2026-10-09
HomeEkintza SindikalaNafarroako Administrazio Auzitegiak arrazoia eman digu berriz ere eta baliogabetu egin du...

Nafarroako Administrazio Auzitegiak arrazoia eman digu berriz ere eta baliogabetu egin du Toquero Tuterako alkateak ezarritako hilabeteko zigorra

Auzitegiak sindikatuaren historiari buruzko erakusketaren itxiera legez kanpokotzat jo zuen jada maiatzean, eta orain indarrik gabe utzi du udal ekipamenduak erabiltzeko debekua ere.

Nafarroako Administrazio Auzitegiak arrazoia eman dio berriz ere LAB sindikatuari 1974tik etorkizunera LAB zabaltzen erakusketarekin sortu zen gatazkaren inguruan Tuteran. Alejandro Toquero alkateak erakusketa ixteko hartutako erabakia bertan behera utzi zuen Auzitegiak joan den maiatzean eta orain baliogabetu egin du LABi hilabete batez udal ekipamendu zibikoak erabiltzea eragozten zion zigorra ere.

Ebazpen berri honek Toquero agerian utzi duela adierazi du LABek, eta berretsi du Tuterako alkateak izan zuen jarrera arbitrarioa udal baimena zuen erakusketa baten aurka.

Oraingoan, TANek argi uzten du erakusketa baimendua zegoela eta Toquerok bere jarduna justifikatzeko erabili zituen elementuak —besteak beste, Jon Idigorasen argazkia “Jon Askatu” testuarekin— erakusketaren parte zirela hasieratik. Hori dela eta, Auzitegiak uste du ezin dela LAB zigortu baimen bat ez izateagatik, haien zuzen ere hura zuenean.

Ebazpenak, gainera, tipikotasunaren printzipioaren urraketa azpimarratzen du, eta adierazten du, Udalak erakusketaren edukiren bat egokitzat jotzen ez bazuen ondoren, zegokion prozedura administratiboen bidez jardun behar zuela, baina ezin zuela egoera hori sindikatua zigortzeko ustezko baimen falta bihurtu.

LABen ustez, TANen bi ebazpenek agerian uzten dute Toqueroren jauntxokeria eta udala ulertzeko duen modua bere borondatea inposatzeko espazio gisa erakundeen eskubideen gainetik. Lehenbizi, baimendutako erakusketa bat ixtea agindu zuen, eta, ondoren, LAB zigortu zuen, udal-ekipamenduak erabiltzea galaraziz. Bi neurri horiek baliorik gabe utzi ditu orain auzitegiak.

Sindikatuak salatzen du erakundeak ezin direla modu arbitrarioan erabili sindikatu bat zentsuratzeko edo zigortzeko. Udal baimenak errespetatu egin behar dira, eta erakunde baten erabakiak ezin dira egon alkatetza betetzen duenaren interes politikoen edo iritzi pertsonalaren menpe.

LABek azpimarratu du Toqueroren jokabideak ez duela erakusketa Tuterara itzultzea eragotziko. “Tuterako herritarrek LABen historia ezagutzea eragotzi nahi izan zuen Toquerok. Ez du lortu. Tuterara itzuliko da erakusketa, Tuterako biztanleek 1974tik etorkizunera LAB zabaltzen ezagutu eta goza dezaten”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Eskatzen dugu Avanza autobusetako gidariek zerbitzu bereziak egiteagatik dagokien ordaina jaso dezatela

Sindikatuari, noski, oso ondo iruditzen zaio garraio-zerbitzua hobetu nahi izatea eta herritarren eta bidaiarien joan-etorriak erraztea. Gidariak eurak dira zerbitzuak behar bezala funtzionatu dezan eta eta erabiltzaileen beharrei erantzun diezaien nahi duten lehenak. Hala ere, uste dute ez dela bidezkoa neurri berri bakoitza beti jende berberaren ahalegina baliatuz ezartzea.

Intersindikalak salatu du Correosen langile falta dagoela eta azaroaren 29ko hauteskunde deialdiaren aurrean langileen profesionaltasuna zalantzan jartzen dela

Intersindikala osatzen dugun erakunde sindikalok (LAB, CIG, ESK, Intersindikal Canaria, ELA eta CNT) oso kezkatuta gaude datorren azaroaren 29rako deitutako hauteskundeen eta Correosek gaur egun pairatzen duen langile faltaren egoeraren aurrean.

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Maria Txibiteri, Nafarroan 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren alde posizionatu eta ekimen politikoa abian jartzeko

CEN patronalak CCOO eta UGTrekin akordio interprofesionala negoziatzeari uko egin ondoren, eta Parlamentuak lege-proposamena hartu ez ondoren, Nafarroako Gobernuari bide politikoa berreskuratzea eskatuko diogu...