2026-03-20
HomeEkintza SindikalaLAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuek maiatzaren 12tik 16rako EAEko hezkuntza publikoko...

LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuek maiatzaren 12tik 16rako EAEko hezkuntza publikoko irakasleen greba erregistratu dute

Maiatzaren 10ean, larunbata, Hezkuntza publikoko hezkuntza komunitateko irakasle, familia, ikasle eta gainontzeko langileak elkartu eta manifestazioak egingo dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen.

STEILAS, LAB, ELA eta CCOO sindikatuak Donostiako Lurralde Ordezkaritzan elkartu dira gaur, EAEko hezkuntza publikoko irakasleen greba dinamikaren erregistroa egin eta urtarrilean hasitako greba eta mobilizazio zikloari jarraipena emateko.

Urtarriletik apirilera bitartean, %90eko ordezkaritza duten STEILAS, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek deituta, bederatzi greba egun egin dituzte irakasleek. Orain arte luzatutako proposamenek, bestalde, ez diete erantzun egokirik ematen aldarrikatutako edukiei. Izan ere, eduki, zehaztapen eta bermeak falta direla adierazi dute behin eta berriro. Hala, orain arte egindako greba eta mobilizazio arrakastatsuek segida izango dute beste 5 greba egunekin maiatzaren 12, 13, 14, 15 eta 16an.

Gogoratu beharra dago indarrean dagoen irakasleen lan-akordioa 2010ekoa dela, hortaz, 15 urte luze daramatza Eusko Jaurlaritza hura berritu gabe. Aipatzekoa da ere apirilaren 10ean iragarri zituztela maiatzeko grebak, eta ordutik sindikatuek ez dutela Hezkuntza Sailarekin biltzeko deialdirik jaso.

Egindako grebetan, langileek argi eta garbi adierazi diete Hezkuntza Sailari hitzarmena orain eta hemen negoziatzeko beharra, eta sindikatuen aldetik, erabateko prestasuna izan dute beraiekin biltzeko. Baina Hezkuntza Sailak negoziatzeko atea zabalik duela saldu nahi izan badu ere, errealitatea bestelakoa izan da: jarrera itxia, eszenifikazioa, edukirik gabeko bilerak, xantaiak… Ez dituzte negoziatzeko aukerak aprobetxatu, eta blokeoa luzatzen dabiltza. Hitzetatik harago edukiak, zehaztapena eta konkrezioak behar dituzte langileek.

Greba ziklo honetan zehar, mezu argiak helarazi dizkiote Hezkuntza Sailari: gero eta handiagoak diren lan-zamak arintzeko neurri zehatzak adostea, erretiroa hartzeko baldintzak hobetu eta plantillen gazteberritze plana garatzea, galdutako erosahalmena berreskuratzea, eta jaiotza-tasa aitzaki hartuta aldebakarrez erabakitzen ari diren ikastetxe publikoen fusio eta itxieren aurrean enplegu publikoa bermatu eta lanpostuak egonkortzea. Era berean, hezkuntza publikoko sistema osoa euskaldunduko duen hezkuntza politikak abiaraztea, lan-osasuna zaintzea, kalitatezko berdintasun eta hezkidetza plan egonkorrak garatu ahal izateko, baliabide pertsonalak eta hauetarako beharrezkoak diren formakuntzak ezartzea, eta azken urteetan inposatutako atzerapausoak kentzea eskatzen dute.

Ezin ahaztu, irakasleek greba eta manifestazioetan erakutsitako indar erakustaldi horri, familia eta ikasleek antolatutako mobilizazioak gehitu zaizkiola. Izan ere, grebak babestu eta aldarrikapenekin bat egiten duela adierazi du hezkuntza komunitateak. Hala, maiatzaren 10ean, larunbata, denak elkartu eta manifestazioak egingo dituzte EAEko hiru hiriburuetan. Donostian, arratsaldeko 17:00etan, eta
Bilbo eta Gasteizen 18:00etan.

Hezkuntza publikoa indartzeko ezinbestekoa da inbertsioa handitzea, lan baldintzak hobetzea eta eskola publikoa baliabideez hornitzea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Martxoak 21. Arraza diskriminazioaren aurka indar guztiz borroka egitera dei egiten du LABek

Ez dadila egun arrunt bat izan. Balio dezala, benetan, egiteke (asko) dauzkagun batzuetan aurrera egiteko. Erakunde sindikal gisa, LAB, olagarroaren beste tentakulu bat izan gaitezke edo, aitzitik, gure indar guztiekin haren aurka borrokatu.

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...