2026-11-13
HomeEkintza SindikalaTafallako AHTren obretan zauritutako langilearen heriotza salatu dugu

Tafallako AHTren obretan zauritutako langilearen heriotza salatu dugu

LABek uztailaren 15ean, Tafallan Abiadura Handiko Trenaren (AHT) obretan lanean ari zela, oso larri zauritutako langilearen heriotzaren berri izan du. Aurten, gutxienez, 46 langile hil egin dira dagoeneko Euskal Herrian.

Lehenik eta behin, LABek doluminak eman nahi dizkie langilearen senideei eta gertukoei. Heriotza hori bereziki krudela eta mingarria da, ez baita beharrezkoa, alferrikako azpiegitura baten obrak baitira.

Salatu nahi dugu, halaber, egun horietan, Nafarroan hainbat sute larri suertatzen ari ziren bitartean eta jarduera asko geldirik zeudela, AHTren arduradunek jarduerarekin jarraitzea erabaki zutela, langileei arrisku handiko bero-baldintzetan lan egitera behartuz eta, ondorioz, lan-istripu bat izateko aukerak biderkatuz.

Euskal Herrian AHT eraikitzeko lanetan lan-istripuz hil diren pertsonak ugariak izan dira, lan horiek egiteko lan baldintza eskasak agerian utziz.

Horregatik guztiagatik, LABek istripua gertatu zeneko inguruabarrei buruzko ikerketa serio eta sakona eskatu du, egon zitezkeen erantzukizun guztiak argituz.

Era berean, Euskal Herriko AHTaren obra guztiei segurtasun arloko auditoria bat egitea exijitzen dugu.

Eta, azkenik, alferrikako azpiegitura hori geldiaraztea eskatzen dugu, diru publikoa eta baliabide naturalak ez ezik, langileen bizitzak ere irensten baititu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABen balorazioa azaroaren 11ko greba orokorrari buruz

1. Euskal langileriaren indar erakustaldi berria izan da. Deialdia estatuko egun berean eta mobilizazio propioekin egitea erabaki zuzena izan dela frogatu da. Hego Euskal Herrian...

Etxebizitza eta soldata duinak bermatzeko eta eskuin muturrari aurre egiteko deia egin dugu EH Bilduk eta LABek

Azaroaren 11ko greba orokorraren biharamunean, milaka lagunek soldata duinen eta etxebizitza eskubidearen alde kaleak hartu ondoren, LABek eta EH Bilduk bilera publikoa egin dute, grebaren aldarrikapenak eta aurrera begirako erronkak aztertzeko. Bilkura horrekin abiatu du LABek hainbat eragilerekin egingo duen bilera sorta, egungo etxebizitza politikak eraldatzeko proposamenak egiteko. EH Bilduren aldetik ekintza politikoko idazkari Arkaitz Rodriguez, Espainiako Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburu Oihana Etxebarrieta eta etxebizitza idazkari Xabier Astigarraga aritu dira, eta LABen aldetik Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorra eta Iratxe Delgado eta Jaime Iribarren Ekintza Sozialeko kideak.

EAJri gogorarazten diogu aukera duela atzo ehunka mila herritarrek egindako aldarriari modu positiboan erantzuteko

Bermeon berreskuratutako etxebizitza turistikoaren giltzak herriaren esku utzi ditu sindikatuak, eta amaitutzat eman du ekimena.