2024-12-08
HomeZerbitzu PribatuakBidaiarien garraioaSalatu dugu 2023an billabesetan eginiko aparteko orduek 16 lanpostu ezabatu zituztela

Salatu dugu 2023an billabesetan eginiko aparteko orduek 16 lanpostu ezabatu zituztela

LABek Iruñerriko hiri garraioan duen atal sindikalak —herritarrek ‘billabesak’ deitzen dituztenak eta egun TCC enpresak kudeatzen duena— ohar batean azaltdu eta salatu du 2023an eginiko aparteko eta osagarrizko orduen batura 27.608 ordukoa izan zela; kopuru eskandalagarria guztiz, lanaldi osoko 16 lanpostu ezabatzen baititu, eta hori lanaren bidezko banaketaren aurkakoa da erabat.

Billabesetako gidariek 2023an egin zituzten aparteko orduen eta ordu osagarrien datuak izugarriak dira. Urte horretan 25.176,45 aparteko ordu izan ziren; horrek esan nahi du 102 langilek gainditu zutela legeak ezartzen duen gehienezko aparteko 80 orduak, eta beste 39 langilek 2.431,5 ordu egin zituztela beren kontratuetan ezarritakotik kanpo. Horrek guztiak ezegonkortasun handia eragiten die langileei, bai lanari dagokionez, bai kontziliazioari dagokionez ere.

Hartara, 2023an egindako aparteko orduen eta ordu osagarrien batura 27.608 ordukoa da; zifra eskandalagarria, lanaldi osoko 16 lanpostu kentzearen parekoa baita. 30.600 langabe dituen komunitate batean, lotsagarria da TCCk familia askoren egonkortasunarekin eta sostenguarekin jolasten jarraitzea.

Solidaritate eskaseko jarrerak dira, eta berekoiak; lotsagorrituta egon beharko lukete jokabide horiek erakusten dituztenek, bultzatzen dituztenek eta beste aldera begiratzen dutenek. Ildo horretan, ez dugu ahaztu behar Iruñerriko Mankomunitateak TCC enpresak adinako erantzukizuna duela, ez baitu zerbitzua behar bezala zaintzen, eta, gainera, plantilla eta erabiltzaileak prekarizatu egiten dituelako. Mankomunitateak beste alde batera begiratzeari utzi eta praktika hori geldiarazi egin beharko luke; horrekin batera, langileentzako eta zerbitzurako baldintza hobeak eskatu beharko lituzke.

TCCko enpresarien interes bakarra da ahalik eta mozkin eta dibidendu handienak lortzea. Hori guztia lortu nahi dute lan-baldintzen bizkar, zerga-onuren bidez, estatuaren gastuetan duen partaidetza txikia oinarri hartuta, eta abar.

Agerian dago aparteko orduak egiteari uztea lortzen ez badugu, langabeziari eta lan-baldintzen prekarizazioari lagunduko diogula, eta langileen arteko elkartasun falta areagotu egingo dela.

LABek beti egin du enplegua sustatzearen eta aberastasuna banatzearen alde, orain eta orain arte egin dituen hitzarmen-negoziazio guztietan. Garrantzitsuena da enplegu betearen kontzeptua defendatzea eta langabeziaren zifrak jaistea, berdintasun-mekanismoen eta lanaren banaketaren bidez; gai horiek talka egiten dute aparteko orduak egiteak eragiten dituen ondorioekin eta filosofiarekin.

Horregatik guztiagatik, argi utzi nahi dugu LAB sindikatua aparteko orduak egitearen aurka dagoela erabat, eta lana behar bezala banatzearen alde. Urteak daramatzagu praktika hori salatzen, eta horrela jarraituko dugu ordu estrak eta osagarriak iraganeko kontua izatea erdietsi arte. Horrela, 2015ean, oncenak eta udako opor egunak betetzeko kontratazioak handitzea lortu genuen. Hori lorpen bat izan zen, baina asko dugu egiteko, izan ere, egungo kontratazioen eredua lortu nahi dugunetik oso urrun baitago oraindik. Eta hortxe dugu, hain zuzen ere, gure borrokaren helburuetako bat: langile guztientzat ahalik eta lan-baldintza onuragarrienak dituzten lanaldi osoko kontratuak lortzea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ontzat jo du Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatu izana, eta alerta gorriak eskatzen dituen neurriak hartzeko determinazioa exijitzen du

Pasa den azaroaren 22an LAB sindikatuak jakinarazi zuen zenbatu gabeko beste bost langileren heriotzak gehitu behar zitzaizkiola 2024an lanean edo laneko bidean hildako nafarren...

Abenduaren 6an ez daukagu ezer ospatzeko

Abenduaren 6a jai egun inposatua da Hego Euskal Herrian, Espainiako Konstituzioaren urteurrena dela eta. Ez ospatzetik harago, Euskal Errepublikaren aldeko konpromisoan berresteko eguna da LABentzat. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako gure egoitzak zabalik egongo dira, ostiraletako ohiko ordutegian, 9:00etatik 14:00etara.

Langile baten kaleratze bidegabea eragin duen zigor-politika ari da aplikatzen PEPSICO

Enpresa batzordea Etxebarri-Ibiñako lantegiaren aurrean mobilizatu da, eta argi eta garbi esan du PEPSICOn ez dagoela inor soberan eta kaleratzea guztiz bidegabea dela. Horrez gain, kaleratutako lankidea lanera bueltatzea eskatu du.