eta sinatutako irakastordu murrizketa ez aplikatzeagatik. Hau da, patronalek Greba Amaierako Akordioa bete ez izanaren ondorio zuzena da 160 langile baino gehiago kaleratzea, baita horiek birkokatzea oso zaila izatea ere. Gaur, irailak 30, arratsaldez, ikasturte berria ospatuko du KEk Gasteizko San Viator Ikastetxean. STEILASek, CCOOk, LABek eta UGTk garbi dugu ez-betetzeekin eta kaleratzeekin ez dugula ezer ospatzeko, eta bai asko aldarrikatzeko. Hori dela eta, arratsaldean ospakizunaren atarian esango diegu, argi eta ozen, sinatutako akordioa bete behar dutela eta negoziazio mahaira hitzarmen proposamen bat eraman behar dutela, atzerapausorik gabekoa eta GAAn sinatutako eskubide guzti-guztiak jasoko dituena. Eskola-orduen murrizketa eta lan pertsonalerako bost orduak jaso beharko ditu. Horrek, neurri handi batean, gelak ixteagatiko kaleratzeak murriztuko lituzke. 2026ko maiatzean, berriro ere, patronalek seriotasun faltaz eta fede txarrez jokatu zuten. Negoziazio mahaian hitzarmen-proposamen bat aurkeztu zuten, arreta zuzeneko orduak murriztea eta lan pertsonalerako bosgarren ordua ezartzea jasotzen zituena. Bost egun geroago erretiratu egin zuten, baina zer gertatuko litzateke sindikatuek proposamena sinatu izan balute? Jarrera hori errespetu falta ikaragarria da sektoreko 9000 langileekiko. Patronal serioak behar ditugu, sinatzen dutena betetzen dutenak. Horrenbestez, beste behin ere honakoa exigitzen diegu KEri, AICE-IZEAri eta ikastetxe guztiei, aplikazioaren azken arduradunak baitira: 1. Sinatutako GAA osorik betetzea, eskola-orduen murrizketa barne, dagokion konpentsazioarekin. 2. Atzerapausorik gabeko hitzarmen-proposamena aurkeztea eta GAAn adostutako guztia jasotzea. Bide batez, sektoreko ikastetxeen %20 inguru ari dira aplikatzen eskola-orduen murrizketa, Elizbarrutiko ikastetxe guztiak barne. Egin daiteke, baina ez dago horretarako borondaterik. STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok patronalen ez-betetzeak salatzen jarraituko dugu, GAAn jasotako eta sinatutako eskubide guztiak bete arte.