2026-09-25
HomeLAB SindikatuaIpar HegoaSistema kapitalista langileen lan eta bizi baldintzak gero eta oinarri prekarioagoetara eramaten...

Sistema kapitalista langileen lan eta bizi baldintzak gero eta oinarri prekarioagoetara eramaten ari da

Krisi berri baterako oinarriak ezartzen ari dira, eta 24 eta 65 urte arteko bi herritarretik bat prekaritate egoeran dago.

Langileon lan eta bizi baldintzak aztertzen dituen 20. Ikusmiran txostena publikatu du Ipar Hegoa fundazioak. Egoera ekonomikoa lehen mailako kezka da euskal jendartearentzat eta gerta daitekeenaren gaineko galderak ugaldu dira.

Azterlanarekin (Hego) Euskal Herriko langileen lan eta bizi baldintzen argazki ahalik eta osatuena eskaini nahi izan du fundazioak. Argazkiak erakusten duena argia da: sistema kapitalistak langileon lan eta bizi baldintzak gero eta oinarri prekarioagoetara eraman ditu.

Azterketatik 4 ondorio nagusi nabarmentzen dira:

24 eta 65 urte arteko 2 herritarretik bat prekaritate egoeran bizi da, enplegua eduki arren diru sarrera nahikorik gabe bizitza duina bermatzeko. Azterketa lan honetan prekaritate indizea eguneratu du fundazioak. %49an mantentzen da, eta, langabeziak behera egin arren eta aktibo kopuruak gora, 1.600 €tik beherako diru-sarrerak dituzten langileak ugaritzen ari dira.

Sortzen ari den enplegua prekarioa da eta lan baldintza duinagoak dituen enplegua suntsitzen ari da. Azken hilabeteetan gero eta herritar gutxiago daude langabezian, eta erregimen orokorrean afiliazioa gora egiten ari da. Azken urtean sortu den afiliazioaren %89 zerbitzuen sektorean kokatu da, industria sektoreko enpresen itxiera edota langileen kaleratze kolektiboak ugaritzen ari diren bitartean. Datuek, ordea, ez dute industria sektoreko egoera irudikatzen, Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espediente asko daudelako indarrean. Bestalde, aldizkako kontratu finkoak igotzen ari dira, 4 emakumetik* batek jardunaldi partzialean egiten du lan eta kontratuen %76 inguruk behin-behinekoa izaten jarraitzen du.

Bizi baldintza gero eta traketsagoak eskaintzen dizkio langile klaseari sistema kapitalistak.

  • Eguneroko bizitza etengabe garestitzen ari den bitartean, langile klasearen erosahalmena galtzen ari da. 2009-2022 urteen artean 5.194 € galdu ditugu, azken bi urteetako hiper-inflazioaren eragina kontutan hartu gabe (ez daudelako datuak).
  • Politika publikoek ez dute aberastasunaren birbanaketa funtzioa betetzen, soldatek BPGean gero eta pisu gutxiago izateak adierazten duen bezala. Horrek, era berean, pobrezia eta ezberdintasun sozialak areagotzen ditu, lanaren eta kapitalaren arteko arrakalak iraunaraziz.
  • Osasun sistema publikoa gero eta ahulagoa da, merkantilizazioaren eta pribatizazioaren eraginez. Horren erakusle da Osakidetzan zein Osasunbidean ohe kopuruak izaniko beherakada esponentziala.

Azkenik, etxebizitzari erreparatuta, prezioak izaniko gorakada langileon prekarizazioaren aldagai nagusi bilakatu da. Alokairuaren prezioa da gehien igo dena eta soldataren gero eta proportzio handiagoa bideratzen dugu berau ordaintzera. Era berean, etxebizitza soziala edota babes ofiziala eskuratzeko duela urtebete baino 8 urte gehiago beharko lirateke gaur egun.

Beraz, ate aurrean dugun krisira nola, zein baldintzatan, iristen garen erakusten digu azterlanak. Krisi berri baterako oinarriak emanak daude orain arteko egoera kudeatu dutenen aldetik; kezkagarria da prekaritatearen hedaduraren dimentsioa, eta kezkagarria, prekaritate maila horrekin heldu behar izatea etorriko denari. Gauzak ez dira horrela: erabakiak hartu dituzte horrela izan daitezen. Euskal Sindikalismo Eraldatzaileak eremu guztietan lanean jarraituko du, aldaketaren alde.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.

Greba mugagabean dauden ITASUAko langileei babesa erakusteko manifestazio jendetsua Bergaran

Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko...

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Pradales lehendakariari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde patronalari aurre egin diezaion eskatzeko

Gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzearen aldeko 145.000 sinadura jaso eta greba orokor arrakastatsu bat egin ondoren, LABen eta ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak ezinbestean gizartearen nahiari bide eman beharko lioke eta Imanol Pradales lehendakariak lidergo argia erakutsi beharko luke patronalaren zein PSE-EEren eta EAJren betoa gainditzeko.