2024-05-05
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaSalatzen dugu Bilbao-Basurto ESIko osasun etxeak 17:00etan itxiko dituztela uda osoan

Salatzen dugu Bilbao-Basurto ESIko osasun etxeak 17:00etan itxiko dituztela uda osoan

Bilbo-Basurtu ESIko Zuzendaritzak erabaki duenez, ekainaren 28tik irailaren 17ra bitartean, Bilboko anbulatorioak arratsaldeko 5etan itxiko dituzte, 8etan beharrean. Soilik Etengabeko Arreta Gunea (EAG) duten lau anbulatorioak zabalik egongo dira arratsaldeko 8ak arte, hau da, Deustuko, Begoñako, Errekaldeko eta Indautxuko zentroak.

LABek Bilboko herritarrei eskainitako osasun-zerbitzuen murrizketa berri hau salatu nahi du, herritarrek osasun- zentroetarako duten irisgarritasuna murrizten baitu. Ikusten dugu, urtero bezala, Osakidetzak udako denboraldia baliatzen duela Lehen Arretaren murrizketan urratsak emateko, anbulatorioak arratsaldeko 5etan ixtea finkatu nahian, neurri hori urte osora aplikatu aurretik. Gainera, Osakidetzak sindikatuoi bere asmoen berri eman ez digun arren, beldur gara horrelako neurriak gainerako ESIetan ere aplikatuko ote diren.

Era berean, neurri honek langileen lan-baldintzetan ere eragin handia izango duela salatu nahi dugu, ordutegietan aldaketa nabarmenak egingo direlako, langileak beste lantoki batzuetara txandaka joango direlako. Laburbilduz, prekaritatea handiagoa izango da eta herritarrei osasun-arreta okerragoa emango zaie.

Beste behin ere, Osakidetzak profesional faltan oinarritu du bere erabakia, batez ere medikuen eta erizainenean. Langile fakultatiboen eta, batzuetan, erizainen eskasia dagoela egia bada ere, egoera horretan eragiten duten arrazoi anitzak aztertu behar dira. Profesionalek sektore pribatura edo beste autonomia-erkidego batzuetara ihes egiteko faktore erabakigarriak Osakidetzak ezartzen dituen baldintza prekarioak eta ezegonkorrak dira, dudarik gabe. LABek urteak daramatza enplegua egonkortzeko, prekarietatearekin amaitzeko eta plantilla handitzeko neurriak hartzea eskatzen. Horrek guztiak egonkortasuna sortuko luke eta Osakidetza uzten duten profesional asko atxikiko lituzke.

Horregatik guztiagatik, beste behin ere Enplegu Plana eskatzen diogu Osakidetzari, arazo horiei epe luzerako irtenbidea eman ahal izateko. Eta, era berean, Lehen Arretarako eredu berri bat eskatzen jarraitzen dugu, prebentzioan eta biztanleriaren osasunean oinarrituta, eta herritarren beharrak eta ondo hornitutako osasun-zerbitzuetara hurbileko sarbide unibertsala bermatuko lukeena.

Langile faltaren konponbidea ezin da bilatu anbulatorio eta osasun-zentroetan murrizketak egitean, ezta langileen lan- baldintzak prekarizatzean ere.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.