2026-02-03
HomeEkintza Politikoa"Gernikan batzen garen eragileok luze baino lehen Euskal Preso Politikoen Kolektiboarekin harremanetan...

“Gernikan batzen garen eragileok luze baino lehen Euskal Preso Politikoen Kolektiboarekin harremanetan jartzea adostu dugu”

Gernikako Adierazpena sinatzen dugun alderdi, sindikatu eta eragileek , baikorki baloratu nahi dugu Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) lehenik modu pribatuan eta ondoren publikoki gurekin harremanetan jartzeko erakutsi duen nahia eta interesa. 
Garrantzia handikoa ikusten dugu Euskal Herrian abian den prozesuan EPPK ak egin dezakeen ekarpena, beste eragileekin batera. Eta beraz, EPPKak Gernikako Akordioa sinatzea eta bertako partaide izatea positiboki baloratuko genuke. Zenbat eta kolektibo, eragile gehiago batu, are eta indar handiagoa, abian den bake eta normalizazio politikoa gauzatzeko. Beste eragile politiko, sindikal eta sozialekin elkarlanean, EPPK.k prozesu honetan parte hartze aktiboa izan behar duela pentsatzen dugu. Hori da gure borondatea.

Zentzu honetan, Gernikan batzen garen eragileok luze baino lehen Kolektiboarekin harremanetan jartzea adostu dugu. Datozen asteotan EPPK-ko mintzakideekin aurrez aurre biltzea da gure asmoa, horretarako gure aldetik ordezkaritza jada zehaztu dugularik.

Bi estatuei eskaera luzatu nahi diegu ireki eta mantendu asmo dugun harreman iraunkor honetan oztoporik jarri ez dezaten. Presoei aplikatzen zaien sakabanaketa krudel eta legez kanpokoaren eraginez, milaka dira euren senideek astebururo ibili behar dituzten kilometroak. Oraingoan gu izango gara Huelvatik Bretainaraino bidea egingo dugunok. Horrela ibili beharra berez oztopoa da. Gernikako Akordioa sinatu dugun eragileok modu libre eta duin batean garatu nahi dugu EPPK-rekiko harremana. Eta horrela izan dadin eskatzen diegu bi gobernuei. Euren parte hartzea funtsezkoa bai deritzogu bake bide eta konponbide demokratikoak aurrera egin dezan. Hala suertatu baita munduan ezagutu ditugun jatorri politikoko beste gatazka batzuetan, kasurako Irlanda, Hegoafrika edo Palestina.

Gernikako akordioan jasotzen den euskal preso politikoei dagokien atala berrestu nahi dugu bestetik. Prozesu demokratikoa bururaino eramateak, gatazka politikoa konpontzearekin batera, euskal preso eta iheslari politiko guztien etxeratzea lehen bai lehen ekarri behar du . Bide horretan, une honetan espetxeetan ezarri diren muturreko egoerak gainditzeko urratsak eskatzen ditugu. Inongo xantaiarik eta baldintzarik gabe, gaixotasun larriak dituzten presoak askatu, kalean legez behar luketen presoak askatu, isolamendu politika eten eta bizi osoko zigorrarekin nahiz sakabanaketarekin bukatzea. Benetako amnistia helburu izanik, preso politikoen eta gizartearen beraren duintasunerako.

Egoera berri bat ireki da gure herrian, eta behar beharrezkoa da kartzela politika honekin bukatzea. Irekia den prozesuaren norabidean bi Estatuei eskaera egiten diegu bake bidea eta aterabide demokratikoak zailtzen dituzten neurriak bertan behera uzteko. Horien artean, euskal preso politikoei aplikatzen zaien espetxe politika.

Gernikako akordioa, 2011ko otsaila
 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Tubos Reunidoseko enplegu suntsiketa oro gaitzesten du eta enpresari zein erakundeei erantzukizunak eskatzen dizkie

LABek erabat gaitzesten du Tubos Reunidoseko zuzendaritzak Amurrioko eta Trapagarango lantegietan iragarritako EEEa. Ez dugu onartzen egoera koiuntural baten eta erabaki estrategiko okerren kostua langileei...

Euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatzeko exijitu du LABek administrazio publikoen aurrean

Hego Euskal Herriko administrazio publikoetan euskarak gaztelaniak dituen eskubide berberak izan ditzan aldarrikatu du LABek Bilboko, Donostiako eta Gasteizko administrazio publiko nagusien aurrean. Iruñean...

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...