2026-09-26
HomeEkintza SozialaLangabeziaren eta pobreziaren aurkako manifestazioan parte hartzeko deia luzatzen du LABek

Langabeziaren eta pobreziaren aurkako manifestazioan parte hartzeko deia luzatzen du LABek

Bizkaiko langabetuen asanbladek eta kolektiboek bihar Bilbon "Langabeziaren eta pobreziaren aurka… Borrokatu!" lelopean deitutako manifestazioarekin bat egiten du LAB sindikatuak. Manifestazioa Arriagan hasiko da eguerdiko 12:00etan.

• Inoiz ezagutu ez ditugun langabezia mailetara heldu gara Hego Euskal Herrian. 288.818 lagun zeuden langabezian aurtengo apirilean. Eta kopuru hau etengabean doa hazten. Bizkaia benetan ari da bereziki zigortua izaten, izan ere, lau herrialdeen artean Bizkaia da langabetu kopuru handiena biltzen duena: 102.300 lagun.

• Langabezia eta pobrezia etengabean zabaltzen ari dira gure herrian. Hau ez da zorigaiztoa edo ekidin ezineko gertaera, hau krisiaren kudeaketa antidemokratiko honetan burutzen ari diren politika zehatzen fruitu zuzena da. Hartu den erreforma eta neurri antilaboralen bidea herritarrak pobretzen eta gure ekonomia suntsitzen ari da.

• Bizkaiko kapital handiak –Petronor, BBVA, Iberdrolak…- euren mozkinak lotsagabeki iragartzen dituzte lau haizeetara ekonomiaren berpizkundea datu horien atzean balego bezala eta, bien bitartean, gure herrietako kaleetan pobrezia zelan zabaltzen ari den ikusten dugu egunez egun.

• Botere ekonomiko eta politikoaren tandema Bizkaian da bereziki ikusgarria.

• Politiken norabidea errotik aldatu behar da. Aberastasun nahikoa sortzen dugu geure herrian denok duintasunez bizi ahal izateko. Arazoa da aberastasun hori gero eta injustuago banatzen dela eta gero eta poltsiko gutxiagotan pilatzen ari dela, krisia aitzaki. Arazoa da burutzen diren politika guztiak bide hori errazteko egiten direla. Eta burutzeko modua, jakina, langileoi bizkar emanda eta zuzenean eragiten diguten gaietan parte hartzea galaraztea daukate.

• Parte hartzeko uzten diguten modu bakarra kaleak betetzea eta mobilizatzea bada, kalean betetzen jarraituko dugu. Hortaz, LABek bat egiten du Bizkaiko langabetu asanblada ezberdinek bihar, hilaren 23an, Bilbon deitu duten manifestazioarekin, 12:00etan Arriagatik irten eta Eusko Jaurlaritza aurrean amaituko dena.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.

Greba mugagabean dauden ITASUAko langileei babesa erakusteko manifestazio jendetsua Bergaran

Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko...

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Pradales lehendakariari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde patronalari aurre egin diezaion eskatzeko

Gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzearen aldeko 145.000 sinadura jaso eta greba orokor arrakastatsu bat egin ondoren, LABen eta ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak ezinbestean gizartearen nahiari bide eman beharko lioke eta Imanol Pradales lehendakariak lidergo argia erakutsi beharko luke patronalaren zein PSE-EEren eta EAJren betoa gainditzeko.