2026-10-02
HomeIdazkaritzakEuskara IdazkaritzaDei egiten dugu Kontseiluaren elkarretaratzean parte hartzera, euskararen aurkako azken erasoa salatzeko

Dei egiten dugu Kontseiluaren elkarretaratzean parte hartzera, euskararen aurkako azken erasoa salatzeko

Agerraldia urriaren 19an, larunbata, eginen da, 12:00etan, Nafarroako Jauregiaren aitzinean, Karlos III etorbidean, "Justizia, Berdintasuna, Kohesioa euskaraz bizi nahi dugulako" goiburupean.

LAB, ELA, Steilas, ESK, Hiru, EHNE eta CGT sindikatuok Nafarroako Auzitegi Nagusiaren epaia gaitzesten dugu, 2017ko Euskararen Foru Dekretuaren zenbait artikulu deuseztatu duena. Epai horrek nafar herritarren eta langileen eskubideak hamaikagarren aldiz urratu ditu, eta lehengo Nafarroako Gobernuak arlo horretan egin dituen urrats apalak berriz ere gibelatu. Ezin onartuzkoa da administrazio publikoan hizkuntza-eskbideak behin eta berriz urratzea. Gaur egun, hizkuntza-aniztasuna inoiz baino preziatuagoa denean, horrelako ekintzak, hizkuntza- eskubideen berdintasunaren aurkakoak, ez dira inola ere onargarriak. Euskarak, bertako hizkuntza minorizatua denez, babes-legeak behar ditu, diskriminazio positiboa; eta ez bigarren mailako hizkuntza gisa hartzeko baliabiderik. Horregatik guztiagatik sindikatu sinatzaileok galdatzen diogu Nafarroako Gobernuari euskararen dekretuaren aurkako epaiari helegitea jartzeko, eta indarrean dagoen legeriaren araberako aukerez baliatzeko, beti ere dekretuan jasotako euskararen aldeko aitzin-urratsak deuseztatu ez daitezen.

Epai horrek agerian utzi du euskararen lege berri baten beharra, 1986ko legea ordezteko. Foru lege maila duen testu berri batek bakarrik zonifikazioa ezabatu dezake, eta euskaldunen eskubideak bermatu. Horrela soilik, oraingo lege-esparrua gaindituz, Nafarroak berezko duen hizkuntza arautu ahal izanen du, nafar guztien hizkuntza-eskubideak bermatuz. Bertzela, gaitzetsi dugun epaiaren kasuan bezala, epaitegiek ikuspuntu arras diskriminatzaileei eutsiko diete, eta gure hizkuntza arautzeko ahalmena zalantzan geratuko da.

Tamalez, berriz ere ikusi dugu nor bere betiko tokian dagoela: Navarra Suma, PSN (gogoan izan alderdi horretako zenbait kontseilari eskuin-muturrak deituriko euskararen aurkako manifestaziora joan zirela) eta sindikatu batzuk (oraingo honetan UGT, Afapna, Sindicato Medico eta Satse). Erakunde horien pentsamoldeen arabera euskara behe-mailako hizkuntza gisa hartu behar da, mendialdera mugatua, eta ahal dela etxe barnekoa, plazara atera gabe, eta jendartean izen onik eta estimaziorik jaso gabe.

Azkenik, LAB, ELA, STEILAS, ESK, Hiru, EHNE eta CGT sindikatuok dei egiten dugu euskararen aldeko mobilizazioa eta ahalegin politikoa eta pedagogikoa egitera.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk maizterren aurka eta errentismoaren alde egin du, birbanaketa politikei uko eginez eta eskuin muturrari atera irekiz

Espainiako Kongresuan etxebizitzari buruzko bi lege dekretuen bozketan errentisten interesekin lerratu dira EAJ eta UPN, eta LABetik mobilizazioak areagotzeko deia egiten dugu.

Migranteen egoera prekarioa azaleratzen dute langabeziaren datuek

Joan den hilabeteko argazki sozioekonomikoaren zantzuak ikusten jarraitzen dugu, langabeziak gora egin baitu azken hilabetearekin alderatuta, aurreko urteetan beti jaitsi izan denean. Beraz, 3.238 langabetu gehiago daude Hego Euskal Herrian, eta Erregimen Orokorrari dagokionez, 1.103.547 afiliatu iraileko azken egunean.

Basquevolt salatzen dugu lan-diskriminazio arrazista, matxista, morofobiko eta islamofobikoagatik

Apirilean, bere laborategietako batean leherketa bat gertatu eta egun batzuetara, Basquevolt enpresak bi langile kaleratu eta zigortu zituen arbitrarioki. LAB sindikatuarentzat, ekintza hori funtsik...