2025-12-06
HomeEkintza SindikalaSindikatuok elkarretaratzea egin dugu EAEko Hezkuntza Sailak pandemian egindako kudeaketaren makillaje lana...

Sindikatuok elkarretaratzea egin dugu EAEko Hezkuntza Sailak pandemian egindako kudeaketaren makillaje lana salatu eta baliabide gehiago eskatzeko

LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuon ohar bateratua:

EAEko Hezkuntza Sailak langileek ikasturte honetan egindako lana eta ahalegina eskertzeko ekitaldia egin du Gasteizko Odon de Apraiz ikastetxean gaur. Bertan kontzentratu gara LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuetako kideak, Eusko Jaurlaritzaren propaganda-ekitaldia salatu eta baliabide gehiago galdegiteko.

Hezkuntzan ikasturtea greba eta mobilizazioekin hasi genuen, Hezkuntza Sailari aurrez aurreko hezkuntza itzulera seguru eta adostua bermatzeko beharrezko baliabide zein neurriak hartzea exijituz. Lehenagotik ere urgentziazkoak ziren eta pandemiarekin are ageriagoan geratu ziren lan-kargak eta ratioak murrizteko eskatu genion, baliabide gehiago jartzeko exijitzearekin batera. Ikasturtea amaitzear dago eta esan dezakegu gaur gaurkoz hezkuntza publikoan ez dela sakoneko aldaketarik egon.

Komunikabideetan, pandemiaren inguruan hezkuntzan izandako kudeaketaren arrakasta saldu nahi izan bazaigu ere, errealitatea oso bestelakoa izan da. Aurrez aurreko ikasturtea aurrera eramatea posible izan bada bertako langileek eginiko lanaren, dedikazioaren eta gain-karga fisiko zein emozionalaren ondorioa izan da. Osasun prebentziorako materiala eta giza baliabideak ez ziren garaiz iritsi, heldutakoak ere erabat ez- nahikoak izan dira eta ratioak ez dira era orokortuan jaitsi. Beraz, ikastetxeek plangintza eta protokoloak ahalik eta modu egokienean kudeatzeko egindako esfortzua izugarria izan da. Ikasturtea greba batekin hasi eta greba batekin amaitu behar izan dugu. Horrela, apirilaren 22an enplegu publikoa sortu eta kontsolidatzeko eta pribatizazioarekin bukatzeko sektore publiko osorako deitutako grebak babes zabala izan zuen Hezkuntza publikoan. Izan ere, Hezkuntza publikoak plantilla gehiago eta behin-behinekotasun gutxiago beharrezkoak ditu bere erronkei aurre egiteko, kalitatezko hezkuntza bermatzeko.

Horregatik, sindikatuok Hezkuntza Sailari eskatzen diogu propaganda albo batera utz dezala, eta langileoi eskerrak ematearekin batera, hezkuntzak hain beharrezko dituen baliabide, ratio jaitsiera, enplegu sorrera eta kontsolidazioa gauzatzeko beharrezko pausoak eman ditzala.

Pausorik eman ezean mobilizazio dinamikak indartu eta bultzatu beste biderik ez digu utziko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Zipreko PEO zentral sindikalaren kongresuan parte hartu du LABek

Zipreren batasunaren eta autodeterminazioaren aldarrikapenarekin bat egin du Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak, Munduko Federazio Sindikaleko kide den zentral sindikalaren kongresuan. Horrez gain, sindikatuak...

Enplegu Publikoaren Legea Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eramateko asmoak euskararen aurkako oldarraldi judiziala larriagotuko du

Euskal jendartearen eta langile publiko gehienen iritziaren aurka, euskara gazteleraren maila berean kokatzea debekatu lezake ebazpenak, eta euskara bigarren mailako egoera subsidiariotik atera ahal...

LABek irmo salatzen du Donostiako Martutene auzoan 111 lagun kale gorrian utzi izana

Herritar orok bizitza bizigarria izateko duen eskubidea gogoratu du LABek, hori bermatzeko eskatu die instituzioei, eta horren alde antolatzeko deia ere egin du. Donostian...